Buletina

bageraren eta euskararen inguruko berriak


Behaketak

Donostiako jaialdietako hizkuntza erabileraren neurketa


Artxibategia

Euskararen inguruko artikuluak, irakurgaiak, idazkiak, bitxikeriak… topatuko dituzu hemen


Santesteban, Jose Juan

Maisuba

JOSE JUAN SANTESTEBAN Maixubaren argazkia

Juan dan illian, Dona Maria-ren eleiz egokiyan, entzun ziran azkeneko, Ama naitasun ederrekoaren bederatzi urrenerako Santesteban zanak antolatutako kanta gain gañekuak. Makiñachobat jende biltzentzan bederatzi urrenian; egunetik egunera geyago; ta danak pozen pozez irteten ziran lengo kanta estitzu ayek entzun ta. Donostiarrentzat az da alako gauza egokirik, eta biyotza mugitzen diyonik sortu.

Donostiarra bai zan Santesteban . Bene benetako donostiarra. Emenche jayua 1809-ko Marchua-ren 26-an.

Bere gurasuak kalte aundiyak izan zituzten ingelez ta portugesak erriya sutu, lapurtu ta ondatu zutenian; ta ain gaizki beren burubak ikusirik, bigaldu zuten Santesteban, oraindik ume koŝkorra zala, Eskoriaza-ra, an zituzten amona ta osaba batzuben gana.

Erri artako apaiz buru Juan Jose Zaloña-k esaguturik musikarako zuben azkartasun neurri gabekua eraman zuben Oñati-ra, Garagarza, ango organistak, erakutsi zezayon musikari zegokiyon guziya.

Jakin ziranian Donostiyan Santesteban-en aurrerapenak, ekarri asi zuten ta gerostik bertan gelditu zan. Albeniz zegon Dona Maria-ko organista ta berakin jarraitu zuben ikasten al zan guziya. Eta Albeniz Madrid-era juan ta bere ondorengo Salzedo il zanian, Santesteban egin zuten Dona Maria-ko organista.

Geroztikako lanak zeñek biar bezela esan. Izandu zan Madrid-en, Paris-en, Italiya-n, zerbait ikasi zitekien leku guziyetan; ta antolatu zituben gero Meza, Miserere ta beste eresi asko, ta azkenik Kanto llano deitzen den eleiz kantak bere iritzira moldatu zituben.

1884-ko Ilbeltza-ren 11-an il zan Santesteban, bañan ez da il donostiarren biyotzetan, danak beraz gogoratzen dira, ta ez guchiyena juan diran egunetan bezela bere kanta polit, estitsu, ederrak entzuten diranian.


Donostiar Haien Garaiak

Euskara eta euskal kulturaren inguruko dokumentazioa

Sarrera

Atal honetan aurkituko dituzunak, irakurle, Irutxulo aldizkarian ”Donostiar haien garaia…” izenaz argitaratutako artikuluak dira, 90 bat aletan eta bi urte luzez  (1995eko otsailaren 24an hasi eta 1997ko martxoaren 18an amaitu) kaleratutakoak.

Denetarik aurkituko duzu orriotan: arrantzaleak, kirolariak, sendagileak, abokatuak, bertsolariak, margolariak, zezenketariak, harakinak, antzerkilariak, iturginak, irakasleak, itzainak, bizarginak, inprentariak, musikariak, enpresarioak, apaizak, idazle asko, eta emakume gutxi: 10 besterik ez.

Gotzon Egia

  • Emakumeen biografia ezkutua
    Lanik zailena, alderik gabe gainera, emakumeen berri bilatzea izan zen: dirudienez, emakumeek ez dute biografia publikorik, ez eta aurpegirik. Adibidez, Elbira Zipitria batek, edo Maritxu Barriola batek, edo Katalin Eleizegi batek, edo ez dute aipamenik  gure entziklopedietan, edo aipamenen ondoan ez dute argazkirik merezi. Hamar emakume horietatik zortzitan, behintzat, argazkia familiartekoren batek emanda argitaratu genuen. Zorrotza da historia emakumeekiko, bizitza den bezainbatean: ez ditu aise onartzen izen propioaz.
  • Argazki Pila
    Nori bere aurpegia jartzen ahalegindu nintzen artikuluak idazterakoan; bitan-edo, ez nuen lortu. Gainerakoetan, kronika bakoitzak bere argazkia izan zuen. Gehienetan, handik edo hemendik “lapurtuta” (iturria aitortuta, beti); besteetan, zorionez, eskupetik lortuta. Pozik handienak horiexek izan ziren, ezustean halako batek deitu eta esatea “aizu, ni Urliaren biloba naiz” edo “nire ama Berendiarekin aritu zen antzerkia egiten”. Haien etxera joan, argazki zaharren kutxa zabaldu, eta aspertu arteko berriketan eman nituen asteroko artikulua prestatzeko ordurik gozoenak. Ustegabeko laguntzaile horiei esker, inoiz plazaratu gabeko 26 argazki argitaratu ziren sail hartan. Ordutik hona, gainera, besteren bat ere erantsia dago, beraz liburu honetan argazki berri-berriak hogeita hamar bat izan daitezke. Informazio edo argazki emaileen zerrenda oso luzea da, eta nahiago izan dut behar den lekuan bakoitzak esan edo emandakoa argitzea. Har bezate denek nire esker onaren aitortza!
  • Akatsak
    Modu bateko edo besteko akats edo huts egiterik gabeko artikulurik izan ote zen? Nekez. Beti argitaratu ondoren konturatu behar! Lau begi, hamaika irakurraldi zorrotz: dena berdin da, akatsa itzuri egingo zaizu, eta inprimategira joango da zu ohartu aurretik. Behin, huts egite potzoloa izan genuen: Jose Manterola Beldarrainen orria bi aldiz argitaratu genuen, lehenbizi 44. alean, eta hilabete beranduago 49.enean. Irakurlea ez zen ziurrenik ohartuko, baina gu bai! Tira, Manterola ez zen bi bider argitaratzeko txarrena… Alderantziz ere bai: Antonio Arzac-en artikulua argitaratu gabe gelditu zen Irutxuloko sail hartan; akatsa konpontzeko aukera orain hartu dut, liburutxo honetan.
  • Sail baten kronika
    Bi urte luzetan, Bilintxekin hasi, eta Joxemi Zumalaberen orriaz amaitu arte, «Donostiar haien garaia…» sailak astero-astero atera zuen bere orria Irutxulon, bitan bakarrik huts eginda (103. eta 126. aleak), publizitate ugariari leku egiteko.Halako huts egin beharrak pozik hartzen ziren Irutxulon: publizitateak ematen dio ezinbesteko diru iturria horrelako aldizkari bati.
    Sortzez edo bizitzaz donostiarrak agertu ziren sail hartan. Kronologiari errespetu handirik izan gabe, XIX. mendearen amaiera aldean hasi, XX. mende zabalean jarraitu eta XXI. mende atarirainoko bidea egin zuen. Bizimolde eta euskaldun izateko moduen erakusle izan nahi luke galeria honek, alde askotara ahanzturaren itzalera eroritako garai baten lekuko.
  • Aldaketak
    Irutxuloko artikuluak ukituren batekin agertzen dira hurrengo orriotan. Astero artikulu bat argitaratzeak bere zorra du, noski, eta oso maiz izaten zen artikuluetan sasoiari buruzkorik («uda honetan…»),  hurrenkerari buruzkorik («joan den asteko alean…») edo gertakarien gurpilean esandakorik («hurrengo igandean izango da…»). Horiek denak kendu, oker idatzi edo adierazitakoak zuzendu, datu berriren batzuk erantsi, eta gisa horretako orrazketa egin diet artikuluei, ez besterik. Nahiago izan dut, dena dela, Irutxulon artikuluak agertutako hurrenkera gordetzea hemen ere.
  • Eskertza

    Liburu honetan ageri direnak astero-astero argitaratzen ari izan nintzenean, Irutxuloko lagunen langintza hobeki ezagutzeko tartea ere izan nuen, noski. Miretsirik diot: sekulako lana egiten dute hain bitarteko laburrekin. Bertatik bertara ikusita, harrigarriko zeregina dirudi asteroko aldizkaria, zer esanik ez publizitatearen diru iturri bila ari diren langile nekaezinen emaitza. Lagunarte alai eta jatorra aurkitu nuen beti haien artean.

    Eskerrak eman nahi dizkiet, beraz, Irutxuloko adiskideei, lehenbizi aldizkarian sail luzea egiteko aukera eman zidatelako, eta bigarrenik orain liburu honetan bildu eta plazaratzeko lana hartu dutelako. Eskerrik asko baita ere liburua argitaratzen duen Donostiako Euskararen Patronatuari.



Top