San Joan bezperako usadioak

San Joan lore-sortak

Udako solstizioa ekainaren 21ean izan arren erlijioaren eraginez San Joan bezperan ospatzen da (ekainaren 23an). Euskal mitologiaren arabera gau berezia da, (suarekin ospatzen da, garbitasunaren ezaugarri) eta magikotasun kutsua izanik mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi zabaldu da. Euskal Herriko sorginen gaua zela eta, gaitzak uxatzeko, etxea babesteko eta etxekoen osasuna ona izan zedin, San Joan lore-sortak egiten hasi ziren.

Ohitura zaharra berreskuratu nahian, aurten ere BAGERAk lore-sorta hauek banatuko ditu Donostiako hainbat auzotan (Aiete, Antigua, Bidebieta, Egia eta Sagues).

San Joan lore-sorta

San Joan sorta San Joan bezperan jasotako hainbat landareekin osatzen da eta aurten lore-sortak egiteko behar diren zenbait osagai Uliako lore-baratzetan landatu ditugu auzolanean.

Sorta osatzeko honako irizpideak jarraitu behar dira:

– Usaina duen lorea, arrosa edota mihilua (Foeniculum vulgare) izan daitezke adibidez.

– Uzta ona izateko fruitua ematen duen landarea, adibidez, garia, arto landarea, babarrun hostoa, patata hostoa … Etxeko uzta oparoa izan dadin.

– Basoko landareak:  garoa, lizarra …

– San Joan Lorea: Gipuzkoan bereziki bitxiloreari deitzen zaio (Leucantenum), baina garai honetan loratzen den edozein ere izan liteke.

– Gipuzkoako herri askotan erramua erabiltzen da osagai magiko-erlijioso garrantzitsu bezala.

Irizpide hauek kontuan hartuta osatu behar da sorta. Sorta honek naturaren indarra jasotzen du eta babestu egiten gaitu. San Joan suaren ondoren urte osoan zehar etxean gorde behar da.  Ohitura zaharrei jarraituz, sorgin eta izpiritu txarrengandik babestu egingo gaitu. Ekaitz handiren bat egongo balitz, sortaren zati bat erretzearekin, etxea babestuko genuke. Urte osoan etxekoen osasuna ona izango da. Hurrengo urteko Sanjoanetan, sorta hau ekarri, sutara bota, eta berri bat egin behar da. Zaharra erre egiten da, berria jaio dadin, eta berriari indarra emateko. Txingarra eta kea elementu garbitzaileak dira. Udako solstizioaren inguruko ohituretan haurrek indar handia izan dute, berrikuntzaren ikur dira.

Udako solstizioaren inguruko beste hainbat  ohitura:

– Ohiturak dioenez, ura iturritik ateratzean eguzkiak eman behar dio, beraz, gauez ezin da urik edan (ura edateko txingarra erabiltzen zuten). Salbuespena sanjoan bezpera da, suaren ondoren eta egunsentia baino lehen ura edan behar da, gau horretan urak indar gehien hartzen duen garaia baita. Garai batean gau horretan zapi bat busti eta horrekin gaitza zuten gorputzaren atalean bustitzen zuten sendatzeko.  Aipatzekoa da gau horretan ere, egunsentia baino lehen ihintza zapaltzeko ohitura.

– Erretzen dugunean gure barneko alde txarra erre egiten dugu eta heriotza horretatik haur gisa jaiotzen gara. Paper batean nahi duzuna idatz dezakezu eta  sanjoan suan erre.

– Sanjoan bezperako beste ohitura bat etxeko atarian sanjoan loreekin marrazkiak egitea zen.

(Daniel Maria Perez Altamira Aranzadiko kideak emandako informazioarekin osatua).

Auzoetako San Joan bezperako egitarauak:

Aiete, Antigua, Bidebideta, Egia, Intxaurrondo, Martutene, Parte Zaharra, Sagues

 

Erantzun bat utzi

XHTML: Tag hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

Top