Anabitarte Irazu, Agustin

Agustin Anabitarte Irazu

Euskal idazleen artean ezezagunenetakoa izango da ziur aski Agustin Anabitarte «Anabi». Donostian jaioa zen, 1891ko azaroaren 20an. Gaztetan merkataritza ikasketak egin zituen bertan, eta bide horretatik izan zuen baita ere ogibidea.

Zaletasuna, ordea, idaztea izan zuen gaztetarik. Hogeita hamalau urte zituela, 1923an bere lehen liburua kaleratu zuen, Neska-mutilleri dirua aurreratzen erakusteko; bi urte beranduago, 1925ean Antziñako Olinpiar Jolasak.

Dena dela, Anabitarteren obra nagusiak eleberriak izan ziren: Usauri, Euskaltzaindiko Schuchardt saria 1929an; Donostia, sari berbera lortu zuena 1932an; Poli, 1958an argitaratua, Anabitartek 69 urte zituela. Esan daiteke nobela horietan Donostiaren erakusle eta aztertzaile zorrotza agertzen dela.

Bidai kronika bat ere argitaratu zuen Aprika’ko basmortuan izenekoa 1961ean; Algeriako basamortuan barrena egindako txango baten berri ematen du. Izan ere, Anabitarte oso argazkizalea zen, eta han-hemenka ibili ohi zen argazkiak egiten. Batzuetan, argazki horiekin erakusketak ere egin izan zituen.

Erdaraz Patrones y capitanes de yates izeneko liburua argitaratu zuen 1958an.

Bizitza luzea izan zuen Anabik; Donostian hil zen 1981ean, laurogeita hamar urte bete gabe zituelarik.


Etxaide Lizasoain, Inazio Maria

Inazio Maria Etxaide Lizasoain

Donostian jaio zen 1884ko abenduaren 1ean, Kale Nagusiko lehen zenbakian. Gurasoak Inazio Etxaide Etxebeste ziburutarra eta Pilar Lizasoain Minondo lezotarra izan zituen. Haren bizitzaren gora-beheren berri zehatza daukagu: Yon Etxaide Itharte haren semeak liburu eder bat idatzi zuen 1971n Etxaide jauna izenburuaz. Hortik hartu ditugu, gehienbat, ohar hauek; bertan, biografiarekin batera, Inazio Maria Etxaidek egindako euskal izkribu asko ere bildu zituen.

Batxilerra etxean ikasita, industri ingeniari ikasketak egin zituen Bilbon; 1906an ikasketak bukaturik, hurrengo urtean hasi zen katastro lanetan Gipuzkoako Foru Aldundian. Orduan hasi zen, baita ere, euskaraz ikasten, berak aitortzen zuenez oso gutxi baitzekien. 1909ko martxoaren 9an Aldundiko industri ingeniari izendatu zuten, eta horren barruan probintziako telefono sistemako buru. Azken hori izango zen, hain zuzen, bere bizitzako langintzarik garrantzitsuena: Donostian eta bere inguruan berak ezarri zuen telefono automatikoa, lehen aldiz Penintsula osoan. Ericsson sistema suediarrean oinarrituta, Donostia inguruko hamabost kilometro hartzen zituen linea automatikoak, Usurbilgo Aginaga, Andoain eta Oiartzuneraino. Lan horrengatik lanaren zilarrezko domina eman zioten 1926ko abuztuaren 30ean. Euskaraz liburu zoragarria idatzi zuen gai horren inguruan 1927an: Telefonoaren sortze ta aurrerapena. Teknologia modernoaz idatzitako lehen euskal liburua dela esan daiteke.

Lehenagotik, 1915eko apirilaren 29an Maria Dolores Itharte Alberdirekin ezkondu zen Zumarragan, andrearen sorterrian alegia. Zazpi seme eta hiru alaba izan zituzten.

Pentsamoldez Inazio Maria Etxaide katolikoa, integrista eta elizaren aldekoa izan zen. Ramon Intzagari apaizarekin batera, 1910ean hasi zen Gazteria Integristako euskal erakusketak antolatzen. Geroztik, joera integrista eta katolikoko elkarte eta aldizkariak sortzen lagundu zuen: Legión Católica Española, Centro de Actuación y Propaganda Católica, Editorial Católica, La Cruz, etab. Haren semeak kontatzen duenez, makina bat aldiz agertzen omen zitzaien kexu seme-alabei, elizarako haien jaiera urria ikusirik: — Epelak sumatzen zaituztet eta epela, nolabait ere, arbuiagarriagoa zaio Jaungoikoari hotza baino. Hala ere, errepublika garaian euskal Estatutuaren aldeko botoa eman zuen, eskuindar guztiek ez bezala. Bera ez zen inoiz abertzale izan, eskuindar espainolista baizik; horren gainetik, ordea, autonomista zen. Gerran, jakina, Francoren alde eta gorrien aurka atera zen Etxaide.

Alargundurik 1947an, bere lanik maiteena utzi behar izan zuen 1949ko maiatzaren 9an, ministerioko agindu baten bitartez Gipuzkoako Telefonoaren Zuzendaritza Compañía Telefónica Nacionalak bere gain hartu zuenean. Lana gogotik egin ondoren, hala ere!

Musikazale porrokatua, euskarazko hiru zartzuelei jarri zien musika: Manuel Lekuonaren Azienda publikua eta Eun dukat, eta Jose Beñaranen San Juaneko gereziyak.

Bere ideia politiko eta erlijiosoen gain, Etxaide euskaltzale zuzen eta zorrotza izan zela esan daiteke. Juan Carlos Guerrak uzitako hutsunea betetzeko, 1942ko martxoaren 26an euskaltzain izendatu zuten; bere sarrera hitzaldia Jatorrizko euskeraren azterpenaldia izan zen. Azkue hil ondoren, berriz, Euskaltzaindiak bizi zuen egoera larrian iraunbiderik bilatu nahia edo, 1951ko azaroaren 3an euskaltzainburu izendatu zuten.

Hiru urte beranduago, 1954ko abenduaren 15ean ezkerreko hanka belaun gainetik moztu behar izan zioten enbolia baten ondorioz. Ategorrietako Aldatzain bere etxean hil zen, 1962ko azaroaren 14an, hirurogeita hemezortzi urte bete baino egun batzuk lehenago. Orobateko esaldi honetan laburtu zuen aitaren izatea Yon Etxaide semeak:

—Mehe eta zorrotza zen, gorputzez bezala izpirituz ere.


Zubia Zigaron, Jose Maria

“Aita Mari”

Zumaiarra zen sortzez Aita Mari, baina donostiarrok betiko zorretan egon behar genuke gizon handi harekin.

1809ko martxoaren 15ean jaio zen, eta aita bezala arrantzan hasi zen txiki-txikitatik. Lehen karlistaldian familiak dena galdu zuen, eta egoera latz hartan Ameriketara zenbait joan-etorri egin zituen Aita Marik.

Han ezin ohitu, ordea, eta berrogei bat urte zituela, 1850. urtearen inguruan beraz, Donostiara etorri zen lanera eta bizi izatera. Txalupa baten jabe egin zen, eta berak zekien lanean hasi zen: patroi lanetan, alegia.

Marinel iaio eta trebea izan behar zuen, inondik ere. Orduan arrantzale itsasontzietan ez zegoen gaur bezalako tresneria eta ziurtasunik; gizon asko hiltzen zen itota itsasoan… Aita Marik askotan erabili zuen bere trebezia itsaso haserreari bere hatzaparretik arrantzaleak kentzeko. 1861eko uztailaren 13an udan izaten den galerna bizi horietako bat altxa zen bat-batean; portura itzuli nahi eta ezinean, txalupa bateko lau gizonak uretara erori zirela ikusita, Aita Marik tximista baino azkarrago atera zituen bizirik; bigarren mailako benefizentziako gurutzea eman zioten ekintza harengatik. Donostian errespetu ikaragarria irabazi zuen Aita Marik!

Ez zion askorik balio izango, ordea. Bost urte beranduago, 1866ko urtarrilaren 9an goizean goiz txalupak Getariatik Lekeitio aldera abiatu ziren amuko bixiguen bila; goiz erdian, beldurgarrizko ekaitza altxa zen: eguraldi ikaragarri txarra, denborale izugarria… Haizearen kontra ezin, eta txalupak Pasaiara eta Donostiara etorri ziren. Elkano I. zen lehendabizi zetorrena, Manuel Aramendi patroi zuela; Pasaiako portura sartzen saiatuta ere, puntetan hil ziren hamazortzi gizonak. Bigarren txalupa, Elkano 2. izenekoa, Jose Maria Sorreluz patroi zuela (aurrekoaren koinatua), hura ikusita Donostiaraino heldu zen; sartu ezinik, gizonak borroka latzean ikusita, Aita Marik ez zuen zalantzarik izan: presaka atera zen beste txalupa batean, haiei laguntzera. Itsasoak erraldoiaren indarra zuen, ordea, eta denak irentsi zituen; Aita Mari ere bai. Guztira, hogeita hamazortzi gizon eraman zituen itsasoak egun goibel hartan!

Aita Mariren oroimena ez da ordea galdu. Zumaian, Erribera kalean, eta Donostiako moilan, bere irudiek gogorarazten digute gizon txiki haren handitasuna. Arrantzaleen artean bizirik omen da oraindik Aita Mariren kopla: — Oh! Mari leial, on, bihotz hutsa!.


Yoldi, Paco

Paco Yoldi

Berrogei urte inguruko donostiarrik ez da izango, igeri jakitekotan, Yoldirekin ikasi ez zuenik. Hasi galdezka: denak ikasi zuten «Pacoren baltsan».

Nafarra zen sortzez, Deierrin jaioan 1909. urtean. Bizitza osoa, ordea, Donostian eta igeri munduan egin zuen.

Bere lehen eskolak Donostiako moilan hasi zituen 1940an, Fortuna kirol elkartearen barruan, eta handik piska batera, udan Nautikoan ere hasi zen igeri irakasten.

Berehala, 1943an bere lehen baltsa egin zuen: orduan ez zegoen gaurko igerileku estalirik, eta nolabait moldatu behar. Burdinaz eta egurrez, halako perimetro bat egin, Hondarretako parean uretan jarri, eta egina zegoen igerilekua! Udan bakarrik, noski. Piskana-piskana, lehen baltsa hura hobetu eta handitu zuen, eta 1951n bost kaleko baltsa handia egin zuen (15 bider 7 metro zituen!). Pasai Donibanen egin zuen, Luis Carrascoso eta Antton Lealen laguntzaz.

Udan etengabe egiten zuen lan Paco Yoldik, gazte nahiz helduei igeri erakusten; hondartzatik joan-etorriak egiteko, boteroa zeukan. Handik atera ziren donostiar igerilarien lehen belaunaldiak: emakumetan, Carmen Bustos, Satur, Seminario, Carmen Hernandez, Bruguera, Feli Garcia, Amaia Apeto, eta beste hainbat; gizonetan, Bakeriza, Aranguena, San Sebastian anaiak, Momilo, Carrascoso, Leal, Larrandia,Lafon, Aristegi, Tazon, Etxaniztarrak, eta beste hamaika. Horietako bati, Juanjo Igeari, zor dizkiogu azalpen hauek; erretiroa hartu arte, Igea Anoetako igerilekuko zuzendaria izan zen, eta igerilekuak Paco Yoldi dauka izena… Katea ez da eten!

Paco Yoldi izaera biziko gizona omen zen, oso berekoia igerilariekin. Diziplina zorrotza jartzen zien, errieta latzak eman ere bai, baina azkenerako oso gizona ona zen. Hala ere, denak de usted hitz egiten omen zioten…

Pacoren baltsak urte asko iraun zuen; baina beti udako sasoia luzatu egin nahi, eta 1977an iraileko itsaso biziak eraman eta Loretopeko haitzetan txikitu zuen. Puska bat oraindik orain hondarpean azaldu zen, Perlako etxea berritzeko lanetan ari zirela, 1992an.

Sari asko eman zioten Yoldiri bere bizitzan: 1971n Espainiako Igeri Federazioko urrezko domina; 1975ean, Gipuzkoakoa; 1978an Udalak hiriko zilarrezko domina eman zion…

Igeri mundutik erabat erretiratuta hil zen Donostian, 1985ean.


Jamar Domenech, Joaquin

Joaquin Jamar Domenech

Nafarra baldin bazen sortzez, bere bizitzaren zatirik handiena Donostian egin zuen; berak, behintzat, errikosemetzat zeukan bere burua.

Nagoren (Nafarroa) jaio zen 1837ko azaroaren 29an. Familia dirubide ugarikoa ez izan arren, ikasketak egitea lortu zuen gaztetan, Iruñeko apaizgaitegian. Iruñean hasi zen burdin saltzaile lanetan. 1845ean mehagintza enpresa baten izenean Ciudad Real-era joateko aukera sortu zitzaion, baina bi urte besterik ezin izan zuen egin han, suka izurriak kutsaturik itzuli behar izan baitzuen Euskal Herrira. Gaitz horrek ez zion bizitza osoan utziko, eta azkenerako hilobira eramango zuen.

1856an Donostiara etorri zen, bertatik Fausto Etxeberria zur eta burdin inportatzaileak berarentzat lan egitea eskaini baitzion. Bertan jardun zuen lanean hamabost urtez, 1871. urtera arte.

1862ko martxoaren 30ean Paulina Leclercq donostiarrarekin ezkondu zelarik, Jamar erabat errotu zen Donostian.

1871n upelgintza sozietate bat sortu zuen, lantegi bat Atotxan eta beste bat Morceux-n (Landak, Frantzia) izan zituena. Hiri horretan bizi izan zen hiru urtez, bertako lantegia zuzentzen. Euskal Herria bigarren karlistaldiaren gordinean murgildurik zegoen, ordea, eta lantegiak itxi egin behar izan zituen, bere dirutza guztiak bertan galdurik.

Donostiara itzuli, eta 1880an Pasaiako Portua Sustatzeko Sozietateko idazkari edo kudeatzaile izendatu zuten. Esan daiteke Pasaiako portuaren aro modernoa Jamar-en emaitza dela; portuari bizitza izugarria ematea lortu zuen. Bere trebetasunari zor zaio Pariseko Isaac Pereire-ren banketxe handiak portua zabaltzeko behar zen dirubidea jartzea. Horrela egin ahal izan ziren beharrezko obra guztiak, Pasaiako portua nazioarteko merkataritzaren betekizunetara egokitzeko.

Artikulu eta liburu asko idatzi zituen, beti erdaraz; merkataritzaz gain, soziologia eta estatistika ere landu zituen Jamar-ek: El ferrocarril de los Alduides (1864); Intereses materiales de Guipúzcoa (1865); Lo que es el fuero y lo que se deriva del fuero (1869); eta Datos concretos para un tratado de comercio con Inglaterra (1870). Euskal eskubide zaharren alde, nabarmentzekoak dira La Voz de Guipúzcoan argitaratutako artikulu saila, El Regionalismo y la cuestión bascongada izenburupean.

Bestalde, Mari itsasgizonaren omenez kaian dagoen oroitarria jartzeko ahaleginetan saiatu zen, eta haren biografia argitaratu zuen Euskal-Erria aldizkarian.

Egiptoko enperadoreak gonbidaturik, lehen itsasontziak Suezeko kanala zeharkatzeko ekintzetan izan zen Jamar.

Bere azken egunetan politikara itzuli behar izan zuen, halabeharrez. 1886an Diputaziorako hauteskundeetan, eta bere gaixotasunak sendatzera joanda Cauterets-eko bainuetan deus jakin gabe zegoela, diputatu hautatu zuten Donostiako barrutian. Berehala hartu behar izan zituen Jamar-ek berak uste baino ardura handiagoak: euskal foruak 1876ako uztailaren 21ean kendu zituen legearen ondorioz, euskal erakundeen egoera negoziatu beharra zegoen Madrilgo gobernuarekin, eta Jamar batzordekide izendatu zuen Gipuzkoako Aldundiak.

Diputazio guztiak Bilbon biltzea erabaki zuten, negoziaketa haietara eraman beharreko jarrera eztabaidatzeko. 1887 urtarrilaren 8an, berriz, Madrilera jo zuen euskal ordezkaritzak, Jamar bera barne zelarik. Osasunak, ordea, ez zion askorik laguntzen, eta egun haietan egindako lan astunen eraginez okerrera egin zuen bere gaitzak. Urtarrilaren 20an Donostiara itzuli zen, Diputazioari eta udalei Madrilgo gobernuak egindako proposamenen berri ematera. Oso egoera txarrean heldu zen, ordea, Donostiara urtarrilaren 21eko goizaldean. Tren geltokitik etxera eraman zuten zuzenean, hiltzorian baitzetorren. Mayora eta Atxa sendagileen ahalegina alferrik izan zen, eta hurrengo egunean, 1887ko urtarrilaren 22an, hil zen.


Muñoa, Miguel

Miguel Muñoa

Euskarazko irakaskuntzak eta ikastolak aitzindari bat izan zuten: Migel Muñoa irakasle donostiarra. 1868ko irailaren 11n jaioa zen.

Gazte-gazterik irakaskuntzarako joera izan zuen, baina bere ametsa haurrak euskaraz heztea zen. Horrela, 1914an Ikatz kaleko etxebizitza batean hasi zen haur talde batekin; pixkanaka, ikasle eta irakasle gehiago hurbildu zitzaizkion, eta Puyuelo kalean (gaurko Fermin Calbeton) etxe berria erosi zuen; 70 ikasle ziren, egunero eta dohan euskaraz ikasten zutenak irakurtzen, idazten, dotrina, eta abar. Egia esan, R.M. Azkue lehenagotik hasia zen Bilbon bere ikastetxearekin, 1897an zabaldu baitzuen. Hala ere, Muñoak jarraitasun eta sendotasuna eman zion bereari.

Ikasle-irakaslez ondo horniturik, 1917an karmeldarren komentuan Euskal-Ikastetxea sortu zuen Muñoak, aita Jose Eginoren zuzendaritzapean. Hiru urte bakarrik egon zen han, 1920an klaretarren eskuetara pasa baitzen ikastetxea; ordurako, 200 ikasle eta 6 irakasle ziren!

Handituz-handituz, 1924an ikastola Ategorrietako Karmen-Enera eraman zuten, eta han Koruko Andra Mariaren ikastetxea bihurtu zen. Leku askirik ez, eta berehala hiru lekutan banatu behar izan zuten ikastetxea: eskolaurrea Ikatz kalean (70 ikasle; mutikoen lehen hezkuntza Kanpandegi kalean (100 ikasle); eta neskatoen lehen hezkuntza Konstituzio plazan (40 ikasle).

Ikasgai arruntez gain, kirolari ere aparteko garrantzia ematen zioten ikastetxean; horretarako, Morlansen etxe bat zeukaten egokituta. Ikasliburuak, berriz, bertan egin behar izaten zituzten.

Horrela segitu zuen ikastetxeak gerra zibila etorri arte. Orduan, dena desegin eta Migel Muñoak ihesi joan behar izan zuen Donibane Lohitzunera. Bertan hil zen 1953ko abenduaren 7an, laurogeita bost urte zituelarik.


Etxegarai, Jose Vicente

Jose Vicente Etxegarai

Donostia zahar-zaharreko erakusle dugu Jose Vicente Etxegarai; harresiak bota aurreko Donostia hartako olerkaririk ezagunena izan zen.

XVIII. mendeko azken hamarkadan jaio zen Donostian; errikoseme porrokatua izan behar zuen. Artean, plaza militarra zen Donostia, harresiez inguratua, eta etengabeko liskar nahiz borroken mende bizitzera behartuak zeuden orduko donostiarrak. Gure hiria ez zen, beraz, bizitzeko oso leku alaia izango. Etxegarai egoera itxi eta itogarri hartan jai giroa jartzen ahalegindu zen bere olerkiez. Donostiako egunean, abuztuko Ama Birjinaren inguruan, Eguberrietan nahiz inaute garaian egiten ziren festa guztietarako bazuen beti olerkirik prest; herriak luzaro gorde zituen olerki horiek bere kantetan, baita XIX. mendearen azken hondarretaraino ere.

1813an portugaldar eta ingeles gudarosteak Donostia guztiz kiskali eta suntsitu ondoren hiria berriz jasotzeko egindako urrats guztiak, ia banan bana jarrai daitezke Etxegarairen olerkien bidez: Plaza Berria (gaurko Konstituzio plaza) zabaltzea, udaletxe berriaren eraikuntza, kale berriak irekitzea, eta abar.

Hondamendiaren aztarnak guztiz gainditu gabe zirelarik, donostiarrek ostera beren ohiko festak ospatzeko lana hartu zuten. Horrela, Etxegaraik parte nabarmena izan zuen 1817an antolatu zen lehen Arzaigokia inude eta artzainen festan; behar ziren olerki eta kanta guztiak idazteaz gain, Aita Meltxor izeneko papera jokatu zuen.

1853an hil zenean San Bartolomeko kanposantu zaharrean hilobiratu zuten; geroago, ordea, kanposantu hori kendu zenean Polloeko hilerri berrira eraman zuten.

Jose Manterolak hala esan zuen: Etxegarairen hilobian, beste idazle askorenean bezala, egiaz idatz daiteke: poeta izan zen; pobre bizi eta hil zen.

 


Barriola Aizpurua, Abelino

Abelino Barriola Aizpurua

Euskal antzerkiaren zutabe nagusietako izan zen, zalantzarik gabe, Juan Abelino Barriola. Esan daiteke Marcelino Soroa eta Toribio Altzaga maisu zaharren jarraitzailea izan zela bera. Donostian sortu zen 1885eko azaroaren 10ean. Lanbidez merkatari izan zen, eta politikan jardun zuen. Urte luzetan, Donostiako zinegotzi izan zen; bere lanari zor zaio, besteak beste, Artikutzako urtegitik ura Donostiaraino ekartzea.

Baita ere, zinegotzi zelarik bere lanari esker sortu zuen 1915ean Donostiako Udalak Euskal Iztundea. Erakunde horrek izugarrizko garrantzia izan zuen euskal antzerkia bultzatzeko.

Hogeita hiru urte besterik ez zituela irabazi zuen bere lehen saria 1908ko Eibarko euskal festetan Meza berriya ekitaldi bakarreko antzerki lanarekin. Hurrengo urtean argitaratu eta jokatu zen lehen aldikoz Donostian; bizkaieraz ere jarri omen zuten obra hori Bilboko Euskaltzale Bazkunak. Geroztik, etengabeko arrakastak lortu zituen Barriolak bere antzerki lanekin: Aldiz, aldiz (1910) Azkoitiko lore-jokoetan saritua; Zulo madarikatuak Bilbon saritua (1911); Zori gaiztoko eguna (1911) zartzuela, Jose Olaizolaren musikaz; Lagun txar bat (1912), Donostiako lore-jokoetan saritua; Gai dagoenaren indarra (1915). Baita ere, hiru bakarrizketa idatzi zituen: Brokoliyo, Goi-argi eta Zozoarro.

Gerra zibila altxa zenean, Abelino Barriolak ihes egin behar izan zuen Frantziara. Pauen, Biarnoko hiriburuan hil zen 1944ko apirilaren 19an, artean 68 urte zituelarik.


Aranzadi Etxeberria, Engrazio

Engrazio Aranzadi Etxeberria “Kizkitza”

Politikaz izan zen ezaguna Engrazio Aranzadi. Donostian jaio zen 1873ko apirilaren 16an. Ikasketak, berriz, Tolosako Eskolapioetan egin zituen lehendabizi, eta gero zuzenbidea ikasi zuen Salamancan, eta filosofia Deustuko Unibertsitatean.

Politikan hasi aurretik, legelari izan zen; Gipuzkoako Foru Aldundian izan zuen bere lanpostua. Hasiera hartan, integrista zen politikan, baina Sabino Arana ezagutu orduko abertzaletasuna barne-barneraino sartu zitzaion. Ordutik aurrera, euskal nazionalismoaren bultzatzaile sutsuenetakoa izan zen. Bere lehen idatziak 1907an kaleratu ziren; euskal politika, ekonomia eta gizarteari buruzko artikuluak ziren. Bizkaitarra aldizkarian argitaratutako artikulu batengatik, Hendaiara joan behar izan zuen ihesi.

Sabino Arana hil ondoren, tirabira latzak izan ziren jeltzale eta eliz agintarien artean. Eztabaida haietan idatzi eta esandakoen ondorioz, Engrazio Aranzadi eskumikatuta egon zen denbora labur batez.

Alderdiak Bilbora deitu zuen orduan, bere lanik garrantzitsuena egitera: Euzkadi egunkariko zuzendari izatera; orduan hasi zen Kizkitza ezizena erabiltzen. 1927 arte izan zen langintza horretan.

Euskal abertzaletasuna Europako joera politiko berrietara zabaltzen saiatu zen Engrazio Aranzadi. Irlandar, txekiar, kroaziar eta abarrekin harreman ugariak izan zituen.

Bere libururik ezagunenak erdaraz idatzi zituen: La Casa Solar Vasca 1932an; Nación Vasca 1931n eta Ereintza 1935ean.

Bilbon hil zen gerra zibila piztu eta berehala, 1937ko otsailaren 12an, hirurogeita hiru urte zituela.


Arrese Beitia, Felipe

Felipe Arrese Beitia

Otxandioarra zen Felipe Arrese Beitia; Bizkaiak eta Arabak muga duten herri zoragarri horretan jaio zen 1841eko maiatzaren 25ean. Alde batera donostiarra ere bazen, bertan urte asko egin baitzituen.

Idazle baino lehenago, irudigile izan zen. Gaztetan 1854an Gasteizen marrazketa ikasita, herriz herri elizarako irudiak egiten hasi zen, zurez edo harriz. Santugina izan zen, beraz.

Bere lehen poema hogeita hamaika urte zuelarik argitaratu zuen. Hurrengo urtean, 1873an alegia, Donostiara etorri zen bigarren karlistaldian sortutako borroketatik ihes. Bertan ezkondu zen Angela Bengoarekin.

Arrese Beitiaren poemarik ezagunena Ama Euskeriari azken agurrak izenekoa da; Elizondoko lore-jokoetan lehen saria eman zioten 1879an. Donostian idatzi zuen, eta eskuizkribua Koldo Mitxelena liburutegian gordetzen da gaur egun. Poema horrek Euskal Herriaren kontzientzia astindu zuen: euskara galbidean ikusten zuen Arrese Beitiak, eta euskaldunak esnarazteko garaia heldu zela uste zuen. Poema, artikulu eta idatzi andana ekarri zuen atzetik Arrese Beitiarenak!

Geroztik, sari asko eta asko irabazi zituen lore-joko eta euskal festetan Arrese Beitiak: Beran, Iruñean, Bilbon, Markinan, Hondarribian, Maulen… Liburuak ere argitaratu zituen: Bizkaitar zarrak eta erromatarrak 1883an; Diccionario Manuel Bascongado y Castellano y elementos de Gramática 1884an. Herri harpidetzaren bitartez 1900ean, berriz, bere poema bilduma argitarau zuen Ama euskeriaren liburu kantaria izenaz, eta Arturo Campionen hitzaurreaz.

Bere jaioterrian, Otxandion, hil zen Felipe Arrese Beitia, 1906ko urtarrilaren 16an, hirurogeita hiru urte zituela. Hil ondoren, 1908an beste poema liburu bat argitaratu zuen: Asti-orduetako bertsozko lanak.

 


Guerra, Juan Carlos

Juan Carlos Guerra

Euskaltzale eta ikerlari hau Donostian jaio zen mundura 1860ko abenduaren 27an, nahiz bere urterik gehienak Arrasaten bizi izan zen. Bere lanak batez ere heraldika eta genealogiaren alorrean egin zituen, eta horiek erdaraz argitaratu zituen; baina euskaraz ere baditu artikulu, poema eta bestelakoak.

Hogeita hamar urte zituela eman zen ezagutzera Ama Birjiña Aranzazukoaren Kondaira izeneko lana Donostiako lore-jokoetan saritu ziotenean. Hortik aurrera, etengabe ariko zen idazten Revista Internacional de Estudios Vascos eta, batez ere, Euskal-Erriaren Alde aldizkarietan.

Heraldika eta genealogiaren alorrean, 1918an Estudios de Heráldica Vasca; 1928an Ensayo de un padrón histórico de Guipúzcoa segun el orden de sus familias pobladoras; eta 1930an Oñacinos y Gamboinos. Rol de banderizos liburuak argitaratu zituen.

Euskararen alorrean, berriz, bere lanik garrantzitsuenak dira: Gure olerkari zar-zarrak, 1922an eman zuen hitzaldia (Euskal-Esnalea aldizkarian argitaratua bi urte beranduago); Viejos textos del idioma. Los Cantares antiguos del euskera 1924an, eta beste zenbait poema (Trueba’ren eriotza, Enrriketari, etab.).

Ezagutu zutenek idatzia utzi dutenez, euskaraz hizlari trebe, atsegin eta sotila omen zen. Iritzi politikoetan karlisten aldeko porrokatua izanik ere, bere ahotsa altxa zuen Arrasaten langileek Oreja diputatu eta enpresarioa hil zutenean.

Laurogeita bat urte beteak zituela hil zen 1941ean, Arrasateko Gerraenea bere etxean.

 


Altzaga Anabitarte, Toribio

Toribio Altzaga Anabitarte

Donostiarra zen goitik behera Toribio Altzaga. Trinidade kaleko 30.ean jaio zen (gaurko Abuztuaren 31), 1861eko apirilaren 16an. Aita (Pedro Juan) arotza zen, eta kale berean zeukan lantegia.

Gazte-gaztetatik, haritz lana baino gehiago maite zuen Toribiok antzerkia; ernegatuta, aitak hala esaten omen zien berari eta Baleriano anaiari: — Mutill abek komerianteak aterako dira, eta hala gertatu!

Bigarren karlistaldian, Ziburura eraman zuten gerratik ihesi. Han, hegoaldeko euskaldun asko zegoen orduan, besteak beste Marcelino Soroa. Elkarte moduko bat ere bazuten, «El Trueno» izenekoa. Bertan jokatu zen lehenengo aldiz 1876an Soroaren Iriyarena antzerkia; jokatzaileen artean Toribio Altzaga bera zegoen, artean 15 urte besterik ez zituelarik. Handik aurrera, bizitza osoa euskal antzerkiari eman zion. Berriro Donostiara itzulita, Soroarekin batera antzerkiak prestatzen hasi zen, Santa Mariako Luistarren aretoan, eta abar. Berehala, 1888an argitaratu zuen bere lehen komeria: Aterako gera. Handik aurrera, etengabe argitaratu zituen antzerki lanak: Santo Tomaseko feriya, Axentxi eta Kontxexi, Bernaiño’ren larriyak, Ramuntxo (Pierre Lotiren lanaren egokipena), Bost urtian, Amantxi, Burruntzia, Ezer ez eta festa, Biotz berak, eta beste hamaika; guztira 30en bat. Hiru opera ere idatzi zituen: Txanton Piperri, Amboto eta Gli Cornamenti. Baita ere, Shakespeare-ren Macbeth euskaratu zuen 1926an, Irritza izenburuaz.

Euskal Iztundeko zuzendari, Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarreko zuzendari eta euskaltzain izan zen.

Berrogei urte bete zituen egunean, 1901eko apirilaren 16an, Maria Pilar Fernandez Mugikarekin ezkondu zen. Bi seme eta hiru alaba izan zituzten, baina bakarra bizi izan zen gurasoak baino gehiago; horretan, asko sofritutako gizona izan zen, seme-alabak banan bana hiltzen ikusi baitzituen gizarajoak. Hemen emandako azalpen gehienak, Maria Luisa alaba gazteenak aita Antonio Zavalari esandakoak dira. (ikus Ramuntxo, Auspoa saila 6).

Antzerkia izan zuen Altzagak buru-bihotzetan hil arte. San Juan kalean bizi zelarik, seigarren solairua hutsik zeukan, antzoki moduan prestatua. Han aritzen zen bere ikasleekin jo eta su antzerki lanetan: emakumezkoak Aramendi, Olaso Aranburu, Arzelus, Areitioaurtena, Irigoien, Sustaeta; gizoenzkoak Beorlegi, Egileor, Alasa, Etxeberria, Agote, Muxika, Bengoetxea, Zubimendi… Baita ere, euskarazko eskolak ematen zituen han; bere ikasle batek, Raimundo Herrero Tornadijok, eskola horiek idatziz bildu zituen Estudio elemental de la gramática vasca liburu harrigarrian.

Donostian ezin, eta Aizarnara joaten zen Toribio Altzaga uda pasatzera. Han idatzi zituen bere lanik gehienak.

1930ean, Santo Tomas egunean, Donostiako herriak omenaldi handia egin zion Altzagari: antzerkia, bertsolariak, dantzak… denetarik izan zen; baita bazkari ederra ere. Omenaldia zela eta, egun batzuk lehenago kazetari bat joan omen zitzaion elkarrizketa egitera. Bere ikastokia orduan Garibai kalean zuen, orain Kutxa den etxe horretako teilatupean. Hotzak ezin egon, eta zamarra lodi batekin jantzita aurkitu omen zuen gizona; gero, egunkarian hala idatzi omen zuen: — Egun bateko bazkari ederra baino, hobe luke negu guztiko berogailu ona.

Lana ugari eginda joan zen mundu honetatik Toribio Altzaga. 1941ean hil zen, maiatzaren 27an. Emaztea eta alabaz gain, azken laguntzaile izan zituen Javier Villar bere iloba medikua eta Ramon Inzagarai apaiza. Oso tabakozalea izanik, azken urteetan debekatu egin zioten erretzea. Hil hurren, hain gaizki ikusita, ilobak esan omen zion: — Osaba Toribio, zigarro bat egin behar diot. Gustura erre omen zuen; azkena noski.


Iraola Aristigieta, Victoriano

Victoriano Iraola Aristigieta

Pasai Donibanen jaio bazen ere, bere bizitza osoa Donostian egin zuen Victoriano (edo Biktoriano, berak batzuetan idazten zuen bezala) Iraolak. Catalina Alvarez azpeitiarrarekin ezkondu eta bi alaba izan zituzten, Dolores eta Maria. Idazlan batzuetan Churi eta Sei goitizenak ere erabili izan zituen inoiz Iraolak.

Lanbidez inprentari izan zen. Legazpi kaleko bosgarrenean izan zituen etxebizitza eta lantegia. Inprimategiko tresneria mugiarazteko astoa erabiltzen zuen barrunbeheko patioan bueltaka. Rosita izeneko asto emea omen zuen. Eraman oneko gizona izan behar zuen, umoretsu eta irrizalea. Bigarren karlistaldian, zapelgorriek Mendizorrotzako gainetik botatako bi granada sartu omen zitzaizkion etxera, baina lehertu ez. Iraolak jaso, eguna gainean idatzi eta armairuan gorde omen zituen oroigarri. Langilea eta txorakeria gutxikoa omen zen, hala ere. Paseoan ibiltzerik ez zuen nahi izaten, inork alfertzat har ez zezan.

Denetatik eta asko idatzi zuen Iraolak, beti euskaraz: poemak orduko euskal aldizkari gehienetan (Euskal-Erria, Euskalzale, Ibaizabal, Revista Euskara de Navarra, Euskal-Esnalea, Esku-Egundiya…); antzerkia Bi ichubak (1884), Petra chardiñ saltzallia (1888), Onentzaro gaba (1894), Ishkiña Mutrikun (1909). Politenak agian bere ipuinak dira; Aita Zavalak Auspoa sailean bildu zituen Oroitzak eta beste ipui asko izenaz. Azalpen hauek liburu horretatik hartuak, eta Iraolaren biloba Ana Balanzategik emandakoak dira.

Gainera, marrazkilari ona zen Iraola. Liburu honetan bertan Iraolaren bi  erretratu ageri dira: Bilintxena bata, Cayetano Sanchez Irurerena bestea. Iraolak berak sortutako El Thun Thun astekarian marrazki eta komiki asko argitaratu zituen.

Gauza asko egin zituen Iraolak bere bizitzan. La Unión Artesana elkarteko sortzaileetako bat izan zen. Donostiako eguneko danborrada bere etxe aurrean gelditzen zen. Hungariako pertzagile edo kaldereroen festan euskaraz gordetzen den kantu bakarraren hitzak bereak dira («Begi urdin bat, begira dago…»); musika, noski, Raimundo Sarriegirena. Sari asko irabazi zituen orduko lore-jokoetan…

Ez hori bakarrik: urte luzetan udaletxeko zinegotzi izan zen. Donostia errege-erreginen udaleku zen garaietan, Iraola errepublikazale eta autonomista izan zen! Udaletxean beti borrokatu zen euskara eta euskal ohiturak gordetzen (soka-muturra, esate baterako). Alderdi Ederren orain ikusten ditugun tamarindoak ekarri eta bertan jartzen ahalegindu zen, besteak beste; Pariseko 1900eko Erakusketa Unibertsalean ezagutu omen zituen zuhaitz horiek.

Lana ugari egina utzi zuen Iraolak 1919ko irailaren 19an hil zenean Donostiako bere etxean, 78 urte beteak zituela.


Inzagarai Ramon

Ramon Inzagarai

Donostiar jatorra zen Ramon Inzagarai. Apaiza, idazlea, ikerlaria eta euskaltzalea.

Donostiako moilan jaio zen 1878an; haurtzaroa sare, txalupa eta bateltzainen artean igaro zuen. Gazterik, ordea, apaiz ikasketak egitera bidali zuten Gasteizera; hogeita zazpi urte zituela apaiztu zen, 1905ean. Latina, grekoa eta aleman hizkuntza oso ondo ikasi zituen.

Literatura izan zuen bere zaletasunik handiena. 1918an Kontxesi ta Petratxo haurrentzako antzerki lana estreinatu zuen Donostian. Bi urte beranduago, 1920an euskaltzain izendatu zuten.

Itzultzaile lanetan ere aritu izan zen Inzagarai: 1924an Ipuyak, Elurmendi’k euskeratuak izeneko liburua argitaratu zuen. Aldizkarietan ere lan asko argitaratu zuen, batez ere Revista Internacional de Estudios Vascos izenekoan. Sari asko eta asko irabazi zituen bere lanekin lore-jokoetan.

Bere liburuetan nabarmen du Inzagaraik sorlekua: hizkera jator-jatorra du, arrantzale zaharren ahotik hartutako hitz eta esaera asko erabiltzen ditu; hainbeste, non horretara ohitua ez dagoenari askotan ulertzea ere kosta egiten baitzaio.

Ikertzaile lanetan ere nabarmendu zen Inzagarai; Historia eclesiástica de San Sebastián lan mardula idatzi zuen erdaraz. Gipuzkoako Diputazioak argitaratu zion hil ondoren, 1951n, Fausto Arozenaren hitzaurreaz.

Hirurogeita hamar urte bete gabe zituelarik hil zen Ramon Inzagarai Donostian, 1947ko  azkenetan.


Pello Expaiñ eta Antton Ixkiña

Koadrila berekoak ziren Antton Ixkiña eta Pello Expaiñ: zezenketari edo toreatzaile koadrila berekoak, alegia. Kapotearekin aritzen zen lehenengoa, banderilak jartzen bigarrena. Elkarrekin inguruko zezen plaza guzti-guztiak korritu zituzten joan den mendearen amaieran eta mende honen hasieran: Donostian, Hondarribian, Azpeitian, Arrasaten, Deban, Mutrikun… Denetan erakutsi zuten zer den zezenaren aurrean ausardia izatea… ihes egiteko. Halako fama lortu zuten, non antzerkira ere eraman zituen Victoriano Iraolak Ishkiña Mutrikun izeneko bakarrizketan; Pepe Artolak jokatu zuen obra hori Antzoki Zaharrean behin baino gehiagotan.

Donostian zuten behin zezenketa, arratsaldeko orduetan. Pello Expaiñ etxean da emazteak lagundurik, erdi toreatzaile erdi praisku itxurako bere trajea janzten. Non datorren Ixkiña oihuka, berandu dela eta. Beldurrak airean, Pellok emazteari: — Ariyo, Kaxilda! Ez nazu geyago ikusiko. Ixkiña aldamenetik, Ameriketan ibilitako toreatzailea balitz bezala: — Ez kuidadorik iruki, nerekin dijua ta.

Batek eta besteak, plazan izugarrizko kemena erakusten zuten, batez ere zezenaren aurrean korri egiten. Haiek bai trebeak, inon treberik bazen, adarrari ihes egiteko! Hala ere, halako beldurrez ibili arren, ez ziren sekula etxeratuko zezenak zilipurdika bidali eta galtzipurdiak ondo urratu gabe.

Pello Expaiñ, banderileroz gain, pilotari txukuna zen. Muralla zaharraren kontra behin pilotan ari zela, goi-goitik mutikoskor batek sekulako karkaxa bota omen zion; ia-ia lepondoan harrapatu zuen: — Derepente eroriko aldek murallatik bera; ez gaxki nai diyotalako, baizik zeiñ dan ezagutziatik.

Bere azken egunak enterradore lanetan egin zituen Pellok. Behin, lagun batek kalean ikusi eta bere bizimodu berriaz galdetu zion: — Gaxki, gizona; jun dan astian aingeru arrayo bat besterik ez da ill.

Iritzi bat

Izenburu horrekin, Victoriano Iraolak bertso hau idatzi zuen:

Toliatzalle onik eztala

ori ez nezake esan,

zeren char onak -ziyon Marichuk-

diyote dirala izan:

ikusi ditut Gerra, Fraskuelo,

emen Aranaren plazan,

salerosuak ziraden biyak

salero duenik bazan,

¡baña neretzat Anthon Iškiña

bezelakorikan etzan!


Esnaola Berrondo, Secundino

Secundino Esnaola Berrondo

Zumarragan jaioa izan arren, Secundino Esnaola musikari handiak bere bizitza guztia Donostian egin zuela esan daiteke. 1878ko maiatzaren 21ean sorturik, bere herrian hasi zen solfa ikasten Juan Lino de Leturiarekin. Hamalau urte zituela, Bergarara bidali zuten ikastera; ama alargunak eta izebek, ordea, apaiz joatea nahi zuten, eta kosta ahala kosta beka bat lortuta Salamancara bidali zuten. Han oso ikasle txarra omen zen… musikan ezik!

Hogeita bi urte zituelarik, 1900ean Donostiako San Bizentera etorri zen sochantre, apaiz ikasketak bukatzeko baldintzaz. Bonifazio Etxeberria maisu organistarekin jarraitu zuen ikasten armonia, hura hil zen arte.

Ordurako, 1897ko urtarrilaren 20an Donostiako Orfeoia sortua zen; lehendabiziko zuzendaria Norberto Luzuriaga izan zen, eta Miguel Oñate bigarrena. Secundino Esnaolaren ospea oso zabaldua zen, eta 1902an berari deitu zioten zuzendari izateko. Hasi bezain laster, 1903an bere lehen saria irabazi zuen Royan-en (Frantzia); handik aurrera, sari asko eta asko irabazi zituen Donostian (1904), Zaragozan (1904), Bilbon (1905) eta Parisen (1906). Udal Musika Eskolako irakasle izan zen 1906tik aurrera.

Secundino Esnaola izan zen lehen aldiz 1908an, Martutenen hain zuzen, neska-mutikoez osatutako abesbatza mistoa ateratzen ausartu zena. Hortik sortu zen Donostiako Orfeoia gaur ezagutzen dugun bezala, gizon-emakumez osatua alegia.

Euskal kantu tradizionaletan oinarrituta landu zuen bere obra Esnaolak; bere pieza garrantzitsuenak izan ziren: Uso txuriya, Loa, loa, Amak ezkondu ninduen, Pello Joshepe, Gernikako arbola, Euzko Izkuntza, Dringilin dron eta Rapsodia Vascongada.

Donostian hil zen 1929an, berrogeita hamaika urte zituelarik.


Gorostidi Sagarzazu, Manuel

Manuel Gorostidi Sagarzazu

Abokatua, Udal langilea, idazlea eta ikerlaria izan zen Manuel Gorostidi. Donostiar jatorra, kultura zabaleko gizona izan zen; idazle klasiko ingeles, italiar, frantses eta espainolak sakon-sakonean irakurri eta ikertu zituen. Izan ere, osasunak ez zion bere bizitzan sekulan askorik lagundu, eta urte asko egin behar izan zituen ezindurik bere etxera erretiratuta. Han, denbora luzea izan zuen irakurri, ikertu eta idazteko.

Bere lanik ezagunenak saioak dira, erdaraz idatziak: El enjuiciamiento criminal en sus relaciones con el catalán y el vascuence, El Padre Mendiburu considerado como escritor místico eta Mitología euskara.

Hala ere, Manuel Gorostidi euskaltzale porrokatua izan zen bere bizitza guztian. Lore-jokoak eta euskal jaiak antolatzen zituen Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarraren bostgarren lehendakaria izan zen; bere jardunean, euskal diputazioen aginduz Euskaltzaindia sortzeko txostena idatzi zuenetako bat izan zen baita ere. Euskarari Donostiako kaleetan bere lekua emateko biziki ahalegindu zen Gorostidi; gaztelura dihoan bideko horman harlauza jarri zutenean gazteleraz, frantsesez eta ingelesez, berari esker sartu zuten bertan euskarazko ordaina; era berean, gogor borrokatu zen Ategorrieta izenaren alde, Puertas Coloradas lotsagarriaren ordez.

Gorostidiren euskaltzaletasunak badu alderdi politik. Eguberrietan, orain bezala lehen ere, etxez etxe kantari ibiltzeko ohitura zegoen. Bera etxean erretiratuta bizi zelarik, neskamea agertuko zitzaion esatera kantari zirela atarian: — Erdaraz ari al dira? Bada, eman bost xentimo; handik piska batera: — Euskaraz ari al dira? Orduan eman pezeta bat!

Donostiako bere etxean hil zen Manuel Gorostidi, Narrika kaleko bederatzigarrenean, 1907ko urtarrilaren 31n.


Brokolo

Nor ote da Brokolo hori? Orain dela ehun bat urte Donostian ez zuen inork halakorik galdetuko. Nork ez ote zuen Brokolo ezagutuko! Denetako lanak egin zituen bere bizitzan: harakin, burnibideko langile, margolari, arrantzale, musikari eta militar.

Txikitan eskuineko begia galdua zuen; txerria hiltzen ari zen harakinak bere haizto luzearekin kendu zion nahigabe, inguruko umeak uxatzera joanda. Hala ere, gazte-gazterik harakin lanetan hasi zen bera. Beti ibiltzen zen txantxetan: — Gaur diat amaren matantza; bigar arrebarena…, batentzat ala bestearentzat haragia prestatu behar zuela esateko.

Margolari lanetan ospe handiak irabazi zituen. Behin hondartzako eskailera margotzen hasi zen; hiru hilabete beranduago, ez zuen oraindik bukatu, kintal t’erdi pintura gastatu eta gero!

Bigarren karlistaldian liberalen alde ibili zen borrokan. Ez zioten noski bere ausardiagatik dominarik eman, baina izan zuen gorabeherarik Remington fusila garbitzen hasi, eta sukaldeko arraskaren kontra igurtzi-igurtzi eginda utzi zuenean, musika bandako flauta baino meheago. Karlisten gaiztakerien aurka ozenki mintzatzen zen Brokolo. Behin, espioitzan ari izandako emakume bati nolako zigorra eman zioten ari zen kontatzen; hogei makilakada eman omen zizkioten alajaina, zerekin eta… alpargata batekin! Beste behin, Hondarribira joateko afanetan omen zebilen, aspaldi itsututako izeba zaharrak bera ikusteko gogoak zegoela abisu bidali ziola eta.

Entzutekoa izan behar zuen, baita ere, haren amak emango zion erantzuna, aita hil ondoren aitaren partiak erreklamatzera joan zitzaionean. Herentzia edo esan nahiko zuen berak, baina…

Dena dela, bihotz oneko gizona izan behar zuen zalantzarik gabe; behin Zurriolan itsaso gaiztora salto egin zuen, bere burua itotzera botatako emakume komediante bat ateratzeko.

Brokolo noiz jaio eta hil zen ez dugu inon jakiterik izan; haren erretratua ere, damurik, ez dugu inon aurkitu.

 


Gervais Dupoy, Jose

Jose Gervais Dupoy

Donostiartutako kanpotar horietako bat izan zen Jose Gervais. Castillonen (Frantzia) sortu zen 1871ko uztailaren 6an. Txiki-txikitatik lan artistikorako joera eta erraztasun handia izan zuen: grabatugintzan, heraldikan eta zizelgintzan lan egin zuen bere bizitza guztian.

Hogeita bi urte besterik ez zituelarik, 1893an Angouleme-n sari garrantzitsua irabazi zuen bere lanekin. Beranduago, Euskal Herrira etorri zen bizi izatera; Baionan ireki zuen lantegia lehenbizi, baina mendea hasi bezain laster Donostiara etorri zen. Bertan ezkondu eta geldituko zen betiko. Bere lantegia Hernani kalean jarri zuen; oraindik orain haren oinordekoek segitzen diote lanbideari, eta bertan ikus daiteke bitxi-denda, lehengo izen zaharrarekin: «Gervais».

Bere lanaz gain, kiroletan nabarmendu zen Jose Gervais. Umetan izandako istripu batengatik, berak ezin zuen kiroletan jardun, baina antolatze lanetan ikaragarria izan zen, kirol guztietan eta txirrindularitzan batez ere. Fortuna Kirol Elkartean egon zen beti, eta bertatik bultzatu zituen makina bat txapelketa, lasterketa eta abar: Espainiako errepideko txapelketak, ziklo krosekoak, probintziako txapelketak… Behobia-Donostia lasterketa antolatzen ere maiz aritu izan zen.

Famatuak ziren Gervaisek epaile gisa egindako lanak. Oso zorrotza zen arau kontuetan; kirolariren bat harrapatzen bazuen arauz kontrako jokabidetan, hantxe mehatxatuko zuen makilaz, frantsesezko biraoez infernutarren artera bidaltzen zuen bitartean.

Bestela, oso bihotz onekoa omen zen. Bere pozik handiena, ziur asko, 1949ko uztailaren 9 eta 10ean izan zuen: Frantziako Tour-eko etapa amaitu eta hurrengoa hasi zen Donostian. Urtetako ametsa, ordea, ez zuen ikusterik izan: ziklo kroseko munduko txapelketa Oñatin 1953an; antolatze lanetan buru-belarri ibili zen, baina zoritxarrez lehenago hil zen Gervais.

Hil aurretik esana utzi zuen bere hiletan ez zuela lorerik nahi. Denek errespetatu zuten Gervaisen azken borondatea, baina hileta amaitzear zegoela, Frantziako kontsulak bidalitako lore-sorta iritsi zen, kolore zuri-gorri-urdin eta guzti.

Goiz hotz batean hil zen Jose Gervais Donostian, 1951ko martxoaren 2an.


Agirre-Miramon, Jose Manuel

Jose Manuel Agirre-Miramon

Donostian jaio zen Jose Manuel Agirre-Miramon. Familia oneko semeek garai hartan ohi zuten bezala, lehen ikasketak Bergarako Seminarioan egin zituen. Gero, zuzenbide ikasketak Oñatiko Unibertsitatean bukaturik, zuzenbide katedra lortu zuen Zaragozako Unibertsitatean. 1837an Castro Urdialeseko (Santander) epaile izendatu zuten, eta Euskal Herriko epaitegiak sortu bezain laster Tolosako epaile izan zen. Handik Gasteizera, eta beranduago Filipinar irletara bidali zuten, Manilako auzitegiko epaile gisa; bertan egon zen 1859ra arte.

1869an Gipuzkoako diputatu nagusi izendatu zuten. Euskal foru eta lege zaharrak arrisku bizian ziren urte haietan. Euskal Herriak bere izatea babestuko bazuen, bere seme-alabarik prestuenak behar zituen bere alde lanean. Horietakoa izan zen Agirre-Miramon. 1876ko uztailaren 21ean foruak kendu baino lehen, Espainiako Senatuan foruen aldeko hitzaldi suharrak egin zituen, Sanchez Silva senadorearen hitz iraingarriei erantzunez.

Garai hartako zientzi eta zuzenbide elkarteetako kide izan zen, eta lan asko argitaratu zuen, batez ere itsasoz bestaldeko herrialdeei buruzko lege kontuetan: Aplicación de la Ley Hipotecaria y del Código Penal a las provincias de ultramar, Consejos de Administración de Ultramar, etab.

Horrez gain, Agirre-Miramon euskaltzale jator-jatorra izan zen. Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarra (lore-jokoak eta euskal festak antolatzen zituen erakundea) sortu zenean Agirre-Miramon izendatu zuten estreinako lehendakari. Izan ere, ordurako 1880an Gipuzkoako Diputazioko lehendakari baitzen.

Donostian hil zen Jose Manuel Agirre-Miramon 1887. urtean.



Top