bagera.eus webgune berria

webgune berri, garaikide eta bizkorra Donostiako euskaltzaleentzat

Ongi etorri Bageraren Webgune berrira

Bagera Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten eta bere 25. urteurrenaren atarian, dituen eremuetan birsortzeko eta berrasmatzeko beharra sentitzen dugu. Izatetik, egitera pasa nahi dugu. Hori dela eta, aurten, aldaketa prozesua martxan jarri dugu; elkartearen oinarriak sendotu, freskatu eta egungo errealitatera egokituz.

bagera-webgunea

 

Azken 25 urte hauetan lan handia egin dugu baina euskal gizartearen ezaugarriak eta beharrak aldatu egin dira, baita euskara beraren egoera ere. Ondorioz, euskararen normalizazioan lanean gabiltzan Elkartean sormena eta ideia berriak behar-beharrezkoak ditugu. Honen adibide garbia teknologia berrien kasua da eta Bagera Elkarteak, arlo honetan ere, eraberritzea erabaki du. Horren adierazle nagusia bagera.eus webgune berritua izango da.

Garapena eta diseinua bigara sortzaileen eskutik egin da. Diseinu berritzaile eta erakargarria izateaz gain, webgunearen azpiegitura teknikoa eta edukia ere aldatu egin dugu herritarrentzat irisgarriagoa eta erabilgarriagoa izan dadin. Bertan, Bagera elkartearen informazioa eskura izateaz gain, herritarren parte hartzea sustatu nahi dugu. Euskara guztion artean normalizatu behar dugun moduan, webgune hau ere guztion artean eraikitzea sustatzen dugu.

Kontzeptu aldaketa eta atal berriak

bagera.eus elkarteko lantaldeak berriak eta informazioa zintzilikatzen zuen webgunetik, parte hartzea eta elkarrizketa bilatzen duen topagune izatera pasa da. Modu anitz daude webgunean kolaboratzeko, bai foroetan parte hartuz, baita webgunean edukiak sartzen kolaboratuz.

Denda, Zerbitzuak eta Kolaborazioen atal berriekin jendearekin harremantzeko eta parte-hartzeko bide berriak irekitzen zaizkigu. Zure zain gaude, Bagera handiagoa egiteko.

Atalak

Aurkezpenean, bagera ezagutzeko bidai bertikal azkarra proposatzen dugu. Egitasmoak dira Bageraren funtsa eta modu argi eta erakargarrian eskaini ditugu, zeintzuk dira zure gogokoenak? Dokumentazioan, interesgarri izango zaizkizun hainbat eta hainbat hausnarketa, behaketa, buletinak, pertsonai esanguratsuak ezagutzeko aukera zure esku. Zerbitzuak eskaintzen ditugu euskararen erabilera, ezaguera eta honekiko motibazioa lantzeko. Dendan euskaratik sortutako produktu berritzaileak. Aukera paregabea opari dibertigarri bat egiteko!  Agendak bere atala behar du, beti hain dugu betea eta… Bagera elkarteak antolatutako jarduera eta Donostian euskararekin lotura duten ekimenak ere batuz. Kolaborazio modu ugari daude Bageran, eta norberari hoberen egokitzen zaiona aurkitzea erraza izango da hainbeste aukeren artean. Kontaktuan beti e(ra)ntzuteko prest!

Atalen-aurkezpena

Irudi aldaketa

Esan ohi den bezala, itxura ez da dena, baina gehienok identifikatzen dugu webgune zahar edo berri bat itxuraren arabera. Eta itxura hori elkartearen egitearen adierazle bezala ulertu ohi dugu; webgune itxura berriak, garaietara egokitzea eta berritzeko gaitasuna adierazi ohi dutelarik. Itxura garbia, azkarra, erraza, teknologikoa baina gertukoa eman nahi izan diogu bagera.eus webgune berriari. Zuria da nagusi, euskararen etxe berri honi argitasuna eta airea emanez. Elementuen arteko distantzia zabalak, nabigazioa errazten du eta gela handi eta eroso batean sartzen garenaren sentsazioa ematen digu.  Serifa gabeko tipografiak berriz, irakurterraza izateaz gain, garaikide itxura ematen dio guneari.
iphone-hiru-ereduak

Teknologia aldaketa

Azken teknologietan oinarritutako webgune bizkor eta arina. Ez gara sartuko hemen xehetasun teknologikoetan, baina esan daiteke web hizkuntza eguneratuak eta punta puntako teknologiak erabili direla webgune berri honen eraikuntzan.

Umore ona zabaltzen

25. urteurrena Bagera birpentsatzeko aukera paregabea suertatu zaigu.
Umore ona zabaltzen laguntzen duten jarduera eta harremanen bidez, euskararen esparrutik komunikazioa, hizkuntza eta kulturan eraginez gizarte berrikuntza sustatzen du Bagerak. Bagera jendeak egina da, gertukoa. Egitasmoetan freskotasuna nagusi, esperientziak emandako profesionaltasunaren gainetik gauza berriak egiteko ausardia dago.
Aniztasuna, saretzea eta aktibatzea ideia gakoak izanik urteak pasa ahala, gaztetuz doa elkartea.
Honen adierazle izango da baita ere, bigararekin elkarlanean sortutako ikus identitate berria, 25 bagerakidek idatzitako alfabetoak hibridatuz sortutako logotipo eta sistema grafiko dinamikoa.

bagera-logo

Erantzun bat “bagera.eus webgune berria”

Erantzun bat utzi

XHTML: Tag hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

Top