Izarrak Plazara talentu lehiaketa

Izarrak Plazara izen ematea zabalik

Izarrak Plazara talentu lehiaketa

Aurten, Izarrak Plazara lehiaketaren 5. edizioa izango da. Aurreko lau urteetan egindako lanaren ondorioz, lehiaketa geroz eta hedapen handiagoa lortzen ari da eta aurten Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak ere antolakuntzan parte hartuko du Intxaurrondoko Plazara Goaz Elkartearekin, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta Donostia Kulturarekin batera. Lehiaketaren helburu nagusia gazteak elkarrekin euskaraz ongi pasatzea da, eta sormen artistikoa sustatzea 18 urte bitarteko gazteentzat.

Bi kategoria egongo dira:  8-12 urte eta 13-18 urte bitartekoak. Sormen artistikoaren edozein diziplinatan gazteek, taldean edo bakarka, euren abileziak erakusteko aukera izango dute.

Jarraitu irakurtzen…


Auzotik auzora euskara badabil

Beren toki propioa izango dute Donostiako auzo eta herriek

Donostiako auzo eta herriek beren toki propioa izango dute Bageraren webgune berrian

Batetik, bertan, Donostiako auzo eta herrietako euskara batzordeei buruzko informazioa topatu ahal izango da. Bestetik, antolatzen dituzten ekintzen berri izateko aukera egongo da. Agenda batean bilduko dira antolatutako ekintza guztiak.

Bagera Elkartea, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak kontratatuta, auzoetako euskara batzordeen dinamikan lagundu eta sustapen lana egiten du.

Euskara batzordeak tokian toki ezaugarri eta izaera desberdina dute, baina helburu berbera dute guztiek. Bizi diren eremuan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea. Martxa onean ari dira denak eta euren dinamikaren berri izateko, eta egiten dituzten ekintzak partekatzeko aukera paregabea izango da atala.

Jarraitu irakurtzen…


Garenak x2

Bazkide kanpaina abian

2016ko abenduan 25 urte beteko ditu Bagerak. Hori abiapuntu bezala hartuta, aldaketarako urtean dago elkartea. Irudia eta webgunea berritu ditugu, eta Bagera berritzen jarraitu nahi dugu, denon artean.

Bagerak egiten duen lana beharrezkoa da eta elkartea sendotzen jarraitzeko bazkide berriak behar dira. Bazkide zaretenok lan honetan zuen ekarpena ere egin dezakezue. Nola? Hasteko, modu erraz batean, ekarri bazkide berri bat elkartera! Oraindik bagerakide ez diren lankideak, auzokideak, lagunak … animatu itzazue elkarteko bazkide egitera. Bakoitzak opari esklusibo bana jasoko duzue gainera: Bagerako katilu edo poltsa berria aukeran.

GUK, NORK BESTELA!

Jarraitu irakurtzen…


bagera.eus webgune berria

webgune berri, garaikide eta bizkorra Donostiako euskaltzaleentzat

Ongi etorri Bageraren Webgune berrira

Bagera Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten eta bere 25. urteurrenaren atarian, dituen eremuetan birsortzeko eta berrasmatzeko beharra sentitzen dugu. Izatetik, egitera pasa nahi dugu. Hori dela eta, aurten, aldaketa prozesua martxan jarri dugu; elkartearen oinarriak sendotu, freskatu eta egungo errealitatera egokituz.

Jarraitu irakurtzen…


Zipitria Irastortza, Elbira

Elbira Zipitria Irastortza

Emakume gutxi ekarri ohi ditugu orri honetara; ez gogo faltan, gero. Oraingo honetan, ordea, euskal emakume askoren ordezkaria dakarkigu: Elbira Zipitria andereñoa.

Zumaian jaio zen 1906ko maiatzaren 28an. Aita hargina zeukan eta etxean diru askorik ez, baina beka baten bidez Donostiara etorri eta lortu zuen irakasle ikasketak egitea. Bigarren Errepublika denboran sortu zuen lehen ikastola Donostian, Migel Muñoa zenaren arrastoari jarraituta, parte zaharreko Ikatz kalean (edo Juan Bilbao). Bi ardatz izan zituen bere lanean: euskara eta pedagogi berrikuntza. Hemen inork entzuterik ere ez zuenean, Piaget, Freinet, Makarenko, Montesori eta Europako beste pedagogi ikerleen teoriak ikasgelara eramaten saiatu zen.

Euskararen alorrean, urrats ikaragarria eman zuen: euskal aditza irakasteko erdal gramatikaren hitzak baztertu, eta lehendabizikoz hasi zen «nor-nori-nork», hitz horiekin, erabiltzen; ordu arte, sujeto, paciente, recipiente eta gisakoak erabili izan ziren.

Franko altxa zenean, Iparraldera joan behar izan zuen ihes, Sarara. Agudo asko itzuli zen, ordea; 1943-44 ikasturtean, ezkutuan eta Jose Migel Zumalabe zenaren semea ikasle bakarra zuela ekin zion ostera ikastolari. Ikaslibururik ez, eta ikasle bakoitzak bere koadernoa eramaten zuen; zenbakiak, lurrean egiten ziren txotxak erabilita. 1968an bere pedagogi bideari egundoko zartakoa eman zion Ministerio de Educación y Cienciak, ikasle bakoitzaren libro de escolaridad derrigortu zuenean. Ikasleak ezin gabe utzi, eta nolabait Francoren legepean jarri behar! Orduan erabaki zuten Orixe ikastola sortzea; arima eta gorputza Elbira izan zen, ia azken arnasa eman zuen arte. Hernaniko Urumea ikastola ere sortzen izugarri lagundu zuen. Guztira 50 urte egin zituen euskal irakaskuntzan.

Ez zen, gainera, haurrekin bakarrik aritu; helduekin ere bai. Gau-eskola zeukan antolatua, batez ere guraso euskaldunak alfabetatzeko. Aditza ikasi, euskal literatura irakurtzen hasi, eta halakoak egiten zuten ikasle haiek. Beste askoren artean, bertatik paseak ziren Markel Izagirre, Maria Anjeles Esnaola, Felitxu Eraso, Mañoli Aleman, Faustino Lasagabaster, Imanol Larrea, Manuel Mari Hernandez, eta beste asko.

Joxe Migel Barandiaranen miresle izan zen Elbira, eta harekin harreman estua izan zuen.

Jeltzale porrokatua, ez zuen Alderdi Egun eta Aberri Egun bakar batean hutsik egingo.

Ikasle, lankide, alderdikide, euskaltzale… eta beste askoren artean lagun asko izan zituen Elbirak. Horietako batek, Elixabete Maiztegi andreak emanak zizkigun azalpen hauek bilatzeko bidea, baita argazkia ere.

Orrialde bakarrean ez dago leku aski Elbira Zipitriak egindako guzti-guztiak adierazteko. Lana ikaragarri eginda joan zen mundu honetatik, 1982ko abenduaren 26an, hirurogeita hamasei urte zituela.


Alberdi Lizarreta, Alejandro

Alejandro Alberdi Lizarreta

Musikari zaletasunez, irakasle lanbidez: horixe izan zen Alejandro Alberdi igeldoarra; 1897ko otsailaren 24an jaio zen. Umetatik sortu zitzaion organoa jotzeko grina: zazpi urte zituela jo zuen Igeldon lehenengo aldiz, eta 10 urterekin bertako organista zen. Aita ere organista behar zuen, baina batez ere Plazaetxeko Jose Mari Iraolak erakutsi zion, hura Errenteriako bandako zuzendari baitzen. Beraz, 1907an hasi eta 1971ra arte izan zen Igeldoko organista Alejandro Alberdi! Pena bakarra eraman omen zuen mundu honetatik: Igeldon benetako organoa ez izana…

Bere ogibidea irakasletzan izan zuen. Lasarten, Hernanin, Antiguako auzoan eta Atotxan aritu izan zen. Saltsa guztietako gizona izan behar zuen, dena dela. Organista eta irakasle izateaz gain, Igeldoko txistularia zen eta bertako erlojua zaintzen zuen; azken garaian, urtean hamar duro ematen omen zioten lan horren truke.

Orkolagaren (Padre Borrascas) laguntzaile izan zen baita ere, Igeldoko meteorologia zentroan; han ezagutu omen zituen, bisita egitera joanak, erregina Maria Kristina eta Alfontso XII.a.

Euskaltzale eta abertzale ezaguna zen Alberdi (bere emazte Bittori Arrillaga ere bai), eta arazoak izan zituen gerra piztu zenean. Frankistek Igeldo hartu zutenean, atxilotu egin zituzten bera, parrokoa eta guarda; organista eta maisua bi pertsona zirela uste izan zuten, eta horregatik libratu omen zuten. Dena dela, 14 hilabetez zigortuta eduki zuten etxetik atera gabe. Obserbatoriotik ere bota nahi izan zuten, eta Karlos Santamariaren laguntzaz itzuli zen Orkolagari laguntzera. Azkenean, Donostiara joan zen ihes, tropak bere etxetik alde egin arte.

Idazkari lanetan ere aritu izan zen urtean. Alde batetik, Igeldoko baserritarren sindikatu edo kooperatibako diru kontuak eramaten zituen; bestetik, Igeldon inork paper ofizialik behar bazuen, Alberdirengana jotzen zuen. Hortik zetorkion nonbait Don Alejandro izena, ez aberatsa izatetik.

Donostiako Udalak 1967ko azaroaren 30ean zilarrezko domina eman zion, eta Igeldoko herriak berriz 1971ko apirilaren 18an omenaldi ederra egin zion.

Igeldon bertan hil zen 1982ko irailaren 27an, laurogeita bost urte zituela. Zordun gelditzen naiz Alex Aisa, Bagerakide lagunarekin, bere aitona Alejandro Alberdiren berri eman izanagatik.


Aita Donostia

Jose Gonzalo Zulaika Arregi

Euskal musikagilerik handienetakoa izan zen Aita Donostia, edo lan batzuetan izenpetu ohi zuen bezala, «Udalaitz».

Donostian sortu zen 1886ko urtarrilaren 10ean, eta hamar urte bete gabe zituela Lekarotzeko kaputxinoen ikastetxean sartu zen. Ikasketak bertan bukatu eta 1908ko abenduaren 19an apaiztu zen Iruñean. Berehala, nagusiek baimen berezia eman zioten musika lantzeko, eta handik aurrera ez zuen bere bizitza osoan beste lanik egingo, Lekarotzeko ikastetxean eskola apur batzuk emateaz gain: musika ikertu, sortu eta zabaldu.

Gaztetan, Baztango eta Sarako herri doinuak bildu zituen (Ikazkina mendian, Euskal Eresiak, Gure herria, Trois Chants Basques eta Seaska-Euzko-Abestiak bildumak). 1909-1915 urteetan Besalu eta Siloseko abadetxeetan egon zen musika gregoriarra ikasten, eta Parisen eta Bartzelonan musika ikasketak sakontzen. Pianorako obra asko idatzi zituen urte haietan: Preludios vascos, Ocho melodías vascas, eta abar.

Hurrengo urtean, 1916an alegia, Joaquin Larregla musikagile nafarrak Aita Donostiaren Preludios vascos, Oñazez, Aitonaren ele-zaharrak, Seaska aldean eresiz eta Bordako atalarrian obrak estreinatu zituen Madrilen; arrakasta izugarria izan zen.

1917an orkestra filarmonikoak Urruti-jaya, Irulea eta Aur-dantza ezagutarazi zituen Sociedad Nacional de Música elkartean.

Henry Ghéon poeta frantsesak bere poemei musika jartzeko eskatu zion Aita Donostiari, eta arrakasta handiz estreinatu ziren Parisen 1921, 1926 eta 1936an.

Euskal musikari buruz hitzaldi mordoska emateaz gain, euskaraz nahiz erdaraz, munduan barrena ere ibili zen biltzar eta bileretan gure musikaren berri emanez. Bildumarik handienak Música de tecla en el Pais vasco, siglo XVIII, Musica y Musicos en el Pais Vasco eta, batez ere, Euskel Eres-Sorta (Cancionero Vasco) obrak dira.

Aita Donostia euskaltzaina izan zen, San Fernandoko Artederretako Akademiako kide, Frantziako Musikologia Elkartekoa, Hispanic Society of America elkartekoa eta Instituto Español de Musicologíakoa.

Donostian hil zen 1956ko abuztuaren 30ean, hirurogeita hamar urte zituelarik.

Aita Donostiari

Michel Labegueriek Herria aldizkarian bertso hau eskaini zion Aita Donostiari hil ondoren:

Gogoa trixte, bihotza ilhun,

hasten da bertsolaria,

doluzko lanho batez estali

delakotz Eskual-Herria.

Lekaroztikan hegaldaturik

ethorri zauku berria,

mundu huntarik bertzerat dela

sartu Aita Donostia.


Soroa Lasa, Marcelino

Marcelino Soroa Lasa

Gure idazle zaharretan donostiarrena Soroa dela esan daiteke, gezurrik esan gabe. Puyuelo kalean sortua (gaurko Fermin Calbeton), bera izan omen zen koxkero izena asmatu zuena lehenengoz. Jakina denez, koxkeroak San Bizenteko parrokiako donostiarrak ziren; joxemaritarrak, berriz, Santa Mariakoak.

Soroak zuzenbide ikasketak egin zituen Valladoliden, baina abokatu lana ez beste edozer egin zuen. Gimnasia irakasle izan zen urtetan: La Infantil del Gimnasio taldea sortu zuen, eta talde horrekin ariko zen bere antzerki lanak jokatzen gerora. Zirkoa ere ibili zuen han-hemenka; behin Garibai kaleko zirko zaharrean suzko akrobazia egiten ari zela larriki erre zituen beso-zangoak.

Soroa izan zen, baita ere, gaurko euskaltegien aitzindari: egunkarietan iragarkiak argitararazten zituen bere burua euskarazko lezioak diru truke eskainiz.

Baina deusen aurretik, Marcelino Soroa euskal antzerkiaren aita izan zela esan behar dugu. Amadeo de Saboya-ren aurkako poema bat idatzi zuela eta, Ziburura ihes egin behar izan zuen. Han zegoela, El Trueno izeneko biltokian beste lagun batzuekin batera antzerkia jokatzen hasi zen. Orduan idatzi eta jokatu zuen lehenengo aldiz Iriyarena obra 1876an, gaztelerazko lana baina euskarazko kantuak zituena. Jokatzaileen artean mutikoskor bat ere ba omen zegoen: Toribio Altzaga. Jendeak eskuak puskatzeraino txalotu zituela ikusita, euskaraz hutsez hasi zen bere teatro lanak idazten eta jokatzen, ostera Donostiara etorrita, Lasala plazatxoan zegoen La Fraternal elkartean lehendabizi, eta Antzoki Zaharrean gero: Anton Caicu (1880), Gabon (1880), Au ostatuba! (1884), Alcate berriya (1884), Beti oquer (1885), Aizeac ecarri eta aizeac eraman (1885), Urrutico inchaurrac (1886) Barrenean arra (1886), Gorgonioren estuasunac (1888), Ezer ez eta festa (1889), Abec istillubac! (1894).

Artikuluak ere asko idatzi zituen, eta horien bilduma ere argitaratu zuen Azac eta naste izeneko bi liburukietan (1895). Ortografia zaharraren aldekoa izan zen, eta grina gaiztoz mintzatzen zen euskara «k-kaz bete» nahi zutenen aurka. Umorezko lanetan maiz erabili izan zuen Omar Celin Oasor ezizena; bistan denez, bere benetako izenaren letrak aldatuta, halako izen mairua edo osatzeko.

Itzultzailea ere izan zen Soroa; 1885ean José Colá y Goiti-ren  La emigración vasco-navarra liburua euskaratu zuen Euskal-naparren joaera edo emigracioa izenaz.

Gaitzak jota hil zen Donostian 1902ko uztailaren 20an.


Etxekalte

Jose Juan Santesteban

Hernaniko donostiarra zela esan dezakegu. Hernanin jaio eta bertan hil zen, zahartu eta mixerikordiara bilduta. Baina bizitza oso-osorik Donostian egin zuen.

Benetako izena nola ote zuen inork ez zekien. Etxekalte, berriz, nondik zetorkion bai: gurasoak hilda baserria herentzian jaso zuten berak eta bere arrebak. Elkarrrekin konpontzen ez, nonbait, eta ezbaian gehiegi nekatu gabe, jota su eman omen zion baserriari. Horra, etxekalte!

Ikasigabe eta arlote samarra, beti ibiliko zen kale erdiko putzutan plisti-plasta, inoiz ez espaloietan. Aldameneko argazkia, zuri-beltzekoa da, damurik; bestela, hortxe ikusiko genituen Etxekalteren bi galtzerdiak: bata zuria bazen, bestea urdina edo gorria. Behin ere ez kolore berekoak.

Ohitura horren jatorria halaxe azaltzen omen zuen berak. Goseak zegoela, behin sagar lapurretara sartu omen zen Hernaniko sagasti batera. Tripa ondo berdinduta ihesi zihoanean, etxeko zakurra atzetik segika atera omen zitzaion, eta izterrean sekulako hozka egin. Harrez geroztik hartu omen zuen galtzerdien ohitura: kolore banatakoak izanda, zakurrak bi pertsona direla uste omen du, eta ez omen da ausartzen baten aurka, bitartean besteak eraso egingo ote dion.

Bertsolaria zen Etxekalte, baina ez nolanahikoa: neurri, oin, errima eta molde librekoa. Zazpi puntukoa edo zortzikoa izan, berdin luzatuko zuen bertsoa Etxekaltek berak nahi adina.

Berarekin gizartearen gora-beherez izandako elkarrizketa bat hala kontatzen du Eugenio Gabilondo Calei-Calek :

— Ni pozik nago nerean; baina oraintxe aberatsik aberatsena nintzake zuk bi errialekoa eman ezkero.

— Lo niok, esan zuen bere kolkorako Gabilondok. Eta munduan aberatsak bezala pobreak ere behar direla azaltzen saiatu ondoren, Etxekalteren erantzuna:

— Bai, jauna, konforme nago, bañan beti guk izan biar al degu?

Mikelete, zeladore eta udaltzain guztien etsai porrokatua izan zen Etxekalte. Zenbat bider ez ote zuten herritik kanpora eramango, sekulako mehatxuak egin eta gero! Haizea baino azkarrago, hantxe zen Etxekalte berriz sagardotegiren batean bertsotan.

Begibakarra zen Etxekalte; Billabonan behin harrikada batez galdu omen zuen begia. Hala ere, kasta gogorrekoa izan zen. Behin plumoniak jota ohean sukarrak kiskaltzen zegoela, jaiki, kalera atera eta sekulako tragoa egin omen zuen iturritik. Negu gorrian!

Nortasun agiriarekin bukatu ziren betirako Etxekalte bezalako kaletar buhame zoragarriak.


Baroja Zornoza, Serafin

Serafin Baroja Zornoza

Donostiarra zen goitik behera Serafin Baroja: Konstituzio plazako arkupeko etxe batean jaioa, eta bertan bizia 1912an Nafarroako Beran hil zen arte. Pio eta Ricardo izan ziren bere bi seme ospetsu, batez ere gazteleraz idatzitako lanengatik.

Serafin Baroja euskaltzale eta liberal porrokatua izan zen. Bigarren karlistaldian, Donostiako liberalen artean ibili zen borrokan, eta karlisten kontra makina bat poematxo idatzi zuen. Lanbidez meatzetako ingeniari izan zen, eta Gipuzkoan bezala, Bizkaian eta Nafarroan ingeniari buru izan zen urtetan.

Bere lehen liburua Gaciguezac 1875ean argitaratu zuen, euskarazko eta erdarazko poemez osatua. Bi euskal opera idatzi zituen: Pudente eta Luchi, biak J.A. Santestebanen musikaz. Drama bat ere argitaratu zuen, Hirni, ama alabac 1882an. Kazetaritzan ere gogor ari izan zen; Donostian El Urumea sortu zuen 1879an (astean hirutan kaleratzen zena), eta Iruñean euskaraz eta erdaraz osatutako Bai, jauna, bai izeneko astekaria 1882an. Azken honek oso gutxi iraun zuen, behar hainbat harpidedun ez baitzuen lortu.

Orduko aldizkarietan (batez ere Euskal-Errian) ezin konta halako poemak, artikuluak, izkirimiriak eta kritikak argitaratu zituen Serafin Barojak. Denetan, bere umorea ageri zuen, eta donostiar izaera beste gauza guztien gainetik.

Izatez gizon jostalaria omen zen alde guztietatik. Behin Santo Tomas egunerako halako umorezko orritxo bat argitaratu eta banatu omen zuen kalean, Choriŝua ta ogiya izenaz. Igarkizuna omen zekarren bertan, eta asmatzaileari kapoi parea agintzen omen zitzaion. Igarkizuna erraza izan nonbait, eta biharamunean ehun eta gehiago lagun Serafin Barojaren etxe atarian, zalapartaka eta kapoi eske. Estuasun hartatik ateratzeko, sekulako hitzaldia egin omen zien Barojak; jendeak txaloka bukatu omen zuen eta, jakina, esku hutsik.

Bere seme Pio idazlearen ospea zabaltzen hasi zenean, jendeari haren aita ote zen erantzuteaz asperturik, halako txartelak egin omen zituen inprentan: «Serafin Baroja, padre de Pio Baroja».

Serafin Barojaren euskal senari zor dizkiogu, baita ere, Donostiako kale, plaza eta beste leku askoren izenak: Ategorrieta, Alderdi-Eder, Jaia-Alai, esate baterako, berak asmatuak dira.

Ba al dakizue, azkenik, nork idatzi zituen Donostiako martxaren hitzak, egun ezagutzen ditugun bezala behintzat, «Bagera, gu (e)re bai…»? Serafin Barojak.


Manterola Beldarrain, Jose

Jose Manterola Beldarrain

Donostian sortu 1849ko martxoaren 23an eta bertan hil zen Jose Manterola, gazteegi hil ere 35 urte besterik ez zituela. Bizitza laburrean, hala ere, lan handia egin zuen. Bere lehen liburua 22 urte zituela argitaratu zuen (Guía manual geográfico-descriptiva de la provincia de Guipúzcoa, gazteleraz). Hortik aurrera, etengabe ariko zen lanean.

Institutuko katedraren jabe izan zen 1876ra arte, eta hortik aurrera Donostiako Udal Liburutegiko zuzendari. Bere lan nagusia, Cancionero Vasco alegia, 1877an hasi eta 1880an amaitu zuen. Lau liburuki marduletan Euskal Herriko bazter guztietako olerki, kanta, bertso, erromantze eta elezaharrak bildu zituen. Orduan erabil zitezkeen bitartekoak kontuan izanda, lan ikaragarria. Musikaren aldetik bilketa garrantzizkoa izan baldin bazen, are inportanteagoa izan zen ahozko eta idatzizko euskal literaturarentzat.

Dena dela, Manterolaren langintza nagusia ez zen liburuetan geratu, aldizkari batean baizik: Euskal-Erria. Manterolak berak sortu zuen aldizkari hori 1880an, eta 1918an azken alea argitaratu zen artean idazle eta euskaltzaleen biltoki izan zen aldizkaria. Gaurko begiz ikusita, Manterolak sortutako aldizkariaren 79 liburukiak mende arteko Euskal Herriko (eta bereziki Donostiako) kultur eta hizkuntz ispilu paregabea direla esan genezake. Orduko idazle, hizkuntzalari eta euskaltzale guztiek argitaratu zituzten beren lanak Euskal-Erria aldizkarian: Antoine d’Abbadie , Manuel Antonio de Antia, Carmelo Etxegarai, Claudio Otaegi, Julien Vinson, Arturo Campion, Ricardo Becerro de Bengoa, Jean Baptiste Elissamburu, Juan Iturrlade y Suit, Pedro de Egaña, Louis Lucien Bonaparte printzea, E. Azkue, Julian Apraiz, Ramon Artola, Guilbeau, Felipe Arrese Beitia, Adrian de Loyarte, Gratien Adema, eta abar, eta abar.

Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zuen 1884an Manterolak bere poema dramatikorik ezagunena, gerora izenburua asko famatuko zena: Post tenebras spero lucem («Ilunaren ondotik argia dut itxaropen»). Poema horretan ikus daiteke foru galtzeak zenbateraino astindu zuen Euskal Herriaren kontzientzia.

Manterolak, bere aldizkariaren bitartez, XIX. mendearen bukaerako donostiar idazle talde sendoa bildu zuen. Manterola izan zen, zalantzarik gabe, foruak galdu ondorengo euskal kontzientzia eta hizkuntza esnarazi zuen idazle eta euskaltzale taldearen arima. Orri honetan astero-astero azalduko diren izen gehienek idatzi zuten, orain edo gero, Euskal-Erria aldizkarian.

Buruko odol isuri batek eraman zuen bat-batean Manterola 1884ko otsailaren 29an, 36 urte betetzeko hilabete eskas falta zuenean.


Eleizegi Maiz, Katalin

Katalina Eleizegi Maiz

Euskal antzerki modernoaren ama izan genuen Katalin Eleizegi andrea. Donostian sortu zen 1889ko apirilaren 6an, eta irakasle ikasketak egin zituen Burgosen.

Gazte-gaztetatik izan zuen irakurtzeko eta idazteko joera. Osasun sendokoa izan ez, nonbait, eta liburu tartean ematen zuen denbora. Esan beharrik ez da, orduan orain baino gutxiago, urri zirela emakume idazleak, urriago oraindik antzerkigileak.

Bere arrakastarik handiena Garbiñe obrarekin lortu zuen 1916an. Donostiako euskal festan saria irabazi, eta txalo artean jokatu zen urte berean. Historia XIII. mendean gertatzen da, Larrain familia aberatsaren jauregian; ezinezko amodio baten historia da: Ibon eta Egurtza maitemindurik daude Liderekin; Lide bera eta Garbiñe, itsuturik Ibonekin. Korapilo horren inguruan gertatzen dira obraren hiru egintzak.

Horra Garbiñe jokatu zen eguneko kronika batek zioena: «(…) chalo asko izan zituela esan bearrik ez dago, jakiñik Gregorio Beorlegi ta Juancho Arozena’k beren ekiñ-gaitzako yayotasunakiñ apaindu zutela oso gainkiro, lagundurik biziro egoki Arrieta, Aranburu, Olaso ta Ariztegieta andereak; Echeberria, Egilegor, Lasa, Arostegi ta Torregaray galai gazteak; eta Bulbena ta Jirbal Bartzelona’kuak ¿zenbatrañoko chalo ta goramenak irabazi zituzten, iruditegia apaintzeko, egiñ ta onera bidaldi duten  apainduriyagatik? Uste det gau hartan gure antzokiyan egon baziran, biyak euskaldun egingo zirala batere kupida gabe».

Urte haietan Gazteluko (Gipuzkoa) «Gazte Alaiak» antzerki taldeak herri askotan eman zuen Garbiñe.

Beste antzerki obrarik ere idatzi zuen Eleizegik: Loretti (1918), Yatsu (1934). Argitaratu gabe gelditu zitzaion, berriz, Catalina de Erauso obra.

Hirurogeita hamalau urte zituela hil zen Nafarroako Lizarran, 1963ko azaroaren 19an.


Hitz Machine

52 oinarrizko hiztegi lortzeko aukera


Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema

Jaialdietan hizkuntza erabileraren neurketa


dFERIA

Jaialdietan hizkuntza erabileraren neurketa


Jazzaldia

Jazzaldia jaialdian euskararen erabileraren behaketen txostenak


Giza Eskubideen Zinema

Giza Eskubideen Zineman euskararen erabileraren behaketen txostenak


Aste Nagusia

Aste Nagusiko behaketa txostenak PDF formatuan


Bilintx

Indalezio Bizkarrondo Ureña

Bilintxen erretratua

Donostian sortu 1831ko apirilaren 30eko eguerdian eta bertan hil zen Bilintx  edo, garai hartan idatzi ohi zuten bezala, gure Vilinch . Izen oso-osoa Guillermo Joaquin Indalecio zuen. Amaren aldeko aitona andaluza omen zuen, Ayamontekoa (Huelva). Nikolasa Erkizia Makazaga azkoitiarrarekin ezkondu zen.

Ezagutu zutenek idatzita utzi dutenez, ez omen zen edertasun handiko gizona: umetan paretara igo, handik erori eta aurpegia desitxuratuta gelditu omen zitzaion. Egia esan, honen ondoan dagoen erretratuan ere hala ageri da. Hortik zetorkion nonbait Indalezio Moko beste goitizena.

Zorigaiztoa lagun izan zuen bere bizitza osoan Bilintxek. Soka-muturrean behin zezenak adarkatu eta hanketan zauri larriak egin zizkion; aurrerakoan errenka ibili zen betirako. Beste behin, etxera lapurrak sartu eta aurreratuta zituen 8.000 errealak ostu zizkioten.

Liberala zen Bilintx, eta Donostiako liberalen laugarren batailoian gudukatu zen bigarren karlistaldian. Gauzak nola diren: 1876ko San Sebastian egunenean, karlistek botatako granada sartu zitzaion leihotik etxera, Antzoki Zaharrean bizi zelarik, bertako zaindari izan baitzen urtetan. Granada lehertu eta zangoak moztu omen zizkion. Sei hilabete luzetan oinaze izugarriak pasatuta hil zen gizarajoa, uztailaren 22an.

Maitasunaz eta edertasunaz idatzi zituen bere poema gehienak Bilintxek, dohain horietan bera oso aberats izan ez bazen ere. Bizitzaren garratza umore eta ironia finez azaltzen jakin zuen, herri bertsogintzaren moldeetan.

Bere poema asko eta asko kantatzeko sortu zituen, eta herriak luzaroan gorde ditu kantu horiek: Kontzezirentzak, Beti zutzaz pensatzen, Neskatxa bati mutil batek jarriyak, Bein batian Loyolan, Izazu nitzaz kupira, Potajiarena, Maita nazazu arren, Ja-jai, eta guztietan ezagunena, ziur asko, aldamenean musika eta guzti dagoen Juana Viŝenta Olave.


Jardunaldiak

Sentitu, pentsatu eta egin!



Top