Goia Mendiola, Maria Dolores

Maria Dolores Goia Mendiola

Euskal irakaskuntzaren historian zati garrantzitsua osatu zuen Donostian Maria Dolores Goia andereñoak. Elbira Zipitriarekin batera, ikastolen eta euskal eskolen zutaberik garrantzitsuena izan zen.

Donostian jaio zen 1913ko otsailaren 19an. Batxilergoa librez egin eta gero, hemeretzi urte besterik ez zituela lortu zuen Maistra titulua, 1932an. Etxaide kaleko ikastolan lanean aritu zen, baita Oiartzun ere ordezkapen bat egiten. Diputazioaren auzo eskola (Escuelas de Barriada) izeneko euskal eskola publikoetan sartzeko azterketa gainditu ez zuelarik, 1936. ekainean Estatuko maistra izateko oposiziotan hasi zen Donostian; oposizioko bigarren atala eskola batean praktikak egitea zen, beraz urrian egin behar zen, baina irailaren 13an erreketeak  Donostia hartu zuten. Bilbora joan zen orduan M. Dolores Goia, bere burua Hezkuntzan aurkeztu eta Plentziako eskola publikora bidali zuten praktikak egitera, Gernika bonbardatu zuten arte, Errepublikak eskola guztiak itxiarazi baitzituen.

Orduan Jaurlaritzan aurkeztu zuen bere burua eta , La Habana itsasontzian abiatu zen Britainia Handiko Southamptonera eta handik Wight uhartera 25 bat neskaren ardurarekin; bederatzi hilabete egin zituen bertan. Handik, Parisa, eta gerra bukatu zenean, 1941an itzuli zen Donostiara.

Ez zen denbora luzean geldirik egon: ederki kostata, urte berean baimen guztiak eskuratu zituen Ergobian eskola berri bat zabaltzeko; erdarazko eskola unitario horietakoa zen noski. Eskola hura bere ahizpari pasa zion eta Martutenen zabaldu zuen beste eskola bat, 1946an eskola hura itxi egin zuen, eta puska baterako Goiak utzi egin zuen irakaskuntza. Parte Zaharretik Grosera aldatu zen familia eta 1951n Karkizano kalean ikastola sortu zuen, Elixabete Maiztegiren aholkularitza jarraituz. Ikastola horrek izenik ere ez zuen, guztiz isilpekoa baitzen; Karkizanoko ikastola, Groseko ikastola edo Goiatarren ikastola esaten zioten. Jakina, bere etxean zegoen ikastola, kale horretako 8. atarian. Hamabi bat metro karratuko logela prestatu, eta hantxe hasi zen 20 ikaslerekin, denak 9 urtez beherakoak, 10 goizez eta bestak arratsaldez ikasten zuten. 1964an bere alaba Miren Egañak magisteritza bukatu zuenez, amari laguntzen hasi zitzaion aldameneko gelan; Miren Egañari zor dizkiogu, hain zuzen, azalpen hauek eta aldameneko argazkia.

Hurrengo urtean, 1965ean etxe azpian behegaina alokairuan eskaini zien ikastolako guraso izandako batek, eta hara aldatu zuten ikastola. Pixkanaka, aldameneko lokala ere hartu zuten, eta horrela jarraitu zuten, 1968an gobernadore zibilak ikastolak legeztarazi zituen arte. Orduan, Jose Maria Mujika San Inazioko parrokoarengana jo zuten eta, Elizaren babesean Colegio Parroquial Iñigo de Loyola izenaz legeztatu zen ikastola ekaineko 1970ean.

Dirubide bakarra gurasoek ordaindutako hilerokoa zuten. Hasieran, 20 pezeta hilean, gero bost duro; 1975ean, 500 pezeta. Kontraturik edo aseguru sozialik ez zuten izan ikastola legalizatu zen arte.

Hasieran Itun Barria, Fermin Iturriozen Txomin ikasle eta Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxo zituzten ikasliburu bakarrak. Durangoko lehenengo liburu azokara joan, eta handik Julene Azpeitiaren Umien adizkidia ere eskuratu zuen M. Dolores Goiak; bizkaieraz zegoen idatzia, eta umeak zelebre samar ibili omen ziren Begoñako Ama neskutza Bizkaiaren zaindarija bezalakoak gipuzkerazko jota garratzez irakurtzen… Geroago, Bernardo Estornes Lasaren Sabin euskalduna irakurgaia eta Fermin Iturriozen Lutelestia iru mailatan geografia liburua ere izan zituzten.

1970an gaixoturik, Maria Dolores Goiak utzi egin behar izan zuen irakaskuntza; bere alaba Miren Egañak jarraitu zuen 1975era arte, urte hartan ikastola ixtea erabaki zuen, ikasleentzat Donostiako beste ikastoletan lekua bilatu ondoren.

Donostian hil zen Goia andereñoa, 1986ko abuztuaren 29an, hirurogeita hamahiru urte zituen.


Garmendia Kortari, Juan

«Zeleta»

Lasarten jaio zen 1898kan, baina hamabi urte zituela Soraluzera joan zen bere familiarekin, han arma lantegia jarri baitzuten. Bera ere armagintzan hasi zen, baina osasun arazo larriak zirela eta, lantegia utzi eta saltzaile lanetan hasi zen. 1933an Tafallan eta Logroñon bizi izan zen, osasun arazoek eraginda. Bilbon bolada bat pasa ondoren, 1944an Donostiara etorri zen bizi izatera. Bertan gelditu zen ia hil arteraino. Begoña izeneko liburudenda jarri zuen, urtetan donostiar euskaltzale askoren biltoki.

Idazle gisa ere nabarmendu zen, batez ere antzerkigintzan. Gazterik hasi zen, 1914an, bere kolaborazioak egiten aldizkarietan, eta 1921ean Itxutasun madarikatua irri antzerkia argitaratu zuen; hurrengo urtean Joxanton’en eriotza kaleratu zuen; 1933an Patxi Kirten bakarrizketa. 1955ean Euskeraren iraupena eta euskal literaturaren aurrerapena hitzaldia argitaratu zuen. Horrez gain, etengabe argitaratu zituen artikuluak Euzko-Gogoa, Egan, Euskera, Argia’ren egutegia, Olerti, Arantzazu eta Zeruko Argia aldizkarietan. Euskaltzain izan zen. Bere idazlanetan Zeleta izengoitiaz gain beste batzuk ere erabili zituen: Garmendia’tar Jon, Jeltzale eta Berrizki.

Gaztetandik Logroñon zuen etxean hil zen 1989an, laurogeita hamaika urte zituela.


Olaizola, Jose

Jose Olaizola

Hernaniarra izan arren jaiotzez, Donostian egin zuen bere bizitzaren zatirik handiena. 1883ko urtarrilaren 27an sortu zen; gaztetatik izan zuen musikarako joera garbia, eta Donostiara etorri zen pianoa, organoa eta armonia ikastera.

Musika eta antzerki lanak, horiek izan ziren bere bi langintzak; askotan, biak batera egiten zituen, antzerki lanak musika eta guzti, alegia.

Bere lehen konposizioa 1908an eman zuen Donostian bertan, Markesaren alaba izeneko drama, eta hurrengo urtean Inglesaren euritakoa, euskal jaien barruan. 1909an bertan, Euskal-Esnalea aldizkariaren lehiaketan Iziarcho edo Ama zerutarra’ren eskarra izeneko ipuina saritu zioten.

Eusko Ikaskuntzak 1918an Oñatin egin zuen batzar ospetsuaren barruan Oleskari zarra lana eman zuen. Askotan saritu zizkioten bere lanak: Bigar arte? Ja, jai! 1919an Donostian; Gora, gora, antziñako legiak 1922an Gipuzcoarra aldizkariaren lehiaketan; eta abar. Abelino Barriolarekin batera Zori gaiztoko eguna obra eman zuen. Beste antzerki lan asko eraman zuen taula gainera: Basa-jauna, Amets urdiñak, Sorgiñeta, Ume zurtza, Asto txistularia, Urte leloak, Biotz illun, Udazken danean, Mendietan, Gurutzearen oñetan… 1928an Txisto ta txistariak izeneko hitzaldia eman zuen,

Artikulu eta kolaborazio asko argitaratu zituen Gipuzcoarra, Euskalerria eta Txistulari aldizkarietan. Hitzaldi asko eman zituen, euskaraz beti. 1968an omenaldi handia egin zioten Bilbon eta Donostian.

Olaizola Donostian hil zen 1969ko ekainaren 8an, laurogeita sei urte zituela.


Loidi Peña, Fabian

Fabian Loidi Peña

Añorgan sortu zen Fabian Loidi 1907ko abenduaren 22an. Gurasoak oriotarrak zituen, baina Kubara joan eta hango gerratik ihesi etorri ziren Añorgara.

Lehen ikasketak Andoainen egin ondoren, apaiz izateko joan zen ikastera Saturraranera lehendabizi, eta Gasteizera gero. Bertan apaizturik 1935ean, bere lehen apaiz lana Musitun (Araba) izan zuen. Gerrak han harrapatu zuen; norbaitek salaketa egin, eta preso hartu zuten frankistek. Lizarra aldera trenean zeramatela, tunel baten ilunean ihes egitea lortu zuen. Mendiz Lizarrara iritsi eta ezagun batzuen etxean gorde zen. Geroago, erregularretako kaperau gisa ere ibili zen Marokon.

Bere lehen poemak gerra aurrekoak dira. 1934an Zarautzen izandako Euskal Olerkiaren V. Egunean lehen saria irabazi zuen Oriyo’ko umezurtza poemarekin. Aita Manuel Lekuonaren iritziz, hori izan zen Loidiren literatur gailurra.

Gerra amaituta, Karrantzako (Bizkaia) bi auzo parrokien ardura eman zion Lauzirika gotzain frankistak, zigor gisa, 1946an Igeldoko parrokiara bidali zuten arte. Hortik aurrera, esan liteke bere bizitza osoa Igeldon egin zuela Fabian Loidik.

Bere poesia lana ez zen, ordea, gerrarekin bukatu. 1950ean Aizkolariak poema saritu zioten Donostian, orduko «Educación y Descanso» zeritzanak antolatutako lehiaketan. 1953an Gipuzkoako Foru Aldundiko lehiaketan Ixildu eziña poemarekin saria irabazi zuen. Beste poema sarituak izan ziren: Meza berria, Erne Naparroa, Arraunketa, eta Bateltxoa kulunkaz.

Bere poema libururik ezagunena 1977an argitaratu zuen, Tolosako Kardaberaz argitaletxean,Txiruliruka izenaz. Egilearen izena «Paben Loidi» ageri da liburu horren azalean.

Apaiz lanaz gain, Igeldon beste zaletasun bat erakutsi zuen: bidaiak egitea. Frantzia, Suitza, Austria, Bulgaria, Danimarka, Ingalaterra eta beste noranahi eraman zituen Igeldoko taldeak, berak antolatutako txangoetan. Gazteentzako areto bat ere sortu zuen parrokiaren babesean, antzerkia, zinema eta halakoak antolatzeko. Azken urteetan, ordea, istilu latzak izan zituen bertako gazteekin, politika kontuak zirela eta.

Igeldon hil zen Fabian Loidi, 1985eko apirilaren 8an, hirurogeita hamazazpi urte zituela. Hemengo xehetasun gehienak, baita argazkia ere, Alex Aisa igeldotar adiskide Bagerakideak emanak dira.


Estornes Lasa, Jose

Jose Estornes Lasa

Estornestarren arteko hau, 1913ko apirilaren 17an jaio zen Isaban, Nafarroako Erronkarin. Bere idazlan batzuetan «I. de Obanos» goitizena erabili izan zuen.

Gerra zibila etorri arte, merkataritza ikasketak egin zituen Zaragozan. Gerran gudarien komandante izan zen, Loiola eta Simon Bolivar guda taldeetan. Santoñan preso harturik, preso trukean utzi zuten libre 1938ko urtarrilaren 21ean. Handik Kataluniara joan zen, Ebroko Armadako XII gudarostera. Gerra amaituta, Frantziara ihes egin zuen, eta handik Venezuelara 1940an. Bertan bizi izan zen hogeita hiru urtez, eta ezkondu Luz Miangolarra Gorostiaga gernikarrarekin.

Buenos Airesen, 1948an bere lehen liburua argitaratu zuen: La Real Compañía Guipuzcoana de Navegación de Caracas.

Venezuelatik hasi zen bere euskal idatziak argitaratzen 1960tik aurrera, Zeruko Argian eta Príncipe de Viana-ko euskal orrian.

Urte hartan bertan Donostian argitaratu zuen bere lanik ezagunena: Cómo aprender el euskera fácilmente. Koldo Mitxelenaren iritziz, ondo egindako eta hobeki argitaratutako liburua da hori. Berehala saldu ziren ale guztiak, eta 1964rako bigarren edizioa egin behar izan zuten.

Aurrez, 1962an Caracaseko Unibertsitatean administrazioko ikasketak amaitu zituen, eta katedra lortu zuen Santa Mariako Unibertsitatean.

Euskal Herrira itzulirik 1963an, Donostian jarri zen bizi izatera; bertan jarraituko zuen hil artean.

Lan asko egina eta ekintza askotan parte hartu izana zen Jose Estornes: Iruñeko Herriaren Adiskideetako eta Euskal Kulturaren Batzarreko lehendakari, Euskaltzaindiko kide, Euskal Herrian Amnesty International erakundea sortu zuenetako bat, eta ororen gainetik Euzko Alderdi Jeltzaleko kide izan zen, Napar Buru Batzarreko burukide.

Liburu eta artikuluetan gai asko landu zuen, aipatuak ditugunaz gain: Método elemental de vasco (1961); Los vascos y la universidad (1970); Nuestro Pirineo y la defensa de la naturaleza (1973); Derecho Foral Penal de Euskalerria (1978), eta abar. Guztien artean, ale zoragarri bat: Erronkari’ko Uskara (1961). Bera erronkariarra izanik, bertako euskara zaharraren adibideak bildu zizkien Mariano Mendigatxa eta orduan oraindik bizirik gelditzen ziren erronkariar euskaldun bakanei. Eskaintzak honela dio: Simona Anaut eta Erronkári’ko Irietan Uskáraren árima sálbatu deinér eta oraino uskaraz ele-erraitan dein gizon-emazte guzuer eskeintan dabéi libro kau gogo onez.

Bere gerra garaiko oroitzapenak Un gudari navarro en los frentes de Euzkadi, Asturias y Cataluña liburuan (1979) utzi zituen. Donostian hil zen Jose Estornes 1987an.


Valverde Casas, Antonio

«Ayalde»

Errenterian sortu, urte luzetan Donostian bizi, eta Oiartzunen hil zen Ayalde ezizenez ezagututako pintore, idazle, euskaltzale eta inprentaria. 1915eko urtarrilaren 17an jaio zen; familiaz zetorkion inprentari sena: bere aitona Bernardo Valverdek sortu zuen Irunen 1880an El Bidasoa aldizkaria eta inprenta. Lanbide horri jarraitu zion Antonio Valverdek bizitza osoan. Hasieran, inprenta Errenterian izan zuten, eta 1941etik aurrera Donostian. Haren seme Antton Valverde kantariak eman dizkigu argibide hauek gehienak, baita argazkia ere.

Gazterik erakutsi zuen arterako zaletasuna; Ascensio Martiarenarekin ikasi ondoren, 1935ean Artista Berrien saria eman zioten lehenengoz, eta gerra ostean 1942an berriro ere bai. Ayaldek eta bere belaunaldiak modernitatearen zentzua ekarri zuten euskal arte mundura. Alor guztiak landu zituen Valverdek: pintura, marrazkia, litografia, grabatua, akuarela, eta abar; estilo guztietan: errealismoan hasi eta kubismora iristeko.

Urte askotan Gipuzkoako Foru Aldundian egiten zen tertulia hartako kide izan zen J. Artetxe, F. Arozena, G. Altube, K. Mitxelena, M. Agud, J.I. Uria, J. Aranburu, A. Irigarai, K. Santamaria, I.M. Barriola, M. Pelay, J.M. Sansinenea, J.M. Zumalabe, eta abarrekin batera; noizean behin, Jorge Oteiza ere agertzen omen zen.

Ayalde saltsa guztietan sartuta ibili zen, 50 eta 60ko hamarkada zail haietan. Semeak dioenez, haren nortasunari hobekien dagokion adjektiboa liberala izan daiteke; ideia eta jarrera guztiekiko errespetua zuen, eta ez zuen harrokeria edo zurikeria batere maite. Idazteko eta margotzeko bakardadea bilatzen zuen arren, etxekoia zen; Maria Dolores Lamsfus Retegi errenteriarrarekin ezkondua zen.

Berrogei bat urte beteak zituela hasi zen euskaraz ikasten, Elbira Zipitriarekin, erdi ezkutuzko eskoletan. Bere bizitzari ikuspegi eta adiskide berriak gehitu zizkion euskaldun sentitu eta izateak. Handik aurrea, etxean nahiz kalean euskaltzale sutsu bihurtu zen Ayalde. Bertso munduan asko sartu zen, eta Euskaltzain izendatu zuten. Euskara batuaren aldeko izan zen hasieratik, eta Koldo Mitxelena lagunarekin sarritan ari izan zen gai horretaz.

Bere idazle lanak El Bidasoa,  Oarso, Olerti eta batez ere Egan aldizkarian argitaratu zituen: Mari Beltza (1956, P. Barojaren itzulpena); Erti-Berriak (1957); Marc Chagall (1957); Picasso (1957); Bestearen Lekuan (1958); Izugarri baten jarduna (1958); eta Darío Regoyos (1960). 1965ean Con fondo de txistu liburua argitaratu zuen, eta hil ondoren 1970an Ibar ixillean ipuin, olerki eta entsegu bilduma kaleratu zioten; azken horren barruan, Euskel-Eskolari buruz lana dago, J. San Martinen iritziz euskal pintura modernoaren azterketarik zorrotzena.

Oiartzungo etxea bakardadean lan egiteko iheslekua izan zen Ayalderentzat. Uda osoa han igarotzen zuen familiak; Donostiako «jendetzak» (pentsa 1950-60 urte inguru haietan!) nekatu egiten omen zuen. Heriotzak bertan harrapatu zuen 1970ko uztailean, berrogeita hamabost urte zituelarik. Berak hain maite zuen eta hainbestetan pintatu zuen Oiartzungo herriak Ayalde izena jarri zion kale bati.


Maiztegi Arrizabalaga, Elisabete

Elisabete Maiztegi Arrizabalaga

Soraluzen jaiotakoa izan arren, aita hil zitzaionean Donostiara etorri zen bizi izatera umetan; bertan egin zuen bizitza osoa. Gazterik, Eskola Normalean maistra izateko ikasi zuen gerra zibilaren aurretik. Ikasle garai haietan Elbira Zipitria ezagutu zuen, eta harekin hasi zen alfabetatzen eta euskara sakontzen.

Gerra hasi gabe zelarik, bere lehen irakasle lana Areson izan zuen, Nafarroan. Orduan, eskoletan euskaraz egitea debekatuta egon arren, ahal zen gehiena egiten zuen umeekin (kantak, antzerkia, eta abar). Haurrekin egindako antzerki lan baten kronika polita dago El Día egunkarian (1936-06-17), euskaraz eta Uzturrek sinatua. Garai hartan asko lagundu zion Juanita Zia, Leitzako maistrak; hura ere oso euskaltzalea zen baita ere, eta elkarrekin joaten ziren biak Tolosara, Lopez Mendizabalenera euskarazko ikasliburuak erostera. Maiztegi nesken irakaslea zen, eta Juan Erentxun (pintorearen anaia), mutilena. Euskaraz aritzen zirela eta, salaketa izan zuten. Lehendabizi, Elisabete Abaurregainera (Aezkoa, Nafarroa) konfinatu zuten, eta azkenerako agintari frankistek irakasle izatea debekatu egin zieten biei. Elisabetek ez zuen irakaslegora itzultzerik izan Franco hil arte.

Maiztegi 1935eko abenduaren 12an ezkondu zen Florentino Garaialde Altolagirre ataundarrarekin; hura Areson zegoen sendagile eta han elkar ezagututa ezkondu ziren. Gerra piztu zenean, Ataunera joan ziren, eta han bizi izan ziren 1942an Donostiara etorri ziren arte.

Donostian, seme-alaba gazteenentzat euskarazko eskolaren bila hasita, berehala elkartu zen berriro Elbira Zipitriarekin. Garai hartan, andereño Elbiraren ikastola Axentxi Goenagak bere etxean utzitako gela batean zegoen. Maiztegi eta Goenaga izan ziren guraso taldeko eragile. Baita ere, Karlos Santamaria, J.M. Zumalabe eta abarren eraginez Santo Tomas Lizeoa sortu zenean, Maiztegik hara bidali zituen bere seme-alabak.

Irakaskuntzaz gain, bestelakoetan ere jardun zuen Maiztegik. 1960 urtearen inguruan, Loiola Irratia Donostian sortu zuenetakoa izan zen, Kanpandegi kalean, Gerardo Bujanda, Muñoz, Etxebeste, Mendizabal okina, eta beste zenbaitekin batera. Orixe hil zenean, 1961ean, Maiztegik eta beste euskaltzale batzuk, bakoitzak 100 bana pezeta jarrita lortu zuten hilobi ederra erostea; Zumalabek diseinatu zuen, eta bertan egon zen Orixeren gorpua, Orexara eraman zuten arte.

Gezurra badirudi ere, Franco hil ondoren Elisabete Maiztegik borroka egin zuen bere irakasle lana berreskuratzeko. Horrela, 1978an Jaeneko herri txiki batera bidali zuten, baina plaza jabetzan hartuta, Donostiako Zuhaizti eskolara etorri zen. Hiru urte egin zituen bertan, pozaren pozez haur txikiekin, 70 urte betetzean derrigor erretiratu behar izan zuen arte. Hala ere, ez zioten inoiz erretiro saririk jasotzeko eskubiderik aitortu!

Bagera Elkarteko kideok, Donostiako euskaltzale guztien izenean, omen egin genion Maiztegiri, baita beste zenbait euskaltzaleri ere, 1992ko abenduan; aitormen apala, bizitza osoan euskaltzaleen arrastotik saiatutakoarentzat!

Laurogeita lau urte zituela neumonia batek jota hil zen, azken ordura arte burua argi zuela, 1996ko uztailaren 19an, bere familiakoen maitasunaz inguraturik.

Xehetasun hauek eta argazkia Arantza Garaialde, Elisabete Maiztegiren alabari zor dizkiogu.

 


Zugasti Iriondo, Anizeto

Anizeto Zugasti Iriondo

Altzan jaio zen Anizeto Zugasti 1904an. Ama alargundurik, bera eta bere anaia, apaiz batekin hazi ziren. Hamalau urte zituelarik, hezurretako gaitza sortu zitzaion; hiru aldiz operatu zuten, baina hazteko garaian zegoenez, hanka bat beste baino motzago gelditu zitzaion betiko.

Ikasketak Gasteizen eginik, 1927an apaiztu zen. Arabako Lantziegon apaiz-lagun eta organo jole gisara urte batzuk egin ondoren, Pasai San Pedrora joan zen kaperau Bigarren Errepublikaren garaian. Bertan zegoen 1936an; hala kontatzen zuen berak:

«— Gerra piztu zenean ni San Pedron nintzen, Pasaian. Ez zitzaidan ezer gertatu. Trintxerpen baziran gaiztoak, CNTkoak, baina nik ez zuen sotana kendu».

Ordu arte, 1936 arte alegia, Zeruko Argia aldizkariko zuzendariorde izan zen. Bertan eta Arantzazu, Egan eta Euskal Esnalea aldizkarian argitaratu zituen bere idazlanak: Bareak ipuina 1926an; Mendi-mendian 1932an; Maiatzeko loreak 1950ean; Argibidea hurrengo urtean; Jesus’en Biotza’ren illa eta Bederatziurrenak 1951n; Entzi’ko Andra Mariaren Bederatziurrena 1952an; Argi-bide txikia 1954an; Ikasgaiak baserritako neskatxentzat 1955ean Nemesio Etxanizekin batera; Neska-Mutikoentzat Eliz-liburua 1957an; eta Itun Berria 1967an, Orixerekin eta Kerexetarekin batera.

Euskara batuaren aurkako porrokatua izan zen, Euskerazaintza sortu zuenetakoa. Hala ere, «hizkuntza batentzat inportanteena egitea da, zer dago euskeraz egitea baino hoberik euskerarentzat?» zioen.

Ideia zaharretakoa zen Zugasti. Haurrak hezteko jotzea begi onez ikusten zuen, baita heriotza zigorra ere.

Donostian hil zen 1983an, Artzain Onaren katedraleko benefiziadua zelarik.


Artetxe Aranburu, Jose

Jose Artetxe Aranburu

Azpeitian sortu zen 1906ko martxoaren 12an, baina bere bizitzaren zatirik handiena Donostian egin zuen. Gazte-gazterik, ikasketak utzi eta lanean hasi behar izan zuen, familiaren diru estuasunak nolabait arintzeko. Hala ere, idazle sena barruan zeraman, eta 21 urte zituelarik hasi zen bere artikuluak argitaratzen. Asko idatzi zuen, gehienetan erdaraz, baina euskaraz ere asteroko zutabea izan zuen Zeruko Argia aldizkarian hasiera-hasieratik; Eganen ere artikulu asko argitaratu zituen 1951tik aurrera. 1962an hitzaurrea idatzi zion aita Goenagaren Agurea eta atsoa liburuari.

Erdaraz gipuzkoar eta euskaldun ospetsuen biografiak idatzi zituen: Loiolako Inazio, Xabierreko Frantzisko, Elkano, Urdaneta, Legazpi, Lavigerie, eta beste hainbat. Saiakera ere idatzi zuen; ezagunena Saint-Cyran lana da, euskal jansenismoaren azterketa zorrotza.

Erlijioa eta Euskal Herriaren antzinako egoera izan zituen bere lanen ardatz. Atzera begira sortu zituen, beraz, bere lanik garrantzitsuenak. Izan ere, Artetxek bazuen kontraesan aski sendorik bere garaiko arazoetatik ihes egiteko: euskal duintasunaren alde mintzatu arren, ez zen sekula Francoren zapalkuntzaren aurka azaldu.

Hala ere, Gipuzkoan eta Euskal Herrian oro har ospe handia izan zuen, eta ezin konta halako hitzaldiak egin zituen herririk herri.

Hil hurren, bere obrarik garrantzitsuena argitaratu zuen 1970an: El abrazo de los muertos, gerra zibilean berak idatzitako egunkaria hain zuzen.

Hurrengo urtean, 1971ko irailaren 23an hil zen Jose Artetxe Donostian, hirurogeita bost urte zituela. Hil ondoren omenezko hitzak eskaini zizkioten Zeruko Argia aldizkarian Nemesio Etxanizek, Xalbador Garmendiak, Yon Etxaidek eta Luis Haranburu Altunak, besteak beste.


Urreta Etxebeste, Miguel

Miguel Urreta Etxebeste

Billabonan jaio zen Karraskedo eta Olarra’tar Jakinda antzerkigile eta idazlea, baina bere bizitzaren zatirik handiena Donostian egin zuela esan daiteke. 1895eko otsailaren 10ean sortu zen, eta gaztetan hasi zen bere lehen artikuluak argitaratzen Euskal-Esnalea aldizkarian.

Antzerkigintzan nabarmendu zen, batez ere, Karraskedo. 1933an Txokolotxerrri txatalari bere lehen antzerki lana argitaratu zion Antzerti aldizkariak (23-24 zk.). Hurrengo urtean, aldizkari horretan bertan kaleratu zen Etxe aldaketa, eta hurrengoan, 1935ean alegia, Garo-Usaia.

Sari asko irabazi zituen bere antzerki lanak taularatuta. Besteak beste, Euskal Antzerkiaren Eguna hirugarren aldiz ospatu zenean lehen saria eman zioten Karraskedori Garo-Usaia lanagatik; Victoria Eugenia antzokian jokatu zen 1936ko maiatzaren 17an, eta hurrengo eguneko egunkarietan gorespen handiak jaso zituen. Karraskedo Gipuzkoako baserri giroko bizimodua erretratatzen ahalegindu zen obra horretan, eta kritikarien ustez Domingo Agirreren Garoa eleberria antzerkira eramateko saioa izan zen.

Isilaldi luze baten ondoren, frankismoaren ilun denborak argitzen hasi zirenean, 1965ean «Toribio Altzaga» antzerki saria irabazi zuen Laratzean sua obrarekin.

Bizitza osoa antzerkiari emanik, Donostian hil zen Jazinto Karraskedo 1988an, laurogeita hamahiru urte zituela.


Karraskedo Olarra, Jazinto

Jazinto Karraskedo Olarra

Billabonan jaio zen Karraskedo eta Olarra’tar Jakinda antzerkigile eta idazlea, baina bere bizitzaren zatirik handiena Donostian egin zuela esan daiteke. 1895eko otsailaren 10ean sortu zen, eta gaztetan hasi zen bere lehen artikuluak argitaratzen Euskal-Esnalea aldizkarian.

Antzerkigintzan nabarmendu zen, batez ere, Karraskedo. 1933an Txokolotxerrri txatalari bere lehen antzerki lana argitaratu zion Antzerti aldizkariak (23-24 zk.). Hurrengo urtean, aldizkari horretan bertan kaleratu zen Etxe aldaketa, eta hurrengoan, 1935ean alegia, Garo-Usaia.

Sari asko irabazi zituen bere antzerki lanak taularatuta. Besteak beste, Euskal Antzerkiaren Eguna hirugarren aldiz ospatu zenean lehen saria eman zioten Karraskedori Garo-Usaia lanagatik; Victoria Eugenia antzokian jokatu zen 1936ko maiatzaren 17an, eta hurrengo eguneko egunkarietan gorespen handiak jaso zituen. Karraskedo Gipuzkoako baserri giroko bizimodua erretratatzen ahalegindu zen obra horretan, eta kritikarien ustez Domingo Agirreren Garoa eleberria antzerkira eramateko saioa izan zen.

Isilaldi luze baten ondoren, frankismoaren ilun denborak argitzen hasi zirenean, 1965ean «Toribio Altzaga» antzerki saria irabazi zuen Laratzean sua obrarekin.

Bizitza osoa antzerkiari emanik, Donostian hil zen Jazinto Karraskedo 1988an, laurogeita hamahiru urte zituela.


Zubimendi, Joseba

Joseba Zubimendi

Errepublika garaiko donostiar poeta ezagun eta, ziur asko, onenetakoa izan zen Zubimendi’tar Joseba. 1898ko martxoaren 12an jaio zen, mendearen amaieran beraz.

Gazterik hasi zen bere poematxoak argitaratzen han eta hemen, Euskal Esnalea, Argia eta Aurrezki Kutxaren Juventud aldizkarietan, eta Euzkadi edo El Día egunkarietan. Berehala hasi zen, baita ere, sariak jasotzen; 1929an lau eman zizkioten, bai poema bai prosa lanengatik.

Hiru urte beranduago, 1932an argitaratu zuen Olerkiak bere lehen poema liburua, J.A. Agirreren hitzaurreaz. Bigarren liburua, Zumalakarregi, poematxoak izenekoa 1935an kaleratu zuen.

Olerkigintzaz gain, itzulpenak egin zituen, besteak beste A. Etxaberen Mirentxu antzerki lana (1934). Baita ere, aldizkari eta egunkarietan artikulu asko idatzi zituen; aipagarrienak dira: «Lenengo bertsolari eguna» (Yakintza 1935) eta bertsolarien lehen kongresuaz egindako kronika (Eusko-Deya, Paris 1936). Bestalde, Donostiako El Pueblo Vasco egunkariak igandero ateratzen zuen euskal saileko arduradun izan zen, eta Donostiako Orfeoian tenore bakarlaria; baita ere, Eusko-Abesbatza sortzen lagundu zuen.

Beste hainbatek bezala, Francoren gudarosteak Donostia hartu zuenean ihes egin behar izan zuen. Lapurdiko Kanbon hil zen 1939ko irailaren 29an, berrogeita bat urte zituela.

 


Mujika Mujika, Gregorio

Gregorio Mujika Mujika

Serapio Mugica kronista eta artxibo ikerlariaren semea zen. Ormaiztegin jaio zen 1882ko Gabon egunean. Hiru urte beranduago, 1885ean familia Beasainera aldatu zen, eta hurrengo urtean Gregorio Bergarako dominikoetara joan zen ikastera.

Mendea hasi berri, 1900ean batxilergoa lortu zuen Donostian; geroztik, ingeniari industrial eta mekanika ikasketak egin zituen. Handik aurrera Donostian bizi izan zen.

Hogeita bost urte gaztea zela hasi zen bere lehen hitzaldiak egiten euskaraz; berehala, Euskal-Esnalea elkarteko idazkari izendatu zuten. Idazten ere hasi zen urte haietan, RIEV aldizkarian batez ere. 1907an Lorak eta ogia izeneko ipuina saritu zioten Donostian.

Bere lanik garrantzitsuena 1911n egin zuen, Euskalerriaren Alde izeneko aldizkaria sortu zuenean. Orrialde haietatik etengabeko lana egin zuen idazle gazteak ezagutarazten. Langile nekagaitza izan zen Mujika; denetan aritzen zen batera: El Pueblo Vasco egunkarian, Argia astekarian eta Bilboko Euzkadi egunkarian idazten zuen; literatur sariketak prestatzen zituen (guztira, 1.260 bat lan eginarazi zituen!); Eusko Ikaskuntzak Oñatin 1918an egin zuen batzarreko idazkari izan zen… Ez zen geldirik egoteko gizona, ez horixe.

Aldizkarietako artikulu eta olerkiez gain, liburuak ere kaleratu zituen: Eibar’ko seme ospatsuen berri batzuek (1907); Ernaniar ospetsuak: Iturriaga, Kardaberaz, Urbieta (1910); Maitasunez erein eta Zurtasun gogoa (1910, Nazario Oleagak euskaratuak); eta bere lanik ezagunena, Pernando Amezketarra, bere ateraldi eta gertaerak (1927). Antzerkia ere idatzi zuen: Utzi bearko (1919); Neskame berria (1920); Gizon bikaña (1920). Bere lanetan goitizen asko erabili izan zuen: J.M. de Oyarbide, G. de Baiona, Jeme, Berrizale, Zarzale, J. de Zurmarregi, Bildari eta Deñoko’tar Goserio, besteak beste. Erdaraz idatzitako artikuluak Los titanes de la cultura vasca bilduman argitaratu ziren; P. Lhande, A. Campion, J.C. Guerra, Aita Donostia, J. Urkixo, T. Aranzadi, D. Agirre, C. Echegaray, eta abarrekin egindako elkarrizketak dira.

Bizitza osoan euskal kulturaren ekintzaile porrokatua izan zela esan daiteke. Berrogeita zortzi urte besterik ez zituela hil zen Gregorio Mujika Donostian, lana latz egin ondoren, 1931ko uztailaren 22an; Errenterian lurperatu zuten, familiaren hilobian.


Mugica Zufiria, Serapio

Serapio Mugica Zufiria

Gipuzkoako artxiboak goitik behera arakatu, txukundu eta sailkatu zituen Ormaiztegin  sortutako Serapio Mugicak. Zuzenbide ikasketak egin zituen Zaragozan lehendabizi eta Bartzelonan geroago. Bigarren karlistaldian liberalen kontra borrokatu zen.

Ikaragarriko lana egin zuen Gipuzkoako udal artxiboetan. Donostia, Irun, Hondarribia, Errenteria,Oiartzun, Astigarraga, Ordizia, Ezkio, Zumarraga, Zumaia, Zestoa eta Aizarnazabalgo artxiboak aztertu eta sailkatu zituen!

Hori gutxi ez, eta sekulako artikulu mordoa argitaratu zituen historiako aldizkarietan (RIEV, Euskal-Erria, Yakintza, Euskalerriaren Alde, Euskal-Esnalea, Arantzazu…). Real Academia de la Historiako urgazle, Frantziako Akademiako kide, eta Gipuzkoako kronikari eta seme kuttun izendatu zuten. Eusko Ikaskuntzan gogor jardun zuen lanean, eta Historia saileko arduradun izan zen urtetan; 1934an Eusko Ikaskuntzako lehendakari izendatu zuten.

Obra asko argitaratu zuen, besteak beste: Índice de los documentos del Archivo Municipal de la ciudad de San Sebastian (1898), Índice de los documentos del Archivo Municipal de Irun (1898), Los Gascones en Guipúzcoa (1923), Guía de Guipúzcoa (Fausto Arozenarekin batera, 1930), Donación a Leire (1935) eta Orígenes de San Sebastián (1936).

Donostian hil zen 1941ean, laurogeita sei urte zituelarik.


Zulaika Arregi, Jose Gonzalo

«Aita Donostia»

Euskal musikagilerik handienetakoa izan zen Aita Donostia, edo lan batzuetan izenpetu ohi zuen bezala, «Udalaitz».

Donostian sortu zen 1886ko urtarrilaren 10ean, eta hamar urte bete gabe zituela Lekarotzeko kaputxinoen ikastetxean sartu zen. Ikasketak bertan bukatu eta 1908ko abenduaren 19an apaiztu zen Iruñean. Berehala, nagusiek baimen berezia eman zioten musika lantzeko, eta handik aurrera ez zuen bere bizitza osoan beste lanik egingo, Lekarotzeko ikastetxean eskola apur batzuk emateaz gain: musika ikertu, sortu eta zabaldu.

Gaztetan, Baztango eta Sarako herri doinuak bildu zituen (Ikazkina mendian, Euskal Eresiak, Gure herria, Trois Chants Basques eta Seaska-Euzko-Abestiak bildumak). 1909-1915 urteetan Besalu eta Siloseko abadetxeetan egon zen musika gregoriarra ikasten, eta Parisen eta Bartzelonan musika ikasketak sakontzen. Pianorako obra asko idatzi zituen urte haietan: Preludios vascos, Ocho melodías vascas, eta abar.

Hurrengo urtean, 1916an alegia, Joaquin Larregla musikagile nafarrak Aita Donostiaren Preludios vascos, Oñazez, Aitonaren ele-zaharrak, Seaska aldean eresiz eta Bordako atalarrian obrak estreinatu zituen Madrilen; arrakasta izugarria izan zen.

1917an orkestra filarmonikoak Urruti-jaya, Irulea eta Aur-dantza ezagutarazi zituen Sociedad Nacional de Música elkartean.

Henry Ghéon poeta frantsesak bere poemei musika jartzeko eskatu zion Aita Donostiari, eta arrakasta handiz estreinatu ziren Parisen 1921, 1926 eta 1936an.

Euskal musikari buruz hitzaldi mordoska emateaz gain, euskaraz nahiz erdaraz, munduan barrena ere ibili zen biltzar eta bileretan gure musikaren berri emanez. Bildumarik handienak Música de tecla en el Pais vasco, siglo XVIII, Musica y Musicos en el Pais Vasco eta, batez ere, Euskel Eres-Sorta (Cancionero Vasco) obrak dira.

Aita Donostia euskaltzaina izan zen, San Fernandoko Artederretako Akademiako kide, Frantziako Musikologia Elkartekoa, Hispanic Society of America elkartekoa eta Instituto Español de Musicologíakoa.

Donostian hil zen 1956ko abuztuaren 30ean, hirurogeita hamar urte zituelarik.

Aita Donostiari

Michel Labegueriek Herria aldizkarian bertso hau eskaini zion Aita Donostiari hil ondoren:

Gogoa trixte, bihotza ilhun,

hasten da bertsolaria,

doluzko lanho batez estali

delakotz Eskual-Herria.

Lekaroztikan hegaldaturik

ethorri zauku berria,

mundu huntarik bertzerat dela

sartu Aita Donostia.


Arrue Zarautz, Antonio

Antonio Arrue Zarautz

Jaiotzez asteasuarra izan arren, Donostian esan liteke egin zuela bere bizitza osoa. 1903ko martxoaren 26an sortu zen; ikasketak egitera herritik kanpora atera zen, lehenik Lekarotzera, eta ondoren Oviedo-ko Unibertsitatera, legeak ikastera.

Pentsamoldez oso eskuindar eta tradizionalista izan zen: Gipuzkoako Comunión Tradicionalistako buru izan zen. Franco-ren diktaduraren urte beltzetan, beraz, «erregimeneko» gizona izan zen dudarik gabe. Besteak beste, 1967an Madrilgo Gorteetan diputatu izendatu zuten, «tercio familiar» izeneko haren ordezkari.

Hala ere, euskaltzalea izan zen Arrue. Koldo Mitxelena eta Aingeru Irigarairekin batera Egan aldizkariko zuzendari izan zen urtetan, eta euskaltzain osoa. Bestalde, Gabriel Arestiren lehen laguntzaile eta bultzatzaileetakoa izan zen, nahiz ideologiaz oso aparte zebiltzan bata eta bestea…

Euskarazko lehen idatziak 1932an hasi zen argitaratzen, Egan, Euzko-Gogoa, Zeruko Argia, Euskera eta abarretan. Liburu gisa, Jan-Edanak argitaratu zuen, sukaldaritzari buruzko artikulu bilduma.

Hizlari aparta izan zen baita ere. Gure Herria aldizkarian, esate baterako, euskal hizlaririk onentzat hartu zuten.

Erdaraz ere artikulu eta liburu ugari idatzi zituen. Ezagunena San Sebastián y la Real Compañía de Caracas 1965ean argitaratu zuen.

Donostian zendu zen Antonio Arrue 1977an, hirurogeita hamalau urte zituelarik.


Arozena Arregi, Fausto

Fausto Arozena Arregi

Gipuzkoaren historia, batez ere XVI. eta XVII. mendetako garaia, inork baino hobeki ikertu eta ezagutu zuena izan zen Fausto Arozena. Goiko Galtzarako Bera-Gera baserrian jaioa zen 1896ko uztailaren 16an. Aita mikeletea zuen, eta mutikotan umezurtz gelditu zen; izeba batek hazi omen zuen. Gaztetan, humanidadeak ikasi zituen. Eusko Ikaskuntzako idazkaritzan hasi zen lanean, baina berehala Aldundiko liburutegiko eta agiritegiko arduradun izendatu zuten; ogibide horretan jardun zuen bizitza osoan.

Kultura zabaleko gizona zen, langilea eta ikerlari zorrotza. Asko idatzi zuen, batez ere erdaraz: Narraciones folkóricas (1924), Doña Blanca Garcés (1925), Reseña histórica de Rentería (1930), Guía de Guipúzcoa (1930), Guipúzcoa por San Ignacio (1940), La casa de Zumalacárregui (1948), Los protocolos guipuzcoanos (1948), El País Vasco visto desde fuera (1949), eta beste asko. Guztien artean, bere obrarik handiena Guipúzcoa en la historia (1964) izan zen.

Euskaraz ere artikulu asko idatzi zuen, besteak beste: Urte berri (Junior aldizkarian, 1920), Unibersidade edo Irakaskuntza Orokorra, Echegaray jaunaren eriotza (Eusko Ikaskuntzaren Deya aldizkarian biak), Paper zaarretan begira. Guda-kontu (Egan aldizkarian, 1957).

Julio Urkixori asko lagundu zion RIEV aldizkaria aurrera ateratzen. Berak aitortzen zuenez, Koldo Mitxelena eta Julio Caro Baroja izan zituen maisu. Adiskiderik minenak, ordea, Carmelo Etxegarai eta Serapio Mugica izan zituen.

Gizon apal eta izaera onekoa izan zen beti. Laguntza eskatzen zionari, azkar asko lagunduko zion; jende aurrean hitz egitea, ordea, ez zuen batere maite. Kristau zintzoa izan zen, egunero mezetara joaten zena, eta Juan XXIII aita sainduaren jarraitzailea; hala ere, Simone Veil gogotik miresten zuena…

Lana eta familia artean banatu zuen bere bizitza. 1931n Maria Etxeberria Iturzaeta donostiarrarekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten. Horietako bi, Javier eta Ignacio, izan ditugu xehetasun hauek borobiltzen laguntzaile.

Aldundiko lanaz erretiratuta gero, halako tertulia bat sortu zuen Bergaretxe, Fagoaga, Irizar, Atauri eta beste zenbaitekin; Foruen pasealekuan biltzen ziren, kale gorrian, berriketarako!

Alargundu zenean, 1976an, bizitzen jarraitzeko indarra erabat galdu omen zuen gizonak. Lau urte beranduago hil zen, 1980ko abenduaren 16an.


Lojendio Irure, Jose Maria

Jose Maria Lojendio Irure

Euskaltzale, idazle eta legegizon hau Donostian sortu zen 1910eko urriaren 18an. Zuzenbide ikasketak Madrilgo eta Pariseko unibertsitateetan egin zituelarik, Donostiako Adingabekoen Auzitegiko buru izatera heldu zen.

Lojendio oso erlijiozale eta integrista izan zen pentsaeraz. Bigarren Errepublikako garaian, alderdi eskuindar eta katolikoen bileretan bera izan ohi zen euskal hizlaria. San Luis Euskal Idazleen Elkarteko sortzaileetako bat izan zen baita ere. Bere anaia Juan Pablo, bera baino zaharragoa, politikari eta diplomatiko ezaguna izan zen; bera bezala, eskuindar eta abertzaleen aurkako porrokatua.

Euskaltzaindiko hirugarren lehendakaria izan zen frankismoaren urterik latzenetan, 1964tik 1966ra bitartean. Ziur asko, Lojendio Francoren erregimenean ondo ikusia egotea izango zen bera garai haietan euskaltzainburu hautatzeko arrazoietako bat… Euskaltzaindiari behintzat horrek asko lagundu zion bolada beltz haietan zutik irauten.

Artikulu asko eta asko argitaratu zituen Lojendiok Junior, Gure Mutillak, Zeruko Argia, El Pueblo Vasco, Euskera, Egan eta Arantzazu aldizkarietan, euskal kulturaz eta zuzenbideaz.

Bere lanik gehienak erdaraz argitaratu zituen, zuzenbide eta historia alorreko gaiez: Naturaleza jurídica de la unión de Guipúzcoa y Castilla, Modificaciones del Código Civil y de la Ley de Enjuiciamiento Civil, según Leyes de 24 de abril de 1956, eta Agustín de Iturbe y Aramburu, primer emperador de Méjico.

Euskal gaietan, bere libururik garrantzitsuenak dira Mogel eta Lengua y literatura vascas (1956).

Donostian hil zen Jose Maria Lojendio, 1979ko Inuzente egunean, hirurogeita bederatzi urte beteak zituela.


Etxaniz Aranbarri, Nemesio

Nemesio Etxaniz Aranbarri

Azkoitian jaio zen Nemesio Agapito Etxaniz, XIX. mendea amaitzeko zorian zegoela, 1899ko abenduaren 19an. Gerra ondorengo lehen idazletarikoa izan zen. Erratzu, Artiz’tar Xabier eta batez ere Amillaitz goitizenak erabili izan zituen bere idazlanetan.

Apaiz ikasketak Lekarotzen eta Comillasen egin zituelarik, 1924an apaiztu zen. Gerra aurretik Bergaran izan zen apaiz, eta bertan gelditu zen gerra piztu zenean, 1936an. Handik Burgosera bidali zuten nazionalek herria hartu zutenean; berak zioenez, horrek salbatu zuen, Donostiara bidaliz geroz afusilatu egingo baitzuten. Gaixotu eta Gasteizera ekarri zuten, eta gerra amaitu ondoren Zumaiako Artadira joan zen apaiz; handik, berriz, bota egin zuten behin egindako sermoiagatik: batallón de trabajadoresetan presoak nola zerabiltzaten salatu zuen.

Asko idatzi zuen Don Nemesiok: Arraldea 1923an; Kartak nola idatzi euskeraz? liburutxo zoragarria 1950ean, gaur egungo estilo liburuen gisara; Kristau ikasbidea bertsotan 1950ean; Kanta-kantari hurrengo urtean («Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…» hura tartean); Izeko aberatsa eta irulearen negarra 1952an; Antzerkiak kontu-kontari 1958an; eta Lur berri billa 1967an. Argitaratu gabeko eleberri bat ere utzi omen zuen, gordinegia zelakoan…

Beste genero bat ere landu zuen Don Nemesiok: gobernadore zibilari bidalitako gutunak. Frankismoaren urterik beltzenetan, Valencia Remon gobernadore zelarik, sekulako gutunak bidaltzen zizkion, atxilotutako gazteak torturatu egiten zituztela eta. Gero, gutun haiek EGIk banatutako Gudari aldizkaritxoan argitaratzen ziren.

Hil baino bi urte lehenago, Ni dudatan bizi izan naiz beti aitortzen zuen Don Nemesiok elkarrizketa batean. Euskaltzaindikoa zen, baina batua ez zuen begiko. Euskararen alde jardun zuen bizitza osoan, baina lehenago ez nuen uste euskerak luzean iraungo zuenik, eta orain berriz, askoz okerrago zioen elkarrizketa horretan.

Bere bizitzaren azken urteak Donostiako karmeldarren parrokian egin zituen. Bertan hil zen 1982an.


G. Gulick, Alice

Alice Gordon

Berez izena Alice Gordon zeukan, baina ipar amerikar emakume askoren antzera, ezkondutakoan senarraren abizena hartu zuen. Bostonen (Massachusetts, USA) jaioa zen, eta bere heziketa giro erlijioso estuan jaso zuen, eliza erreformatu eta kalbinistaren eraginpean. Mary Lyon feministak 1837an sortutako Mount Holyoke ikastetxeko ikasle izan zen. Hamazortzigarren mendearen hasieratik American Board of Commisioner for Missions izeneko erakunde erlijiosoak indarrez hartua zeukan bere gain emakumeei goi mailako heziketa emateko helburua. Alice Gordonek filosofia eta letretako lizentziatura, eta piano eta kantuko titulua lortu zituen.

1871ko abenduaren 12an, William H. Gulickekin ezkondu zen, eta hurrengo astean bertan Euskal Herri aldera abiatu ziren. Gerrate karlista zen euskal lurretan ordea, eta Santanderren jartzea erabaki zuten; bertan egon ziren 1881era arte, Donostiara etortzea erabaki zuten artea alegia. Emakumeentzako ikastetxea Abenida eta Miramar kaleko kantoiko etxean jarri zuten; Donostiako Ikastetxe Ipar Amerikarra edo Nazio Arteko Institutua zeritzan. Hasieran, ikasleek libre moduan egiten zituzten azterketak; 1894an bertako lau ikaslek (Esther Alonso, Juliana Campo, Isabel Alonso eta Sara Marqués) batxiler titulua lortu zuten, baita sari berezia jaso ere latin, filosofia, literatura eta logikan. Ordurako, Donostiaz kanpoko ikasle asko zituzten, emakumeei heziketa osoa emateaz gain, garai hartako beste berrikuntza handiak baitzituzten (besteak beste, eskolaurrea).

Hurrengo urratsa unibertsitate mailako ikasketak egitea izan zen. Alice Gulicken esanetara, aipatutako Esther Alonso eta Juliana Campo Madrilgo Unibertsitatean hasi ziren filosofia ikasten; ez ziren, noski, bertara joaten: ikasketa guztiak hemen egin zituzten, Aliceren gidaritzaz. 1897an lizentziatura lortu zuten biek. Nicolas Salmeron izan omen zen epaimahai burua.

Alice Gulicken lanak izan zuen, noski, aurkakorik; behin Burgoseko egunkari batek bere eraginari leporatu zion Donostiako udaltzain bat protestantea izatea! Hala ere, pixkanaka giro monarkiko zapal hartan kosmopolitismo apur bat sartzea lortu zuen; esate baterako, 1888an Donostiako Elkarte Koralak (geroko Donostiako Orfeoiak, alegia) ezkontza protestante batean kantatu zuen…

Kubako independentzia zela eta, 1898an Espainia eta Estatu Batuak gerran sartu zirenean, Donostiako Ikastetxe Ipar Amerikarra betiko bukatu zen. Apirilaren 21ean gobernari zibilak ikastetxea babesteko agindu zuen, erasorik izan ez zezan; arriskuaren aurrean, Miarritzera aldatu zen ikastetxea, ikasle eta guzti. Handik, 1901ean Madrilera aldatu zen.

Gerra piztu zenean, Alice Gulick Estatu Batuetan zen. Bere alaba batekin batera, gerran preso hartutako soldadu espainiarrei laguntzen, eta irakasle kubatarrei irakasten jardun zuen.

Tuberkulosiaren gaitza, ordea, oso aurreratuta zeukan. Bizitza osoko lanak eta seme-alaba asko munduratuak (horietako hiru, gainera, hil egin zitzaizkion) ez zioten barkatu. Medikuen laguntza jasotzera Londonera joana zelarik bertan hil zen 1903ko irailaren 14an, berrogeita hamasei urte zituela.



Top