“Donostiako audiogidak” aurkezpena

“Donostiako idazleen urratsen atzetik ibilbidea” bisita gidatua

Otsailaren 12an, igandean, “Donostiako Audiogidak”  aurkezteko ibilbide gidatua antolatu du Bagera Elkarteak.

Hizkuntzen inguruko sentsibilizazioa eta hausnarketa eragiteko asmoz, 2016an zehar Bagera Elkartea 2016 fundazioarekin elkarlanean, Euskarriak proiektuan murgilduta egon da. Hainbat euskarri diseinatu genituen parte hartze prozesu baten bidez, horien artean “Donostiako Audiogidak” proiektua.

Mapa batean 4 ibilbide kokatu dira euskararekin, memoriarekin, hizkuntza-aniztasunarekin edo kulturarekin lotutakoak, eta ibilbide horietan zehar hainbat puntutan audio-azalpenak entzuteko aukera dago. Hauek dira sortutako lau ibilbideak:

  1. Amara, Donostiako banbalina ezezagunak (Egilea: Ernest Lluch liburutegia).
  2. Donostiako euskal idazleen urratsen atzetik (Fito Rodriguezen laguntzari esker).
  3. Donostiako hizkuntzak historian zehar (Mikel Zalbideren azalpenetan oinarritua).
  4. Euskararen Donostia (Euskararen Historia txikia Donostian, Koldo Izagirreren liburuan oinarritua).

Audioak hainbat hizkuntzatan entzungai daude (euskaraz, gazteleraz, katalanez, galegoz, frantsesez eta ingelesez).

Proiektu honen aurkezpena egin asmoz, otsailaren 12an, goizeko 11:30ean, bi orduko ibilbide gidatua antolatu dugu Tabakaleratik hasita “Donostiako idazleen urratsen atzetik ibilbidea” erakusteko.

Ez dugu egingo mapa interaktiboan dagoen ibilbide zehatza, ibilbide hori nahiko luzea delako, baina aproposa iruditu zaigu bertan azaltzen den edukia bestelako geldialdi batzuk eginez azaltzea. Audiogidak erabili ordez, ibilbide hori edukiz jantzi duen Fito Rodriguezek emango dizkigu azalpenak beste lagun batzuen laguntzarekin batera.

Noiz: Otsailak 12

Ordua: 11:30-13:30

Nondik: Tabakaleratik hasita

Gidaria: Fito Rodriguez

Antolatzaileak: Bagera Elkartea eta D2016

 

Erantzun bat ““Donostiako audiogidak” aurkezpena”

Erantzun bat utzi

XHTML: Tag hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

Top