Mikel Laboa Plazaren inaugurazioa

Abenduaren 1ean, Mikel Laboaren heriotzaren 10. urtemugan, sortzaile donostiarraren izena eramango duen plaza inauguratuko dute. Antiguak kantuz oroituko du Laboa, bere omenez antolatuko duten ekitaldi berezian.

Goizean hasiko da ospakizuna, hamaika eta erdietan, Gaskonia plazan, txistulariekin eta kantujirarekin. Handik abiatuko dira Mikel Laboa plazaraino, eta han, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi bertsotan ariko dira. Ainara Ortega eta Iñaki Salvador musikariak ere ariko dira zuzenean. Donostiako Zurartean txalaparta eskolak eta Luberri abesbatzak ere parte hartuko dute.

Ekitaldiaren ondoren kantu bazkaria egingo dute Txirain elkartean. Izena eman daiteke Txirain.eus webgunean eta 943312854 telefono zenbakian.

Gehiago irakurri Irutxuloko Hitzan


Mintzalaguna egitasmoak 25 urte

Gaur egun 400 lagunetik gora biltzen dira astero Donostian

Ikasturte honetan 25 urte beteko dira lehen mintzalagun taldeak martxan jarri zirenetik. Donostiako Bagera elkarteko kideek sortu zuten egitasmoa, eta ordutik Euskal Herrian barrena hedatu dira mintzalagun, berbalagun, solaslagun zein mintzakideak. Duela 25 urte, dozena bat lagun hasi ziren Donostian, eta gaur egun 400 lagunetik gora dira astero hirian euskaraz aritzeko elkartzen direnak. Euskal Herrian, guztira 7.500 mintzalagun daude 120 herri eta hirietan.

Urteurrena ospatzeko, azaroaren 23an 19:00etan, Euskaraldia ekimenari hasiera emango dion ekitaldian, leku berezia eskaini nahi diogu Mintzalaguna egitasmoari Bulebarrean jarriko den karpan.

Ekitaldi berezi honen ondoren, luntxa izango da.



Top