Zubideiak 2

ZUBIDEIAK GUNE IREKIA: Euskara desberdin bizi, erabili eta sentitzen dutenen arteko ariketa soziala.

2018an, ZUBIDEIAK 2 egin nahi dugu Urriaren 20an Donostian. Euskara, Aniztasuna eta Elkarbizitza gaia hartuta “Bizi euskara zure erara. Zuk nola bizi duzu?” izango da hitz egiteko bide emango digun galdera eta hortik sortzen zaizkigun guztiak: Ze jarrerek laguntzen digute hizkuntza zubiak sortzeko? Nola egin elkarrekin zubiak sortzeko? Nola egin euskara gure? Eguneroko harremanetan hizkuntzak zubi? Euskaradun ez diren pertsonak nolako harremanak dituzte egunerokotasunean euskararekin?…

Zergatik Zubideiak?

Gizarteak aldaketa asko izan ditu azken hamarkadetan, inoiz baino anitzagoa da gure herria, inoiz baino hizkuntza gehiago entzun ditzakegu gure kaleetan, 100 baino gehiago, diote. Denon hizkuntza den euskara bidegurutzean dagoela esaten da maiz, bidegurutzean egoteak bide berriak ekiteko aukerak ematen dizkigu. Euskararen garapena gizarte osoaren ardura dela sinistuta gaude; baita ere aniztasunak aberastasuna eta aukera berriak ematen dizkiola gizarteei. Baina batzuetan zaila da bata bestea bidean topatzea eta horretarako guneak eta uneak sortzea, ahots anitzak entzuteko aukera izatea eta elkarrizketan jartzea oso garrantzitsua beharrezkoa da.

Gune irekia

Gizarte elkarrizketa hau bideratzeko Gune irekien metodologia erabiliko dugu aurrekoan bezala, izan ere, metodologia honek parte hartzaileen interesak, galderak eta kezkak jartzen ditu erdigunean, parte hartzaileek beraiek baitira eguneko agenda, hau da jorratuko diren gaiak, osatzen dutenak; baita hortik ateratako proposamenak ere. Saioa bukatzerakoan gainera, egunak eman duen guztiarekin txostena osatuko da eta parte hartzaile guztien eskuetan jarriko da.

2016an ia 100 lagun bildu ginen Leioan Euskara, Aniztasuna eta Elkarbizitzaren inguruko gizarte eztabaida, aske, anitz eta aberats batean. Bertan, esparru ezberdinetako eragile eta norbanakoak aukera izan genuen, Gune Irekien metodologiaren bidez gure ilusioak, kezkak, iritziak eta bizipenak partekatzeko eta elkarrizketa horren bidez gure ikuspegia zabaltzeko. Gizarte elkarrizketa horri ZUBIDEIAK deitu genion. Zubideiak-en hasitako ikasketa ibilbidea merezi duela sinistuta gaudelako bidea jarraitu nahi dugu eta zu izan nahi zaitugu bidelagun.

Zubideiak-en txostena euskara, aniztasuna eta elkarbizitza eta bizikidetzaren arteko harremanari buruzko lagin erreal bat da, bi arrazoirengatik: elkarrizketa honetan parte hartuko duten pertsonen izaera anitzagatik, gizartearen lagin bat izatea bilatuko da. Eta bestetik, elkarrizketa bera gauzatzen den moduagatik, modu irekian proposamen itxiak eraman gabe. Ezberdintasunetatik abiatuta, jarrera kolektiboa indartzen du gizarte elkarrizketa honek.

Horrez gain, Zubideiak laborategi bat izango da, hizkuntza praktiken laborategia, izan ere euskaraz, gaztelaniaz eta fratsesez gutxienez gauzatuko da. Pertsona bakoitza erosoen sentitzen den hizkuntzan hitz egin ahal izateko praktika berriak bilatuko dira.

Taldean antolatzen

Emigrados Sin Fronteras, Garabide, Bagera eta Euskaltzaleen Topagunea gara ekimen hau bultzatzen ari garen eragileak. Hala ere, beste erakunde eta lagun ahalik eta gehienak gehitzea nahiko genuke.

Zubideiak 2 saio horretan gizartearen ordezkaritza zabala nahi genuke bildu, 100 eta 150 pertsona artean, “euskara, aniztasuna eta elkarbizitza” modu eta ikuspegi ezberdinetik bizi duten erakundeen ordezkariak eta pertsonak. Iritziak partekatu, entzun eta ezagutzeko aukera paregabea emango digu.

Hau lortzeko zuen laguntza behar dugu, ekimena zuen inguruko elkarte, erakunde eta norbanakoen artean zabaltzeko eta noski, egunean bertan ekimenean parte hartuz.

Izen ematea hemen

Informazio gehiago eskatzeko idatzi gure emailera; zubideiak2@gmail.com

URRIAK 20 Donostiako Miramar Jauregian elkar ikusiko dugulakoan, besarkada handi bat!

Erantzun bat utzi

XHTML: Tag hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

Top