Donostiako Euskal Jaiak

Euskal Herria kantuz eta Donostia Dantzan ekimenak

Irailaren 1etik 11ra Euskal Jaiak ospatuko dira Donostian eta antolatu diren jarduera ezberdinen artean Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak bi ekimenetan parte hartuko du: Euskal Herria kantuz eta Donostia Dantzan ekimenetan hain zuzen.

Jarraitu irakurtzen…


Mintzalagunentzako eskaintza berezia

Egin zaitez bagerakide eta lagundu euskararen normalkuntzan

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea 1991ko abenduaren 14an sortu zen. Ordutik, Bagera Elkartearen helburu nagusia euskaraz bizi ahal izatea eta euskarari bizitza ematea izan da. Bide horretan elkartea osatzen duten ehunka bagerakideen laguntza ezinbestekoa izan dugu eta aurrerantzean ere izango dugu. Bide luzea dugu oraindik egiteko eta zure laguntzari esker lortuko dugu!

Jarraitu irakurtzen…


Aste Nagusian ere euskaraz

Aste Nagusian euskararen erabilera areagotu nahi?

Azken hogeita bi urteetan, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Aste Nagusiko hizkuntza tratamendua aztertu du. Azterketa horrek euskararen erabilera areagotzea du ardatz, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidezkoa iruditzen baitzaigu, uneoro euskararen erabilera eta egoera ezagutzea.

Jarraitu irakurtzen…


Beherapenak? Rebaixes? Rebajas? Soldes?…

Donostiako euskararen erabilera areagotu nahi dugu

Bagera Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten eta Donostiako euskararen normalizazioa helburu izanik  jendartea aktibatu nahi du Donostiako euskararen erabilera areagotu dadin. Hau horrela, herritarrek Donostiako espazio publikoetan zein paisaia linguistikoan ematen diren urraketen berri ematea da gure nahia aldaketak eman daitezen.

Jarraitu irakurtzen…


Ideien I. Laborategia

Donostia euskaratik aktibatzen

Ideien laborategia, euskaratik eta euskaraz abiatuko diren proiektuak sortzeko sorkuntza espazioa da. Bagerak 2016an 25 urte beteko ditu. Biziberrituz ospatu nahi dugu orain arteko ibilbidea, eta era berean, aurrera begirako jardunean jarraitzeko berpiztu, aldatu, freskatu eta ekin nahi dugu.

Aldaketa prozesuan gaude, berritze eta birziklatze garaian. Ibilbide berriari ekiteko, 25.urteurrena probestu nahi dugu eta, horretarako, deialdi irekia luzatu nahi dugu ideia berriak dituen eta esperimentatu nahi duen edonorentzat.

Helburua: donostiarrak aktibatzea.

Ideiak eta mezuak lantzeko laborategia 19:00etatik 20:30ak arte izango da uztailaren 20an Hernani kalea 15 behean.

Animatu eta parte hartu!


Hizkuntza erabilera Donostian

Hizkuntza erabilera Donostiako jaialdietan eta espazio publikoetan

Dakizuen bezala, Bagera Elkarteak, Donostiako Udalak antolatzen dituen zenbait jaialdien hizkuntza erabileraren neurketa egiten du. Neurketa hauen helburua euskararen erabilera areagotzea da.  Jaialdiak hauek euskararen egoeraren adierazleak izateaz gain, eragile ere badirela  uste baitugu. Antolatzaileek, egitarauan euskarari ematen dioten lekuak eragina izango baitu euskararen presentzian, eta ondorioz, erabileran ere bai.

Jarraitu irakurtzen…


Donostiako Piratek jaietan ere euskaraz

Donostiako Piratek jaietan euskaraz bizitzeko deia luzatu dute

Donostiako Piratak hasiak dira jaiak prestatzen eta “Jaiak egingo gaitu!” lelopean zenbait bideo labur argitaratu dituzte, sare sozialen bidez, euskaraz bizitzera dei eginez eta uztailaren 5ean Parte Zaharreko Arrano Elkartean 19:00etan egingo den batzarrera gonbidatuz.

Jaietan ere euskaraz bizi nahi dugulako zatoz!


Egin zaitez bagerakide

Nekazal etxe batean bi lagunentzako egonaldia lortzeko aukera

Ekainaren 30a baino lehen bagerakide egiten bazara, opari esklusibo bat jasotzeaz gain, nekazal etxe batean bi lagunentzako egonaldia lortzeko aukera izango duzu Nekatur Euskadiko landa ostatuen eskutik.

Zergatik izan Bagerakide? Euskaraz bizi nahi dugulako. Hiri euskaldunagoa eraikitzeko. Euskaraz aritzeko espazioak eskaintzeko. Ideia berriak sortu eta esperimentatzeko aukera izateko. Donostiako ekitaldi nagusietan euskararen erabilera bermatu dadin eskatzeko. Euskaldunon hizkuntza eskubideak defendatzeko. Mintzalagunekin arituz euskararen erabilera areagotzeko. Hizkuntza ohiturak aldatzeko, hunkitzeko eta ekiteko! Sare honen parte izateko badira hamaika arrazoi.

OHARRA
Zozketa Gaztezulo, Irutxuloko Hitza eta Bagera elkarteko harpidetza egiten dutenen artean egingo da.


San Joan bezperako usadioak

emozio handiko jarduerak biltzen dituen gau magikoa

Udako solstizioa ekainaren 21ean izan arren, erlijioaren eraginez, San Joan bezperan ospatzen da (ekainak 23).

Izakia izakia zenetik eta orain dela gutxi arte nekazaria izan denez, lurretik eta naturatik bizi izan da. Lurra ezagutu eta bere zikloak edo aroak betidanik ospatu ditu, hala nola, neguko solstizioa zein udako solstizioa kristautasuna iritsi zen arte.

Jarraitu irakurtzen…


Izarrak Plazara talentu lehiaketa 2016

Izarrak Plazara 2016ko irabazleak

Ekainaren 18an Izarrak Plazara talentu lehiaketaren V. edizioaren finala ospatu genuen Intxaurrondo Kultur Etxean Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordearekin, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta Donostia Kulturarekin elkarlanean.

Jarraitu irakurtzen…


Udako Mintzalagunak

Udako Mintzalagunen izen ematea zabalik

Ohi bezala udan ere mintzapraktikarako taldeak osatuko ditugu uztailean eta abuztuan (25€), hilabete batean edo bitan. Ikasturteko funtzionamendu bera izango dute, astean behin ordu betez mintzapraktika egitea. Izen ematea ekainaren 1etik 24ra izango da, beraz, animatuz gero, galdetegia bete bidelari (Euskaraz bizitzeko ohiturarik ez, egunerokoan inguruan hitz egiteko aukerarik ez, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak) edo bidelagun (Euskaldun askok hizkuntzaren normalizazio prozesuari bere ekarpena egin nahi diote, euskaraz hitz egiterakoan zailtasunak dituztenei elkarrizketaren bidez lagunduz).

Beraz, udaran ere, jarri mingaina dantza!


Izarrak Plazara

Izarrak Plazara finalerako sailkatuak

Ekainaren 10ean Izarrak Plazara talentu lehiaketako sailkapena egin zen Intxaurrondo Kultur Etxean.

Izarrak Plazara talentu lehiaketa da. 2012an sortu zen Intxaurrondoko Plazara goaz elkartearen ekimenez. Gaur egun Bagera Elkarteak, Intxaurrondoko Plazara Goaz Elkarteak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dugu.
Lehiaketaren helburu nagusia gazteen sormen artistikoa sustatzea eta elkarrekin euskaraz ongi pasatzea da. Musika, kantua, dantza, antzerkia, txisteak, bakarrizketak, bertsoak, magia, zirku ikuskizunak… edo horien arteko konbinaketak.

Jarraitu irakurtzen…


Gipuzkoa Zutik!

Hizkuntza irizpide eredugarri

Azken asteetan herritar ekimen berri bat sortu da; Gipuzkoa Zutik! ekimena hain zuzen. Ekimen honen helburua Zubietako Erraustegia ikur hartuta egungo eredu politiko-ekonomikoaren aurka ahalik eta herritar gehien biltzea, eta eredu horri alternatibak bilatzea da. Horretarako, Gipuzkoa Plaza eta Donostiako beste txoko batzuk hartu dituzte aldarrikapen gune gisa.

Jarraitu irakurtzen…


Antiguako Aek-k egoitza berria du

inaugurazioaren baitan zenbait jarduera izango ditugu

Antiguako Aek-k egoitza berria du Erregezainak 22. zenbakian eta inaugurazioren baitan zenbait jarduera antolatu ditu Bagoaz bagatoz leloaren baitan.


Samiak Donostian

Ekainaren 1etik 5era 28 lagun sami datoz. “Non-fiction Sami writers” elkartekoak dira, eta denek samieraz dihardute.

Jarraitu irakurtzen…


Kalean da Hitz Machine

Euskarriak proiektuko hiztegi-makina

Donostiako Autobus geltokian jarri berri dugu Hitz machine. Makina honek, oinarrizko 50 hiztegitxo lortzeko aukera ematen du, euskaratik beste 50 hizkuntzetara eta euskaratik beste 50 hizkuntzetara.

Jarraitu irakurtzen…


Zatarain, Anbrosio

Anbrosio Zatarain

Usurbilen jaioa izan arren, bere bizitzaren alderik handiena Donostian egin zuela esan daiteke. Zatarainen bitartez euskal prentsaren historiaren zati garrantzitsua ezagutu dezakegu.

1921ean Anbrosio Zatarain buru zela, Argia aldizkaria sortu zuen karmeldar talde batek Donostian. Era guztietako gaiak plazaratzen zituen astero-astero: kirolak, gogoetak, narrazioak, ipuinak… Hala ere, nagusi ziren erlijiozko eta baserri gaiak; orobat nekazariei zuzendutako aldizkaria zela esan daiteke. Hain zuzen ere, Zatarain izan zen aldizkarian nekazaritzako saila zuzendu zuena. Bere idazlan askotan «Lugin-zale» ezizena erabili zuen.

Hasieran Bittor Garitaonaindia izan zen zuzendari, eta idazleen artean zeuden, beste askoren artean, Emeterio Arrese eta Xabier Lizardi. Garitaonaindiaren ondoren, P. Etxeberria, Jose Arrue, Anbrosio Zatarain bera eta Ander Arzelus «Luzear» izan ziren Argiako zuzendari. Jakina, 1936ko gerraz amaitu zen aldizkariaren bizia.

Ez dira nahasi behar Argia astekaria eta Zeruko Argia; azken hori Damaso Intza eta B. Oieregi kaputxinoek 1919an sortutako  hilabetekari erlijiosoa zen. Hasieran, 3.000 ale ateratzen zituzten Iruñeko kaputxinoen irarkolan. Hori ere 1936an desagertu zen noski, baina 1954an ostera hasi zuten kaleratzen kaputxinoek, hamabostekari gisa; berehala, ordea, Fraga Iribarneren Ministerio de Información y Turismo ospetsuak debekatu egin zuen, % 70 baino gehiago euskaraz idatzitako zegoelako. 1963an hirugarren aldiz ekin zioten, astekari gisa oraingoan; pixkanaka, erlijio gaiak murrizten eta euskara batua nagusitzen joan ziren. Zorrek itota aldizkaria ixtera zihoala, 1980an Joxemi Zumalabek eta J.M. Ostolazak eratutako kooperatiba batek hartu zuen bere gain guztiz berritutako aldizkaria: horrela sortu zen gaur egun ezagutzen dugun Argia, Zatarainek eta bestek  sortutako garai zaharreko haren izena harturik.

Donostian hil zen Anbrosio Zatarain 1966ko abenduaren 20an, laurogeita bost urte zituela.

 


Elizondo Lopez, Jose

Jose Elizondo Lopez

Tolosarra zen izatez, 1865eko irailaren 14an jaioa, baina antzerkigile gisa guztiz loturik egon zen Donostiako mende arteko antzerki belaunaldi berriari.

Bere lehen antzerki lana 1907an argitaratu zuen, Idartzako Jauna izenez, Elgoibarko Euskal Jaietan saria jaso ondoren. Bi urte beranduago, Hernaniko Euskal Jaietan eman zioten beste saria, Amets gozuak lanagatik.

Hortik aurrera, etengabe irabazi zituen sariak han eta hemen: 1911n Seguran, Enda. Irakurkizuna lanarekin; 1912an Bilbon, Euzko Gaztedik egindako lehiaketan, Txomin Arrayo lanarekin (geroztik, berriro argitaratu zen Alkate ona izenburuaz, eta Ebaristo Bustintza «Kirikiñok» bizkaieraz jarri zuen); 1915ean Donostian, Dollorra lanarekin (lan hori ez da oraino argitaratu, nahiz Toribio Altzagak taularatu zuen 1916an); 1917an Donostian berriro, Omena lanarekin…

Idazle gisa Euskal Esnalea eta Vida Vasca aldizkarietan argitaratu zituen artikuluak.

1913an sari berezia jaso zuen Donostiako Udalak sute ospetsuaren mendeurrenean egindako lehiaketan, Atsegea lanarekin. Bere antzerki lan ezagunak dira baita ere Ill nai eta ill ezin eta Antzertokiya.

Donostian hil zen 1943ko apirilaren 18an, hirurogeita hemezortzi urte zituela.

 


Leizaola Sanchez, Jose Mª

Jose Mª Leizaola Sanchez

Getaria kalean sortu zen, 1896ko irailaren 7an. Bete berria da, beraz, hura jaio zeneko mendeurrena.

Diru arazorik gabeko familia handi batean hirugarren senidea zen. Aita gazterik galduta, amak Lekarotzeko Kaputxinoen ikastetxera bidali zuen 1903an, eta han egin zituen ikasketak 9 urtez. Handik Valladolidera jo zuen zuzenbidea ikastera; oso ikasle ona izan zen beti: hiru urtetan bukatu zituen abokatu ikasketak. Berehala, 1915ean Gipuzkoako Foru Aldundian lanpostua lortu zuen lehian, eta 1919an berriz Bilboko Udaleko ogasun ataleko buru bihurtu zen. Ospe handia behar zuen toki administrazioko funtzionario gisa: 1925ean Crédito de la Unión Minera diruetxeak erreka jo zuenean, aginte judizialak bera izendatu zuen egoera gaizto hari irtenbidea bilatzeko. Kudeatzaile onaren ezaugarriak berriro ere1928an  erakutsi zituen, prentsa nazionalistaren arduradun izendatu zutenean. Bigarren Errepublikan birritan hautatu zuten diputatu, baina uko egin zion karguari, ordurako Gipuzkoako Foru Aldundiko idazkari lanpostua irabazia baitzuen. Oso politak dira lanpostu haren oposizioan izan ziren gorabeherak, euskaraz jakitea ezinbesteko jarria zutela eta. Gerra zibilaren etenaz amaitu zen Leizaolaren funtzionario karrera.

Leizaolaren ibilbide politikoaz asko idatzi da, eta nekez izango genuke lekurik aski orrialde betean haren berri emateko. Xehezaleak, jo beza Carmelo Landak berriki Sabino Arana Fundazioan argitaratu duen Jesus Mª Leizaola. Vida, obra y acción política de un nacionalista vasco (1896-1937) liburura (erdaraz bakarrik?). Ohar hauek gehienak handik hartuak dira.

Gazterik sentitu zen abertzale, eta 1919an afiliatu zen EAJn, Bilbora heldu bezain laster, eta Manu Robles Arangizekin batera ELAko enplegatuen saila sortu zuen. Errepublika garaian jelkide gazteen belaunaldia osatu zuen M. Irujo, J. Landaburu, T. Monzon, F. Basterretxea eta beste hainbatekin. Agian Leizaolaren belaunaldi horrek gauzatu zuen EAJren ezaugarri nagusia: Aranaren doktrina (independentzia, kristau fedea, nekazal ideologia…) eta pragmatismo politikoa (autonomia, koalizio gobernuak, Estatuko erakundeetan lan egitea, modernitatea…) proiektu politiko bakarrean uztartzea.

Fededuna izan zen oso. Familiaz zetorkion giroaz gain, Lekarotzen jasotako heziketak berebiziko txertoa utziko zion betiko. 1924an Koro Loidi Zulaikarekin ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten. 1967an alargundu zenean, Belokeko Beneditarretan sartzea erabaki omen zuen Leizaolak; Ajuriagerrak kendu omen zion asmoa burutik…

Politikarietan aparteko ezaugarria izan zuen Leizaolak: kultura zabalekoa izatea. Letragizona zen orobat, humanista zahar horietakoa: bere lanen bilduman ikus daiteke ekonomiaz, legeaz, hizkuntzaz, zientziaz, arrantzaz, itsasgintzaz eta abarrez idatzi eta ikertu zuela. Guztiaren gainetik, euskal lirika zaharra hobekien ezagutu eta ikertu zuenetakoa izan zen. Aspalditik zetorkion kultur militantziaren joera: 1922an Eusko Ikaskuntzaren batzarrean Alfontso XIII.aren aurrean euskal unibertsitatea eskatzeagatik atxilotua izan zen Gernikan.

1936ko Autonomi Estatutua onartu zelarik, Agirre lehendakariak Zuzentza eta Kultura sailburua izendatu zuen Leizaola. Frankistek Bilbo inguraturik zutenean, berriz, Behin Behineko Defentsa Batzordeko buru zelarik lan izugarria egin zuen errepublikarren Bilbo inguruko industria frankisten esku utzi aurretik suntsiturik laga ez zezaten. 1937an Frantziara joanda, euskal iheslariei laguntzen jardun zuen, eta 1946an Agirrek Ogasuneko sailburu izendatu zuen erbesteratuko Eusko Jaurlaritzan. 1960ko martxoaren 28an, Agirre bat-batean hil zenean, lehendakari izendatua izan zen. Ez zen Hegoaldera itzuliko, ordea, 1979ko abenduaren 15era arte. Hurrengo urtean, Garaikoetxearen esku utzi zuen lehendakari kargua, eta ekintza politiko zuzenetik apartatu egin zen pixka bat. Lehendakari zaharra izaten jarraitu zuen, ordea, 1989ko martxoaren16an hil arte.

Donostia biziki maite izan zuen. Ezaguna da 1944an erbestetik bere sorterriari eskaini zion poema: Itxasoaren / ume bezela / olerkariak / au maite, / nere odolak / jatorriz dakart / nere izate au / ur zale, / t’olatuetan / nik entzuten det / «¿nola arkitzen aiz / gu gabe?» Maitasun horren esker seinale, Zurriola aldeko kale bati Leizaolaren izena jarri berri dio Donostiako Udalak.

Luis M. Bandres adiskideak ohar hauek moldatzen laguntza ederra eman zigun.


Irigarai Irigarai, Aingeru

Aingeru Irigarai Irigarai

Nafarra zen bete-betean Irigarai, baina Donostiari lotuta egin zituen urte anitz; beraz, donostiarra ere bazen. Berako Altzate auzoan jaio zen, 1899ko martxoaren 1ean. Aita, Fermin Irigarai Goizueta Larreko mediku eta idazlea zuen; ama, Felisa Irigarai Apat; biak auriztarrak.

Garai haietan, sendakinak herririk herri ibili behar izaten zirenez, haurretan familia Baztango Iruritara joanik, bere lehen ikasketak herriko eskolan eta Lekarotzeko ikastetxean egin zituen. Han hasi zitzaion ernetzen euskaltzaletasuna.

Laster, 1915ean Iruñera aldatu zen familia. Udazkenean, Irigarai gaztea Zaragozara abiatu zen medikuntza ikastera; bi urte bertan eginik, ikasketak Bartzelonan jarraitu zituen. Ez zen orduan euskal girorik falta Bartzelonara joandako ikasleen artean. Urte haietan hasiko da Irigarai lapurtar klasikoak irakurtzen: horrek aztarna sakona utziko dio betiko. Zaragozara itzuli behar izan zuen 1921ean ikasketak amaitzera, soldadu deitu zuten arte.

Doktoradutzako praktikaldia Basurtoko Erietxean egin zuen 1922-1923 urteetan. Denbora labur batez, Arratiako Diman egon zen, bertako medikuaren ordezkoak betetzen; han hartu zuen bizkaierarako zaletasuna.

Espezializazio ikasketak Frantzian eta Alemanian eginik, Iruñera itzuli eta 1924an udal sorostetxeko mediku lanpostua bereganatu zuen lehian; kontsulta pribatua ere ireki zuen, aitarekin batera lan egiteko. Mediku lanak zabaltzearekin batera, 1932an ELA-STVn sartu zen, eta bolondres aritu zen bertako sendagile lanetan.

Medikuntza ez zen, ordea, bere zaletasun bakarra. Euskal kulturan oso sartua zegoen Irigarai: Iruñeko  Euskeraren Adiskideak elkartean eta Eusko Ikaskuntzan; euskal aldizkari gehienetan idazten zuen (RIEV, Gure Herria, Yakintza…). 1927an J. Urkixo eta G. Lacombe euskaltzale handiekin batera, Holandako Hagara bidali zuten Eusko Ikaskuntzaren izenean nazioarteko biltzar batera. Orduan hasi zen Irigarai hizkuntzaren geografiari buruzko lehen ikerlanak egiten herririk herri. 1929an euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Urte haietan askotan etortzen zen Donostiara; besteak beste, bere emaztea izango zena bertan ezagutu zuen: Rosa Mª Imaz Aranguren donostiarra. 1934ko irailaren 19an ezkondu ziren Lezon, eta Iruñean jarri ziren bizi izatera. Hiru seme eta alaba bat izan zuten; horietako batek, Jose Angel, Bagerakide lagunari zor dizkiogu xehetasun hauek guztiak eta gurasoen argazkia.

Ezkon zoriona berehala mingostu zien Irigaraitarrei gerra zibilak. Iruñeko giro arrotzean, euskaltzaleen etsaiak nagusi ziren. 1937an Iruñeko Udalak mediku kargutik bota zuen, arrazoi politikoengatik. Gerra amaituta, Iruñetik aldentzea beste biderik ez zuen izan Irigaraik. Horrela, 1942an Hondarribiko mediku lanpostua lortu zuen; berehala, familia eta guzti Donostiara etorri zen.

R.M. Azkueren itzalpean Euskaltzaindia berpizten hasi zenean, 1941ean euskaltzain oso izendatu zuten Irigarai nafarra. Berriro ere, buru-belarri sartu zen euskal lanetan; Euskera, RSVAPeko boletinean, eta abarretan argitaratu zituen bere idazkiak.

1952an alargundurik eta Hondarribiko mediku lana alde batera utzirik, Donostian ariko da bere lana eta bizitza egiten, 1962an Nafarroako Diputazioak gerran kanporatutako langileak ostera onartu zituen arte. Ordutik aurrera, eta lanetik erabat erretiratu arte 1969an, erdi banatan bizi izan zen Donostian eta Iruñean.

Euskararen ikerkuntzan ezin konta halako lanak egin zituen Irigaraik; ez genuke lekurik aski, urririk ere, argitaratu eta egindako lan guztiak labur zerrendatzeko. Esan dezagun, ordea, altxor ikaragarria bildu zuela Nafarroan euskararen atzerapausoen lekukotasunez. Euskal soziolinguistikaren aitzindari izan zen, dudarik gabe, Sanchez Carrionekin batera; halakoetan, askotan Apat Etxebarne izengoitia erabili izan zuen. Lanik onenak Geografía histórica de la lengua vasca liburu zoragarrian daude bildurik. Irakurri gabeko euskaltzalerik badago, gomendio bat: utzi dena, eta korri liburutegira Irigarairen liburua irakurtzera!

1982ko irailean garuneko zain istripua gertatu zitzaion bat-batean. Makalduta gelditu arren, bere eginkizunetan jarraitu zuen 1983ko azaroaren 28an, laurogeita lau urte zituela, Donostian hil zen arte. Iruñean ehortzi zuten, eta hilobian hau irakur daiteke: Au da Irigaraitarren ilobia, Yainkoa baitan beude. 1934garren urtea. Oroit iltzeaz zuhur baduzu.



Top