Europako Hizkuntzen Mapa

Brontzezko Europako Hizkuntzen Mapa berria aurki kalean

Parte hartze prozesu baten ostean Bagerak 2016ko hiriburutzarekin batera elkarlanean egin zuen EusKarriak proiektuan kaleratu zen lehen instalazioa egurrezko Europako Hizkuntzen Mapa izan zen. (2016ko martxoaren 10ean jarri zen Nestor Basterretxea plazan hain zuzen).

Donostian hitz egiten diren 101 hizkuntzetatik europarrak diren hizkuntzei erreferentzia egiten zien mapa horrek. Mapa horretan irudikatzen zena, CIEMENek landutako eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak (EHU) eguneratu eta Euskal Herrira ekarritakoa zen.  Hizkuntza horiei Donostian tokia emateko modu bat zen mapa hori, aitortzeko modu bat.

Harrera oso ona izan zuen hirian Mapak eta jende askorengan eragina izan zuen, bai bertako hiritarrengan zein kanpotarrengan ere. Hizkuntza aniztasunak duen garrantzia azpimarratzeko euskarri esanguratsua bilakatu zen.

Urtebeteko iraupena zuen proiektuak hasieratik, eta hala, urte baterako baimena jaso zuen instalazioak. Baina denbora pasa ahala, ikono bihurtu zen hirian Europako Hizkuntzen Mapa eta, horregatik, Bagera elkarteak mapa bere tokian mantentzeko eskaera luzatu zion Udalari. Udalak, ordea, ez zuen behar zen momentuan maparen legatua jasotzeko eskaerarik jaso eta, ondorioz, beste eskultura bat jartzeko eskaerari esleitu zion horma hori.

Mapa kenduko zutenaren berria zabaldu zenean, Mapa zegoen tokian uzteko eskaerarekin bat egin zuten herritar askok eta Bagera elkarteak hainbat esparrutan lanean ari diren eragileen babesa eta elkartasuna jaso zuen. Sare sozialetan ere mapa zegoen tokian mantentzearen txio eta mezu ugari zabaldu ziren.

Horregatik, Bagera Elkarteak, ikono bihurtu zen eta hizkuntzen elkarbizitza eta aniztasuna ardatz zituen Mapa leku berean mantentzea ezinezkoa zen arren, Maparen erreplika bat egiteko proiektua diseinatzeko konpromisoa hartu zuen. Udalak proiektua onartu eta  hiriko toki esanguratsu batean jartzeko interesa adierazi zuen.

Apiriletik bide hori jorratzen aritu gara Udalarekin elkarlanean, eta egun, Iñaki Rifaterrak eta Manex Izagirrek diseinatutako brontzezko Europako Hizkuntzen Mapa Tabakalerako albo batean jartzea erabaki da.

Bagera elkartetik eskerrak eman nahi dizkizuegu proiektuarekiko atxikimendua eta babesa eman duten herritar guztiei.

Erantzun bat “Europako Hizkuntzen Mapa”

Erantzun bat utzi

XHTML: Tag hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

Top