Euskal lokuzioen tailerra

euskarazko lokuzioak ezagutzeko eta lantzeko aukera

Gaztelerazko esamoldeetara jotzeko ohitura baduzu, euskara jatorrean nola esan ikasteko euskal lokuzio tailerra antolatu du Bagera Elkarteak. Urriaren 10ean hasita (asteartero) 18:00etatik 20:00etara izango da urriaren 31a arte eta Joxerra Garzia izango da ikastaroaren emailea.

Euskaldun ez ezik euskaltzale ere bagara (bagera), eta euskaraz bizitzeko borondate irmoa dugu. Saiatu ere saiatzen gara alde eta aldioro euskaraz jarduten, eta horretarako sortu zen, hain zuzen ere, Mintzalaguna ekimena.

Bidelari nahiz bidelagun izan, ordea, aitortu beharko dugu sarri motz eta kamuts zaigula euskara. Jakinarazi nahi duguna jakinarazteko bai, baina hortik gorako ezer gutxiago baliatzen zaigu hain maitea dugun hizkuntza gurea. Eta, jakina, euskarazko hiztun elebakarrik ez dagoenez, beti hortxe dago erdarara jotzeko tentazioa, erdaraz errazago moldatzen baikara benetan axola duten gauzak egiten. Batetik, solaskidea liluratu, kontsolatu, gogatu, ziria sartu, iraindu, amorrarazi; bestetik, geure burua lasaitu, adoretu, emozioak sublimatu…

Izugarri hazi da euskararen ezagutza azken aspaldion. Euskararen erabilera, aldiz, ez hainbeste, eta beldur naiz horrek horrela jarraituko duela harik eta denon artean euskara behar bezala zorrozten ez dugun bitartean. Mitxelena zenak zioen bezala, hizkuntza eta aizkora berdin ebaluatu behar dira: ebakitzeko balio badute dira onak. Eta, ebakiko badute, zorroztu beharra dago, noski.

Horixe da ikastaro/mintegi honen helburua. Ameskeria litzateke pentsatzea zortzi orduko jardunean euskara guztiz zorroztea lortuko dugula. Espero dut, ordea, mintegian parte hartzen duzuenoi euskara zorrozten jarraitzeko modu bat, sistema edo arrasto batzuk eskainiko dizkizuedala, sekula amaitzen ez den zorrozte lanean jarraitu ahal izateko.

Ikastaro/mintegiari, labur beharrez, “Euskal lokuzioen tailerra” deitu badiogu ere, ez gara lokuziogintzara mugatuko, lokuzio egokirik eza ez baita euskararen bizitasun faltaren sintometako bat baizik.  Izan ere, lokuzioetan bezala beste hainbat kontu garrantzitsutan ere nabarmen kamuts dugu euskara. Besteak beste, izenlagunen errepertorioan, hitz elkarte eta konposatuetan, tradiziozko erreferentzien ezagutzan, erregistro desberdinak lantzeko garaian (bereziki erregistro ez-formaletan), eta beste askotan.

DATAK: Urriaren 10etik  31ra asteartero.

ORDUA: 18:00etatik 20:00etara

TOKIA: Bagera Elkartean

DINAMIZATZAILEA: Joxerra Garzia

Izen-emate epea: irailaren 28ra arte (kopuru mugatua da).

Izena emateko: Bagera Elkartean

Telefonoa: 943005074

e-posta: bagera@bagera.eus

Prezioa: 15 euro (bazkideak 10 euro)

Erantzun bat utzi

XHTML: Tag hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

Top