Euskaraldia, hezkuntza sektoreko bilera espezifikoa

Martxoaren 19an 17:30-19:00 Euskaltzaindian

Pasa den otsailaren 27an egin genuen Donostian Euskaraldia antolatzeko lehen bilkura. Bertaratu ziren ikastetxe eta guraso elkarteetako kideek Euskaraldiarekiko adierazi zenuten interesa dela eta hezkuntza sektoreko bilera espezifikoa egingo da martxoaren 19an.

Herritarrak aktibatuta, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko helburua du Euskaraldia dinamikak. Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da, eta, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, Euskaraldia, 11 egun euskaraz gauzatuko dugu Euskal Herri osoko hainbat herri eta entitatetan.

Donostian ere ariketa sozial hau martxan jartzea da gure asmoa.

Horretarako, Euskaraldiak elkarlana du ardatz; elkarlana, tokian tokiko eragileen eta lurraldez gaindikoen artean, norbanako euskaltzaleen eta erakundeen artean, eta baita mota guztietako entitateen artean ere. Izan ere, guztiok dugu egitekoa euskararen erabilera areagotzeko, guztiok dugu ahalmena eta ardura partekatua da: entitateena eta norbanakoena.

Donostian herri ekimenetik abiatutako egitasmo hau koordinatzeko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Bagera, Donostiako euskaltzaleen elkarteak osatzen dute talde motorra. Hala ere, ezinbestean bestelako entitate, elkarte, erakunde zein mugimenduren parte hartzea ezinbestekoa izango da.

Berebiziko garrantzia izango dute hezkuntza komunitatean lanean diharduten agenteek. Langile, irakasle nahiz eskolaz kanpoko jardueretako hezitzaile, jantokiko hezitzaile, garbitzaile edo familiako kide, bakoitzak paper garrantzitsua jokatuko dute Euskaraldian. Horregatik, elkarren artean harremanetan jarri eta Donostiako hezkuntza-eremuan zer egin daitekeen partekatu eta koordinatzeko bilkurara bertaratzeko deia luzatzen dizuegu.
 
Martxoaren 19an 17:30-19:00  Euskaltzaindian (Luis Villasante Euskararen Ikergunea)

Informazio gehiago behar izanez gero, donostia@euskaraldia.eus helbidera, Bagera, Donostiako euskaltzaleen elkartera edo Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzura jo dezakezue.

Bilerara etortzeko asmorik baduzue aldez aurretik abisatzea eskertuko genuke helbide berean.

Erantzun bat utzi

XHTML: Tag hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

Top