Aste Nagusian ere euskaraz

Aste Nagusian euskararen erabilera areagotu nahi?

Kartela

Azken hogeita bi urteetan, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Aste Nagusiko hizkuntza tratamendua aztertu du. Azterketa horrek euskararen erabilera areagotzea du ardatz, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidezkoa iruditzen baitzaigu, uneoro euskararen erabilera eta egoera ezagutzea.

Garrantzitsua iruditzen zaigu eguneroko bizitzan euskararen presentzia bermatzea. Aldi berean, jai giroan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskararen erabilera suspertzea, euskal kulturarekin batera.

Hau horrela, aurten ere,  hizkuntza erabileraren neurketa egin nahi dugu eta horretarako herritarrengana zuzentzen gara laguntza eske. Ehunka dira Aste Nagusian antolatzen diren jarduerak eta behaketa ahalik eta osatuena egiteko ezinbestekoa dugu jendearen parte hartzea.

Egin beharrekoa oso erreza da:

   1. Aste Nagusiko jardueren zerrenda begiratu, aukeraketa egin eta gurekin harremanetan jarri bagera@bagera.eus helbidean edo 943005074 telefonora deituz. (Aukeraketa errazte aldera hiru modutan sailkatu dugu egitaraua:

Egunaren arabera: abuztuak 13, abuztuak 14, abuztuak 15, abuztuak 16, abuztuak 17, abuztuak 18, abuztuak 19, abuztuak 20.

Auzoka: Aiete, Altza, Amara Berri, Amara, Antigua, Donostiako badia, Bidebieta, Egia, Erdialdea, Gros, Loiola, Parte Zaharra eta Zuatzu.

Jarduera motaren arabera: antzerkia, Azoka, Folklorea, hainbat, haurrak, kirola, lehiaketa, musika, suak, zinea.

   2. Ikusten dituzun ekitaldietan zein hizkuntza erabili den kontuan hartu eta fitxa bete.

   3. Behaketa fitxa guri helarazi:

Posta elektronikoz bagera@bagera.eus

Posta arruntez: Bagera Elkarte, Hernani kalea 15, behea. 20004 Donostia.

Oharra:

Ostirala baino lehen (abuztuak 12) izena ematen duzuenen artean abuztuaren 19rako Bi izarren kalenturak antzezlanerako 4 sarrera bikoitz zozketatuko ditugu.


Beherapenak? Rebaixes? Rebajas? Soldes?…

Donostiako euskararen erabilera areagotu nahi dugu

%

Bagera Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten eta Donostiako euskararen normalizazioa helburu izanik  jendartea aktibatu nahi du Donostiako euskararen erabilera areagotu dadin. Hau horrela, herritarrek Donostiako espazio publikoetan zein paisaia linguistikoan ematen diren urraketen berri ematea da gure nahia aldaketak eman daitezen.

Aste honetan, Bagera Elkarteak, merkealdiak probestuz komertzioen erakusleihoetan erabiltzen den hizkuntza neurketa egin  du eta horretarako erdialdeko 3 kale nagusien behaketa egin du; Loiola kalean, Askatasunaren hiribidean eta Getaria kalean, hain zuzen.

3 kaleetan erabilitako hizkuntzaren trataera ezberdina izan da. Neurketa egiterako orduan honako banaketa kontuan hartu dugu: euskara hutsez, gaztelera hutsez, beste hizkuntza batean, bi hizkuntzatan (euskara eta gazteleraz), euskaraz + beste hizkuntza gehiagotan, gazteleraz + beste hizkuntza gehiagotan (euskara ez den beste hizkuntza). Hona hemen ateratako emaitzen azterketa:

Jarraitu irakurtzen…


Ideien I. Laborategia

Donostia euskaratik aktibatzen

Sortzeko, esperimentatzeko, frogatzeko, irudikatzeko, asmatzeko eta, batez ere, egiteko lekua dira

Ideien laborategia, euskaratik eta euskaraz abiatuko diren proiektuak sortzeko sorkuntza espazioa da. Bagerak 2016an 25 urte beteko ditu. Biziberrituz ospatu nahi dugu orain arteko ibilbidea, eta era berean, aurrera begirako jardunean jarraitzeko berpiztu, aldatu, freskatu eta ekin nahi dugu.

Aldaketa prozesuan gaude, berritze eta birziklatze garaian. Ibilbide berriari ekiteko, 25.urteurrena probestu nahi dugu eta, horretarako, deialdi irekia luzatu nahi dugu ideia berriak dituen eta esperimentatu nahi duen edonorentzat.

Helburua: donostiarrak aktibatzea.

Ideiak eta mezuak lantzeko laborategia 19:00etatik 20:30ak arte izango da uztailaren 20an Hernani kalea 15 behean.

Animatu eta parte hartu!


Hizkuntza erabilera Donostian

Hizkuntza erabilera Donostiako jaialdietan eta espazio publikoetan

Hizkuntza erabilera Donostian

Dakizuen bezala, Bagera Elkarteak, Donostiako Udalak antolatzen dituen zenbait jaialdien hizkuntza erabileraren neurketa egiten du. Neurketa hauen helburua euskararen erabilera areagotzea da.  Jaialdiak hauek euskararen egoeraren adierazleak izateaz gain, eragile ere badirela  uste baitugu. Antolatzaileek, egitarauan euskarari ematen dioten lekuak eragina izango baitu euskararen presentzian, eta ondorioz, erabileran ere bai.

Garrantzitsua da oso euskararen erabilera normalizatzea eguneroko bizitzan. Eta, era berean, gizarteari eskaintzen zaizkion aisialdirako kultur ekitaldietan euskararen presentzia areagotzea. Euskara hizkuntza ofiziala da Donostian eta merezi duen tokia eman behar zaio, jai giroan zein eskaintzen diren aisialdi ekintza guztietan ere presentzia izango duela ziurtatuz.

Neurketa hauek ahalik eta osatuenak egin ahal izateko, zuen laguntza behar-beharrezkoa zaigu. Udan bi jaialdi behatzen ditugu; Jazzaldia (uztailaren 20tik 25era) eta Aste Nagusia (abuztuaren 13tik 20era). Nola lagundu dezaket?

Egin beharrekoa oso sinplea da, aukeratzen duzun ekitaldira joan eta neurketarako prestatu dugun fitxa bete eta ondoren guri helarazi. Aldez aurretik, Bagera Elkartera deitzea (943005074) edo bagera@bagera.eus helbidera idaztea eskertuko genizuke. Ondoren, zurekin harremanetan jarriko gara zein kontzertu / ikuskizun / tailer / kirol ekintza … behatuko duzun zehazteko.

Bestetik, Jaialdiez gain, espazio publikoan egiten diren  hizkuntza-eskubideen urraketen bilketa jaso nahi dugu. Jendartea aktibatu eta urraketa horien berri ematea da gure nahia aldaketak eman daitezen.


Donostiako Piratek jaietan ere euskaraz

Donostiako Piratek jaietan euskaraz bizitzeko deia luzatu dute

Donostiako Piratak hasiak dira jaiak prestatzen eta “Jaiak egingo gaitu!” lelopean zenbait bideo labur argitaratu dituzte, sare sozialen bidez, euskaraz bizitzera dei eginez eta uztailaren 5ean Parte Zaharreko Arrano Elkartean 19:00etan egingo den batzarrera gonbidatuz.

Jaietan ere euskaraz bizi nahi dugulako zatoz!


Egin zaitez bagerakide

Nekazal etxe batean bi lagunentzako egonaldia lortzeko aukera

nekatur-baserria

Ekainaren 30a baino lehen bagerakide egiten bazara, opari esklusibo bat jasotzeaz gain, nekazal etxe batean bi lagunentzako egonaldia lortzeko aukera izango duzu Nekatur Euskadiko landa ostatuen eskutik.

Zergatik izan Bagerakide? Euskaraz bizi nahi dugulako. Hiri euskaldunagoa eraikitzeko. Euskaraz aritzeko espazioak eskaintzeko. Ideia berriak sortu eta esperimentatzeko aukera izateko. Donostiako ekitaldi nagusietan euskararen erabilera bermatu dadin eskatzeko. Euskaldunon hizkuntza eskubideak defendatzeko. Mintzalagunekin arituz euskararen erabilera areagotzeko. Hizkuntza ohiturak aldatzeko, hunkitzeko eta ekiteko! Sare honen parte izateko badira hamaika arrazoi.

OHARRA
Zozketa Gaztezulo, Irutxuloko Hitza eta Bagera elkarteko harpidetza egiten dutenen artean egingo da.


San Joan bezperako usadioak

emozio handiko jarduerak biltzen dituen gau magikoa

Sua3

Udako solstizioa ekainaren 21ean izan arren, erlijioaren eraginez, San Joan bezperan ospatzen da (ekainak 23).

Izakia izakia zenetik eta orain dela gutxi arte nekazaria izan denez, lurretik eta naturatik bizi izan da. Lurra ezagutu eta bere zikloak edo aroak betidanik ospatu ditu, hala nola, neguko solstizioa zein udako solstizioa kristautasuna iritsi zen arte.

Kristautasuna  indartuz eta zabalduz joan zen bitartean, jentil ohiturak (paganismoa), deabruaren eta sorginen gauza zela zabaldu zuten. Azkenean gau  hau sorgin eta gaueko izakiekin nahastu da.

Hala ere, mendez mende, eta belaunaldiz belaunaldi, festa honen tradizioa gorde izan dugu euskaldunok. Azkeneko urteotan, esan genezake, gorde ez ezik, indartu ere egin dela San Joan bezperan sua pizteko ohitura. Data honetan, eguzkiaren aroaren etorrera ospatzen da, hau da, udako solstizioa.  Urteko egunik luzeena eguzkiari eskaintzen zaio eta suak eguzkiaren ikurra bihurtuz gaua argitzen du, gau magikoa izanik.

Gau magiko honek, mito, errito eta emozio handiko jarduerak biltzen ditu haren ospakizunaren inguruan. Horietako bat; San Joan lore-sortena da. Euskal Herriko sorginen gaua zela-eta, San Joan lore-sortak egiten ziren, gaitzak uxatzeko, etxea babesteko edota urte osorako osasuna ziurtatzeko.

Ohitura zaharra berreskuratu nahian, aurten ere Bagera Elkarteak lore- sortak banatuko ditu Donostiako hainbat auzoetan.

San Joan lore-sorta

Jarraitu irakurtzen…


Izarrak Plazara talentu lehiaketa 2016

Izarrak Plazara 2016ko irabazleak

Izar distiratsuak, Potato Duet, Kimuak eta Lauazeta Zumba taldea

Ekainaren 18an Izarrak Plazara talentu lehiaketaren V. edizioaren finala ospatu genuen Intxaurrondo Kultur Etxean Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordearekin, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta Donostia Kulturarekin elkarlanean.

7 ikuskizun iritsi ziren finalera: Itxaso Trekuk, bakarlariak, Zea Maysen “Negua joan da ta” abestia kantatu zuen. Lagunekin dantzan taldeak, berriz, dantza ikuskizun bat eskaini zuen. 8 ikaslez osatutako taldeak akrobazia eta abilezia aparta erakutsi zuten oholtza gainean.  Ondoren, Izar distiratsuaken txanda iritsi zen. 11 urteko 5 neskek beraiek sortutako arrazakeriaren inguruko  obra bat antzeztu zuten. 4. ikuskizuna Emma Herrerarena izan zen. Herrerak pianoarekin lagunduta kanta bat hautatu zuen talentu lehiaketarako. Potato Dueten txanda izan zen jarraian. 17 urteko bikote gazteak irriak eta txalo ugari lortu zituen eskainitako antzezlanarekin. Talentu lehiaketaren azken aurreko ikuskizuna Lauazeta Zunba taldearena izan zen. 7 neskek 3 abestiz osatutako koreografia taularatu zuten eta  azkenik, Kimuak taldearen antzerkia izan zen ikusgai. “Eurobisionera goaz?” izenburua jarri zioten eskainitako antzezlari.

Guztiek talentu bikaina zutela argi erakutsi zuten taula gainean eta epaimahaikideek (Ainhoa Aierbe, Karlos Ngema eta Ane Bastida) beraien denbora hartu zuten 3 sariak aukeratzeko garaian.

Hona hemen epaimahaikidek aukeratutako 3 sarien irabazleak:

12 urte beherakoen 1 saria: Kimuak taldea

13-18 urte bitarteko saria: Potato Duet

Euskararen saria: Izar distiratsuak

Ikusleen saria, berriz, Lauaizeta Zumba taldeak irabazi zuen.

Zorionak guztiei!


Udako Mintzalagunak

Udako Mintzalagunen izen ematea zabalik

kartela-logogabe

Ohi bezala udan ere mintzapraktikarako taldeak osatuko ditugu uztailean eta abuztuan (25€), hilabete batean edo bitan. Ikasturteko funtzionamendu bera izango dute, astean behin ordu betez mintzapraktika egitea. Izen ematea ekainaren 1etik 24ra izango da, beraz, animatuz gero, galdetegia bete bidelari (Euskaraz bizitzeko ohiturarik ez, egunerokoan inguruan hitz egiteko aukerarik ez, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak) edo bidelagun (Euskaldun askok hizkuntzaren normalizazio prozesuari bere ekarpena egin nahi diote, euskaraz hitz egiterakoan zailtasunak dituztenei elkarrizketaren bidez lagunduz).

Beraz, udaran ere, jarri mingaina dantza!


Izarrak Plazara

Izarrak Plazara finalerako sailkatuak

Ekainaren 10ean Izarrak Plazara talentu lehiaketako sailkapena egin zen Intxaurrondo Kultur Etxean.

Izarrak Plazara talentu lehiaketa da. 2012an sortu zen Intxaurrondoko Plazara goaz elkartearen ekimenez. Gaur egun Bagera Elkarteak, Intxaurrondoko Plazara Goaz Elkarteak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dugu.
Lehiaketaren helburu nagusia gazteen sormen artistikoa sustatzea eta elkarrekin euskaraz ongi pasatzea da. Musika, kantua, dantza, antzerkia, txisteak, bakarrizketak, bertsoak, magia, zirku ikuskizunak… edo horien arteko konbinaketak.

Aurten 7 ikuskizun izan dira sailkatuak eta ekainaren 18an 17:30ean Intxaurrondo Kultur Etxean izango den finalean ikusi ahalko ditugu. Finala irekia  eta doakoa.

Izarrak Plazara 2016

Izarrak Plazara 2016

Izarrak Plazara 2016

Izarrak Plazara 2016 Izarrak Plazara 2016 Izarrak Plazara 2016 Izarrak Plazara 2016 Izarrak Plazara 2016


Gipuzkoa Zutik!

Hizkuntza irizpide eredugarri

GipuzkoaZutik3

Azken asteetan herritar ekimen berri bat sortu da; Gipuzkoa Zutik! ekimena hain zuzen. Ekimen honen helburua Zubietako Erraustegia ikur hartuta egungo eredu politiko-ekonomikoaren aurka ahalik eta herritar gehien biltzea, eta eredu horri alternatibak bilatzea da. Horretarako, Gipuzkoa Plaza eta Donostiako beste txoko batzuk hartu dituzte aldarrikapen gune gisa.

Erraustegiak eragingo dituen “kalte edo onura”ren auzia alde batera utzita Bagerak Gipuzkoa Zutik!  ekimenak hizkuntzari ematen dion trataerari eskaini dio arreta. Izan ere, argi utzi dute hasieratik antolatu diren batzarretan euskara izango zela erabiliko den hizkuntza, eta ez hori bakarrik, edonork gaztelerara itzulpenik beharko balu itzulpena egiteko prest dagoen jendea nor izango den galdetzen da batzar guztien hasieran.  Momentuan prest daudenek eskua altxa eta itzulpena behar dutenek boluntario horiengana jotzen dute informazioa gazteleraz jasotzeko.

Horretaz gain, euskarak informazio idatzian lehentasuna du eta euskarri askotan euskara bakarrik erabiltzen da. Adibide horietako bat da memeena. Sare sozialen gorakadarekin, gero eta gehiagotan erabiltzen dira idatzizko mezuetan adierazgarritasuna areagotzeko formatu honetako irudiak baina tamalez gehienak gazteleraz izan ohi dira.  Ekimen honetatik sortutako memeak, berriz, euskaraz sortuak izan dira.

Gipuzkoa Zutik! Ekimenak erabaki irmoa hartu du hizkuntzarekiko eta euskara normaltasunez erabiltzea lortu du bere jardueran. Hori zoriontzekoa da eta Bagera Elkarteak uste du bide horretatik jo behar dugula. Horrelako esperientziak kontuan hartu eta normaltasunez zabaldu  behar dira eredugarriak diren praktikak beste esparruetara. Praktika horiek hedatuz pauso garrantzitsuak emango dira euskararen biziraupenean.

Hona hemen batzarren hasieran markatzen diren arauak


Antiguako Aek-k egoitza berria du

inaugurazioaren baitan zenbait jarduera izango ditugu

Antigua

Antiguako Aek-k egoitza berria du Erregezainak 22. zenbakian eta inaugurazioren baitan zenbait jarduera antolatu ditu Bagoaz bagatoz leloaren baitan.


Samiak Donostian

Samiak

Ekainaren 1etik 5era 28 lagun sami datoz. “Non-fiction Sami writers” elkartekoak dira, eta denek samieraz dihardute.

Duela lau urte ere Euskal Herrira etorri ziren, orduan Bilbon egon ziren ia astebetez, eta saiatu ziren euskararen unibertsoa erakusten.

Aurten Donostiara datozela-eta, interes handia daukate bertako jendearekin egoteko, elkar ezagutu eta harremanak lantzeko. Kontseilua eta Donostia 2016rekin protokoloaz hitz egingo dute, Garabiderekin ere egongo dira, eta ziur aski Mintzolara ere joango dira. Horretaz gain, Bagera Elkarteak Donostiako euskararen ibilbide gidatua antolatu du ostegun honetarako (ekainaren 2an) eta ostiralean (ekainaren 3an) afaria Egiako Arrano Elkartean. Afaria doakoa izango da baina plaza mugatuak izango direnez lehenbailehen izena eman behar da (izena emateko azken eguna asteazkena).


Kalean da Hitz Machine

Euskarriak proiektuko hiztegi-makina

Hitz Machine_web

Donostiako Autobus geltokian jarri berri dugu Hitz machine. Makina honek, oinarrizko 50 hiztegitxo lortzeko aukera ematen du, euskaratik beste 50 hizkuntzetara eta euskaratik beste 50 hizkuntzetara.

Hitz machine Bagera elkartea  Donostia 2016rekin batera, garatzen ari den eusKarriak proiektuaren fruitua da. EusKarriak euskarri ezberdinetan oinarritutako hainbat egitasmo biltzen dituen proiektua da. Europa eta Donostiako hizkuntza aniztasunaz gain, Donostiako euskararen egoeraren errealitatea ikusaraztea du helburu.

Herritar talde batek diseinatu eta garatu du makina azken hiru hilabeteetan M-Etxea kolektiboko bi kideren gidaritzapean Tabakalerako Hirikilabsen. Hiztegietarako datu-basea Topagunearen Hiztegitxoei esker osatu ahal izan da.

Jarraitu irakurtzen…


Donostiapedia proiektua

Donostiapedia proiektua herrikoia eta partehartzailea

donostiapedia

Donostiapedia proiektuaren helburua, Interneten dagoen Donostiari buruzko informazioa gehitzea, eta Donostiari buruzko liburu bat idaztea da. Herrikoia eta parte hartzailea izango den liburu bat egin nahi da eta gure hiriaren inguruko ahalik eta gai gehien tratatu nahi dira: kirolak, elkarteak, auzoak, kultura, kale izenak, pertsonaiak, eraikinak, arkitektura, ekonomia… Horretarako tresna ezin hobea da Wikipedia, entziklopedia askea eta kolaboratzailea.

Jarraitu irakurtzen…


Izarrak Plazara talentu lehiaketa

Izarrak Plazara izen ematea zabalik

Izarrak Plazara talentu lehiaketa

Aurten, Izarrak Plazara lehiaketaren 5. edizioa izango da. Aurreko lau urteetan egindako lanaren ondorioz, lehiaketa geroz eta hedapen handiagoa lortzen ari da eta aurten Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak ere antolakuntzan parte hartuko du Intxaurrondoko Plazara Goaz Elkartearekin, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta Donostia Kulturarekin batera. Lehiaketaren helburu nagusia gazteak elkarrekin euskaraz ongi pasatzea da, eta sormen artistikoa sustatzea 18 urte bitarteko gazteentzat.

Bi kategoria egongo dira:  8-12 urte eta 13-18 urte bitartekoak. Sormen artistikoaren edozein diziplinatan gazteek, taldean edo bakarka, euren abileziak erakusteko aukera izango dute.

Ekainaren 10ean, arratsaldeko 17:00etan hautaketa proba egingo da Intxaurrondo Kultur Etxean eta epaimahaiak hautatuko ditu ekainaren 18ko finalera pasako diren 6 taldeak.

Jarraitu irakurtzen…


Auzotik auzora euskara badabil

Beren toki propioa izango dute Donostiako auzo eta herriek

mapa-donostia (2)

Donostiako auzo eta herriek beren toki propioa izango dute Bageraren webgune berrian

Batetik, bertan, Donostiako auzo eta herrietako euskara batzordeei buruzko informazioa topatu ahal izango da. Bestetik, antolatzen dituzten ekintzen berri izateko aukera egongo da. Agenda batean bilduko dira antolatutako ekintza guztiak.

Bagera Elkartea, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak kontratatuta, auzoetako euskara batzordeen dinamikan lagundu eta sustapen lana egiten du.

Euskara batzordeak tokian toki ezaugarri eta izaera desberdina dute, baina helburu berbera dute guztiek. Bizi diren eremuan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea. Martxa onean ari dira denak eta euren dinamikaren berri izateko, eta egiten dituzten ekintzak partekatzeko aukera paregabea izango da atala.

Jarraitu irakurtzen…


Garenak x2

Bazkide kanpaina abian

Garenak x2

2016ko abenduan 25 urte beteko ditu Bagerak. Hori abiapuntu bezala hartuta, aldaketarako urtean dago elkartea. Irudia eta webgunea berritu ditugu, eta Bagera berritzen jarraitu nahi dugu, denon artean.

Bagerak egiten duen lana beharrezkoa da eta elkartea sendotzen jarraitzeko bazkide berriak behar dira. Bazkide zaretenok lan honetan zuen ekarpena ere egin dezakezue. Nola? Hasteko, modu erraz batean, ekarri bazkide berri bat elkartera! Oraindik bagerakide ez diren lankideak, auzokideak, lagunak … animatu itzazue elkarteko bazkide egitera. Bakoitzak opari esklusibo bana jasoko duzue gainera: Bagerako katilu edo poltsa berria aukeran.

GUK, NORK BESTELA!

Jarraitu irakurtzen…


bagera.eus webgune berria

webgune berri, garaikide eta bizkorra Donostiako euskaltzaleentzat

featured-image-webgunea

Ongi etorri Bageraren Webgune berrira

Bagera Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten eta bere 25. urteurrenaren atarian, dituen eremuetan birsortzeko eta berrasmatzeko beharra sentitzen dugu. Izatetik, egitera pasa nahi dugu. Hori dela eta, aurten, aldaketa prozesua martxan jarri dugu; elkartearen oinarriak sendotu, freskatu eta egungo errealitatera egokituz.

Jarraitu irakurtzen…


Top