Urdanpilleta Urruzmendi, Gabino

Gabino Urdanpilleta Urruzmendi

Usurbilgo Kale Zaharren jaioa 1876ko otsailaren 19an, gazterik Lasartera joan zen teila fabrikara lanera. Handik, 1909an Egiako teileriara bidali zuten: garraioko arduraduna izan zen bertan, fabrika itxi bitartean. Orduan, zuzendari Wenceslao Agirrebengoa zen.  Adreiluzko tximiniaren parean zeukaten etxea, bi bizitzakoa; bertan bizi zen baita ere fabrikako enkargatua, Luis Otaegi. Konkorreneko aldapan goraxeago, ukuilua zeukaten: bi idi pare izaten zituen han Urdanpilletak, inguruko eder eta dotoreenak.

Izan ere, idiak tiratako karro edo galeratan egiten zuten orduan teila garraioa; idien aurretik oinez, batzuetan Andoain edo Tolosara ere bai. Beste bi itzain zituen bere kargu. Lana gogotik egin behar: goizeko lauetan jaiki, idiak gobernatu, eta seietarako fabrikan lanean.

Egia auzoa mendearen hasieran ez zegoen noski gaur bezala dena etxez beteta; industria eta baserriak ziren nagusi. Teileriaz gain, gaurko Egia kalean Lizarribarren goma fabrika eta Manuel Zendoiaren egur ola zeuden; handik gora, Polloe aldera, baratzak eta baserriak besterik ez.

Teilerian berrogei bat langile izango ziren, gehienak Astigarragakoak. Bizikletan etortzen ziren denak. Teilak eta adreiluak egiteko buztina, berriz, gehiena Kapitañene, Konkorrene eta Kullasene baserri inguruetatik ateratzen zuten. Istripuak ere izaten omen ziren langintza horretan. Behin, mendia behera etorri eta langile bat lurperatuta gelditu omen zen. Ahal zuten bezala, bizirik ateratzea lortu zuten behintzat, eta atera orduko esan omen zuen: – Egunon, jaunak! Handik aurrera, Bonifazio Eunon gelditu zitzaion izena langile hari.

Buztina fabrikara eramateko karrila jarrita zeukaten, eta bagoneta txikietan eramaten zuten bertaraino. Gaur Eizmendi burdindegia dagoen etxe horretan, errota zegoen; bertan xehatzen zuten buztina, gero teilak egiteko.

Garraioan ibiltzen ziren itzainek hermandadea zeukaten osatua, aseguro moduan. Igande arratsetan, Irayene tabernan (Egia kalean, gaur «La Estrella» du izena) biltzen ziren beren gauzak hitz egitera. 1920 inguru horretan izango zen, eta ordurako kanpotar jende mordoxka etorria zen bizi izatera Egiara. Gabino Urdanpilletari inoiz entzun izan zioten ernegatu samarra etxeratzen, kanpotar haien kontra: – Etzigutek euskeraz egiten uzten. Gaur egun gezurra dirudi, baina mende hasieran teila fabrikaren inguruko bizitza osorik euskalduna zen.

Eleuteria San Sebastian urnietarrarekin (Zapal baserriko alaba) ezkondu zen Urdanpilleta, eta bederatzi seme-alaba izan zituzten. Ignacio eta Ramon, Egia auzoan bizi dira oraindik, eta haiei zor dizkiegu azalpen hauek, baita argazkiak ere.

Urteen joanean, idiak utzi eta kamioian hasi zen Gabino Urdanpilleta teila garraioa egiten. 1927an Berliet kamioi frantsesa erosi zuen, Europako gerran ibilitakoa ziur aski. Geroztik, beste kamioi bat ere izan zuen Reo markako amerikarra, SS-7727 matrikuladuna.

Egun gutxiren faltan ez zuen ezagutu Gabino Urdanpilletak gerra zibila: 1936ko uztailaren 1ean hil zen, hirurogei urte zituelarik.

Egiako teileria gerra zibilarekin batera itxi zen betiko, baina fabrika zutik egon zen 1961 arte; azkena, 40 metroko tximinia luzea bota zuten 1962an.


Matxiandiarena, Rufino

Rufino Matxiandiarena

Hemeretzigarren mendearen azkenetan bizi izandako kaballero dotore eta prestu horietakoa izan zen Matxiandiarena. Erretratuan halaxe ikusten dugu: bere longaina zut-zuta, bizar-bibote luze urdinduak, begirada zorrotza.

Harresiak galdu gabeko Donostia zahar hartan sortu zen. Kultura zabaleko gizona izan zen. Latinista porrokatua, bereziki erromatar klasikoak landu zituen (Tito Livio, Terencio, Ovidio, Salustio…). Gainera, kulturazaletasuna eta euskaltzaletasuna suharki uztartu zituen Matxiandiarenak: Larramendi, Aizkibel eta abarren lanak sakon-sakonean ikasi eta aztertu zituen.

Gipuzkoako Institutuko zuzendari izendatu zuten, Carlos Uriarte hil zenean. 1865etik aurrera, irakasle izan zen bertan ia berrogei urtez segidan.

Idazki, artikulu eta beste lan askoren artean, irakasletzan ari zelarik ikasliburu ugari prestatu eta argitaratu zituen.

Rufino Matxiandiarena Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarra (lore-jokoak eta euskal jaiak antolatzeko ardura hartu zuen erakundea) sortu zuenetako bat izan zen, eta bertako lehendakari izan zen urte luzez. Jose Manterolaren adiskide eta laguntzaile mina izan zen.

Hogeigarren mendea argitu eta berehala itzali zen Donostian bertan Rufino Matxiandiarenaren izarra, 1903. urtean.


Sanchez Irure, Cayetano

Cayetano Sanchez Irure

Mende arteko Donostian euskal idazleetan ezezagunenetakoa dugu Cayetano Sanchez Irure. Euskaltzale sutsu eta saiatua, izkribatzaile txukuna, donostiar-donostiarra, Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarrak urtero antolatzen zituen euskal jaien antolatzaileetako bat izan zen.

Donostian jaio zen, 1856ko abuztuaren 30ean. Joxemaritar petoa zen, Santa Marian bataiatua izan baitzen.

Donostiako Udaleko zaindari izan zen lanbidez. Urte luzetan, Ondarretako espetxe zaharrean zaindari lanak egiten izan zen. Pasadizo gaizto bat ere bizitzea egokitu zitzaion: gau batean, hiru preso matxinatu eta zaindari bi hartu zituzte nahituta, horietako bat Cayetano bera. Azkenean, presoek ihes egin zuten. Udalak ikerketa zabaldu zuelarik, hasieran Cayetano preso iheslariekin bat egina ote zegoen, lanik eta diru saririk gabe bidali zuten etxera. Beste bizibiderik ez, eta bere emazte Catalina Letek hasi behar izan zuen lanean, josten eta etxeak garbitzen. Latzak pasa zituzten. Azkenean, egiaztatu zen Cayetanok ez zuela zer ikusirik izan preso haien ihesean.

Donostiako udal artxiboan Cayetanoren idatzi asko dago gordeta, Udalari erreklamatuz bere errugabetasuna lehenbizi, galdutako hilabeteen soldata gero.

Azalpen hauek guztiak, baita aldamenean den argazki ederra ere, Cayenatoren birbiloba Ana Perales Ugarteri zor dizkiot.

Poemak asko idatzi zituen, gehien-gehienak Euskal-Erria aldizkarian argitaratuak. Antzerkia ere bai; bere lanik ezagunena Azken beltza izeneko komeria da. Antzoki Zaharrean Santo Tomas egunean antolatzen zen antzerki saioan maiz jokatu zen lan hori.

Lagun asko eta asko izan behar zituen Cayetano Sanchez Irurek euskaltzaleen artean; hil zenean, 1916ko abuztuaren 24an, oroimen hitz hunkigarriak eskaini zizkioten Euskal-Erria aldizkariko orrialdeetatik Toribio Altzagak, Juan Ignacio Urangak eta Rosario Artolak. Pepe Artolak, berriz, aldamenean duzuen bertsoa eskaini zion. Erretratua (gorde den bakarra, guk dakigula behintzat), bere lagun Victoriano Iraolak egina da.

Pepe Artolak eskainitako bertsoa

Egiyetako Donostiarra

jostallu eta trebia,

koska zalia, benetakua, jatorra pare gabia;

kontu kontatzen yayua eta

izkribalari obia,

euskara zale leyal zintzua

egintzetan chit noblia,

¡Jaun zerukoak zure arima

izan dezala gordia!


Eleizalde Izagirre , Luis Maria

Luis Maria Eleizalde Izagirre

Errezilen jaio zen Eleizalde irakasle, zientzialari, idazle eta euskaltzale handia, baina bere bizitzaren zatirik handiena Donostian egin zuela esan daiteke.

Kultura zabalekoa gizona izan zen. Lehen ikasketak Bergarako Seminarioan eta Zaragozan egin zituen. Ondoren, Madrilgo Unibertsitatean filosofia ikasi zuen, doktoradutza lortu arte. Ostera Zaragozara joan zen teologia ikastera, eta zientziak sakontzera Madrilera berriz.

Urte luzetan Bergarako institutuan etikako katredadun izan zen; psikologia, logika eta filosofia irakasle, berriz, Gipuzkoako Institutuan, Santiagoko Unibertsitatean eta Zaragozako Institutuan. Irakasgai horiez liburu anitz argitaratu zuen.

Zientziaren alorrean ere nabarmendu zen Luis Maria Eleizalde: kurba leunen teoria infinitesimala aztertzen ari zelarik, kurba trigronometrikoak aurkitu zituen (triangelu zuzenen deribazioak).

Eleizaldek lan handia egin zuen baita ere euskal literatura eta hizkuntza zabaltzen. Manterolaren laguntzaile nekagaitza, Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarreko hirugarren lehendakaria izan zen.

Zaragozan irakasle zegoelarik hil zen bat-batean 1897an.


Imaz Etxeberria, Fermin

Fermin Imaz Etxeberria

Donostian jao zen Fermin Imaz, 1879ko urtarrilaren 27an, arratsaldeko bostetan, San Martin kaleko 38. zenbakian, beheko bizitzan. Donostiarra, kaletarra eta bertsolaria izan zen, beraz. Gurasoak Jose Frantzisko alegiarra eta Maria Felipa tolosarra izan zituen. Aiton-amonak, berriz, Ataun, Alegia, Amezketa eta Altzakoak izan zituen. Senide bakarra izan zuen, Bizenta arreba, bera baino zaharragoa. Santa Mariako eliza nagusia bataiatu zuten urtarrilaren 28an; Juan Fermin jarri zioten izena.

Gizaseme sendo eta itxura ederrekoa omen zen; bibote edo bizarra usatzen zuen. Zoritxarrez, guk dakigula behintzat ez da haren argazki edo erretraturik gorde; ahalegindu gara gogotik bilatzen, baina inon ageri ez. Lerro hauek irakurtzen dituztenen artean inor balego Imazen argazkiren baten aztarna emateko gauza, benetan eskertuko genioke.

Juana Otegirekin ezkondu zen, baina ez zuten ondorengorik izan; emakume musugorri polita omen zen hura.  Fermin Imaz itsasoan ibiltzen zen arrantzan, eta bolada ez zenean berriz ikatza deskargatzen Donostiako kaian. Lasartera eta inguruko herrietara arrai saltzera ere joaten zen emaztearekin batera, zaldi koskor bati karroa lotuta; tutua jotzen omen zuen, jendeak etorria zela jakin zezan. Arrai guztia saldu ondoren, sagardotegira zuzenean, bertso-paperak saldu, sagardoa edan eta bertsotara; bitartean, emazte gaisoa han egongo zen karro gainean ilundu arte zai, gizona noiz aterako.

Fermin Imazek bertsoak jartzeko zeukan iaiotasun berezia; bertsoak jarri, paperean inprentaratu eta kalean saldu egiten omen zituen maiz. Kantatzeko ere eztarri aparta omen zeukan: boza ederra, esaera garbia, kantu lasaia. Sagardotegian zertxobait pizten zenean kantatzen omen zituen berebiziko bertsoak; eserita, ukalondoak mahaian jarri, burua bi eskuen artean hartuta aritzen omen zen isildu gabe, bertsoa bota eta bota.

Herriko jaietara Txirritarekin batera deitzen zuten; Gaztelurekin eta Frantzes Txikiyarekin ere bai. Txirritaren lagun handia izan zen Fermin Imaz, baina behin sekulako sesio gordina izan zuten elkarrekin.

Garai hartan Santo Tomas egunerako urtero-urtero bertsolariak izaten ziren, besteak beste, Antzoki Zaharrean. Txirritaren kontu egoten zen bertsolariei deitzea, eta gehienetan Fermini deitzen zion beste batzuekin batera. Behin, ordea, berandu iritsi zela eta ez zion deitu. Imazek, ordea, traje berria egina zuen ordurako bertso saio hartako jornalarekin ordaintzeko asmotan, eta ezin pagaturik gelditu zen. Easo kaleko Bar Manuelen parean harrika bota omen zuen txaketa, haserre-haserre eginda. Bertsoak jarri zizkion orduan Txirritari, eta jai goiz batean Errenterian saldu. Azkar asko erantzun ere bai Txirritak. Epelak esan zizkioten elkarri!

Hil zenean, Fermin Imazek bere etxea Amara Zaharrean zeukan, Osasun kaleko bigarren atariko hirugarren bizitzan. Neumoniak jota hil zen ospitalean 1929ko urtarrilaren 8an, artean 50 urte osatu gabe zituelarik..

Txirritarekiko haserrea

 Horra bertso-paperetan elkarri esandakoen bi ale:

Fermin Imazek: Txirritak:
   
Uste nuan Txirritak

niñula maitia,

ezagutzen det orren

borondatia;

ezta basta izaten

itzak ematia,

ori portatu balitz

banuan partia,

ni penaz betia,

ez naiz kulpantia,

ara ez juatia,

neretzat kaltia,

orrela galdutzen da

lagun-artia.

Txarraguak esango

nizkioke baña

kupitu egiten naz

ni alajaña,

uste al du dagola

kantari bikaña,

egingo lukiela

esanaz nik aña,

badaduka griña,

intentziyo piña,

zuk daukazun miña:

sufritu eziña,

deituko ziñuzteke

kapaz baziña.

 


Usandizaga Soraluze, Jose Maria

Jose Maria Usandizaga Soraluze

Donostiar musikari handienetakoa izan zen Jose Maria Usandizaga. Garibai kaleko 6.enean jaio zen 1887ko martxoaren 31n; donostiarra zen, beraz, goitik behera, baita haren gurasoak ere.

Bederatzi urte zituela hasi zen musika ikasten. Irakasle German Zendoia eta Beltran Pagola izan zituen.

Azkar konturatu ziren bere irakasleak dohain bereziak zituela musikarako, eta hamalau urte besterik ez zituela, Parisa bidali zuten bertako kontserbatorioan ikastera. Han oso lagun izan zuen Jesus Guridi gasteiztarra.

Osasun kaskarra izan zuen bere bizitza osoan; ez zen harritzekoa, bada, hain gazte hil izana.

1906an Donostiako lore-jokoetan saria eman zioten Irurac bat izeneko bere konposizioari.

Lau urte geroago, 1910eko maiatzaren 21ean Bilbon eman zen lehen aldiz Mendi-Mendiyan, bere operarik ezagunena, Pepe Artolaren hitzez lagundurik.

1913ko abuztuaren 31n soldadu ingeles eta portugesek Donostia sutu zuteneko mendeurrena betetzen zela eta, Usandizagak himnoa konposatu zuen; Donostiako Orfeoiak kantatu omen zuen egun hartan, ikaragarrizko txalo artean. Urte berean estrenatu zuen, baita ere, Las golondrinas izeneko opera.

Osasun arazoak zirela, eta bere lana lasaitasun handiagoz egiteko, Nafarroako Igantzin etxe eder bat zeukan Usandizagak. Bere azken lana, La llama izenekoa, ozta-ozta bukatzea izan zuen 1915eko urriaren 5an hil aurretik, hogeita zortzi urte besterik ez zituela.


Soka muturra

Gertakari batek bereizten ditu Irutxulo zaharra eta Donostia berria: 1902ko urtarrilaren 14an udalak soka-muturra debekatu zuen. Idi korritze edo soka-muturrak, ordea, bere lekua ondo merezia du, hainbesterainoko indarra izan baitzuen Irutxulo zahar hartan…

Noiz eta nola sortu ote zen idi korritzeko ohitura ez dago garbi; aspaldidanik sortua dela, ordea, bai. 1812an soldadu ingeles eta portugesek Donostian piztutako suak guztiz itzali gabe zirela, harri erori eta etxe hondakinen artean idia korritu omen zen hurrengo urtean. Ez zuten saltzeko garai hartako donostiarrek!

Soka-muturrari lotutako lehen idia San Sebastian egunean goizean goiz korritzen zen Lasala plazan, eta Inaute astearte arratsean azkena Konstituzio plazan. Bi egun horien bitartean igandero-igandero korritzen zen soka-muturra: goizean idi bana, eguerdian bina, eta hiruna arratsaldean. Toriloa Iñigo kalean izaten zen, lehengo arrandegi zaharraren parean. Handik plazaraino eramango zuten sokatik tiraka, zeharka beste kaleren batetik sartzen ez bazen behintzat. Jakina, gazte jendeak besterik ez omen zuen nahi izaten: behar ez zeneko kale horietakoren batera ihes egitea idiak; karrera egitea esaten zioten horri.

Idi korritzea ez zen nolanahi hasten; herri festa handi guztiek bezala, bazituen bere erritoak. Lehena, Juanitoren ibilaldia. Juanito hori alkatetzako etxezaina zen. Galoiez ondo horniturik, festaren jabea bera balitz bezala, hantxe aterako zen zeremonia guztiekin, agintarien baimena eskutan zuelarik, udaletxetik toriloraino. Kontzejuko arkupetik atera orduko, Basurkoren atabalak kolpe bakarra joko zuen, Iriyarena piezaren hasiera alegia. Plaza jendez gainezka zegoela, izugarria izaten omen zen musika horrek pizten zuen eromena.

Bitartean, zain egon beharra eta, ez zen harritzekoa horrelako zerbait gertatzea: jendea kaletik balkoi batera begira, gero eta jende gehiago. Balkoian garrasi-negarra nagusi. Behetik, jendea ere oihu eta keinuka. Halako batean, gizon bat ageri balkoian makila batekin; burdin tartean makilarekin jardun ondoren, bukatu dira negarrak; behetik, jendea txaloka. Zer gertatu ote da? Betikoa: umeak burua balkoiko burdin tartetik sartu, eta gero ezin atera…

Emen dek! Hauxe da Irutxulo zahar hartako azken garrasia. Idiaren aurretik zetorren samalda, plazan trumilka sartzen zenean besterik ez zen entzuten. Emen dek! eta hantxe azalduko zen «lehen harakina»; eta atzetik, sokari tiraka, era guztietako gazteak. Orduko donostiarrak bi gauzatan berdintzen omen ziren denak: Polloera egin beharreko azken txangoan, eta… soka-muturraren aurrean! Emen dek! eta hantxe ikusiko ziren zilipurdika bandako musikoak, soldaduak, baita apaizak ere. Emen dek! danbolinteruak bigarren Iriyarenari ekiten zion arte, idia ostera torilora eramatekoa. Lan zailagoa izaten zen hura, eta Toloxa «azken harakinak» bere iaiotasuna erakutsi behar izaten zuen.

Donostiarren idi festak ospe handia izan behar zuen, baita Donostiatik kanpora ere. Ondoren azalduko dugun gertakariak, behintzat, hala erakusten digu.

Behin batean, Julian Gayarre tenore erronkariarra Londoneko Covent-Garden antzokian Freitschuts opera kantatzen ari zen; 1880 inguruan izan behar zuen. Isil-ehiztariak deabruari eskainitako balak funditzen dituen pasartean, kantuaren beroan donostiarren oihuaz gogoratu zen, eta bat-batean Emen dek! atera zitzaion Gayarreri. Entzuleen artean Martin Peña donostiarra fortunatu, baita butakatik erantzun ere, ahal zuen indarrik handienaz: «Soka-muturra! Eup!».

Festa kentzeko udalak hartutako erabakiak sekulako istiluak ekarri zituen. Esan bezala, 1902ko urtarrilaren 14an izan zen hori. Kale-argi, egunkari eta eraikin publiko bakarra ez zen gelditu harrikada galantik jaso gabe. Gipuzkoako Plazan indar armatuaren hiru deskarga izan ziren; Gasteizko eta Nafarroako goardia zibilen eta Gipuzkoako mikeleteen kontzentrazioa izan zen. Valentziako erregimentua kalera atera zen, angarila eta guzti, eta Siziliakoa akoartelatuta gelditu zen gauzak baretu bitartean.

Hamasei zinegotzi izan ziren festaren kontra: Sebastian Matxinbarrena alkatea, Atxa, Bidaguren, Bizkarrondo, Resines, Navarro, Zaldua, Albisu, Elosegi, Ducloux, Goiburu, Comin, Arrese, Ibarra, Lertxundi eta Nerekan; bederatzi bakarrik festaren alde: Colmenares, Laffitte, Inziarte, Iraola, Gaminde, Gabilondo, Mendiluze, Arrillaga eta Arzelus.

Ez zen, zorionez, bestelako gaitzik izan. Colmenares, Eraso, Zalakain eta herriaren haserrea burutu zuten gizaseme bulartsuek zortzi egun egin zuten kartzelan. Pikabea izeneko batek etorri behar izan zuen Bilbotik eta 26.000 pezetako bahitura jarri haiek kalera ateratzeko. Garai hartan dirutza hori ez zen, alajaina, hutsaren hurrengoa izango!

Horrelaxe bukatu zen desagertzear zegoen Donostia zahar hartako azken aztarna. Harresiak lurrarekin berdindu zituztenean ez baina, Irutxulo zaharra soka-muturrarekin batera joan zela esan daiteke.


Zubiria, Ximon

Xiimon Zubiria

Usurbildarra zen jaiotzez, baina Igeldora etorria igeltsero, eta handik gero Donostiara. Lehorrekoa izanagatik, marinel aparta. Periko Bixar bezala, garai bateko bateltzain zahar horietako bat genuen Ximon Zubiria. Gizaseme sendo eta iharra, azal beltzaran eta hatzapar handikoa. Jenioz ere ez zen oso motela izango: Egosgogorra esaten zioten goitizenez.

Neguan askotan ez zuten lan handirik izaten bateltzainek. Halakoetan, ez zen zaila txakur handi baten truke batela alokatu eta, bazter joka ibili ondoren, ordubetera branka dena hondatuta itzultzea kaira. Gainerako bateltzainei (Aitona Paki edo Yeba) bai, baina Ximon Zubiriari halakorik? Toleta puskatu edo, okerrago, lehorrera salto egin eta belearena eginda ordaindu gabe itzuri egitea? Kontu Ximonen mendekua gero!

Lau batel zeuzkan: Jai-Alai, Beti-Jai, Fiesta Alegre eta Fregoli. Denak arraunekoak, noski.

Jenio txarrak ez zion, hala ere, aurreratasunari ezer kentzen: Ximon izan zen jende garraioan lehen baporea ekarri zuena Donostiara. Jakina, San Simon jarri zion hari izena. Hobe santuaren babesa bilatzea, Ximonek ez bestek ez baitzion desastre hari probetxurik aterako. Motorraren eztul, doministiku eta marrantak Ondarretatik ere entzuten omen ziren. Maiz, eskuarekin lagundu behar izaten omen zioten; ezkutuko lekuan behar bezalako biradera jarria zioten, noski.

Bi semerekin ibiltzen zen Ximon baporean: Gabriel lemazain eta Tomas laguntzaile. Motorra eztulka hasi orduko, eta baporea motelegi zihoala ohartzen baziren, Gabrielek: «Ez goaz aguro, bestela señorak igual mariatu egingo dira ta!»; eta aitari isilka: «Ez al diyozute erain biar?».

Halakoxeak izaten ziren haien ibilerak. Geroztik, beste bi bapore ere izan zituen Ximon Zubiriak: Danak Bat eta Torpedero izenekoak.


Luzuriaga Norberto

Norberto Luzuriaga “Luxu”

Gure musikarien artean agian ezezagunenetakoa izango da gaur Norberto Luzuriaga. Joan den mendearen amaieran, ordea, ospe ikaragarria zeukan Donostian. Denak Luxu esaten zioten, abizena labur-samurtuta. Musikari bezala nabarmendu zen, baina lanbidea oso bestelakoa izan zuen: Donostiako herri eskoletan gimnasiako irakasle. Argazki gehienetan halako gizon sendo eta bulartsua zela ikusten da.

Bere lehen lanaren berri 1891n daukagu; Victoriano Iraolak idatzitako Leokadia izeneko zartzuelatxoari musika jarri zion. Pieza laburra da, egintza bakarrekoa.

Norberto Luzuriagaren izena oso loturik dago Donostiako Orfeoiarekin. Izan ere, Luxu sorrerako bultzagileetako bat eta lehen zuzendari izan zen. Gauzak honela gertatu ziren, gutxi gora-behera.

1896ko ekaina zen. Joaquin Muñoz-Baroja (Barojatarren inprimategikoa) eta beste batzuk hasiak ziren halako abesbatza osatzen Donostian. Orduan, Antonio Arzac Euskal-Erria aldizkariko zuzendariari otu zitzaion abestalde hori Arrasateko euskal jaietara joan zitekeela kantatzera. Izan ere, 1896an lore-joko handiak izan ziren Arrasaten. Barojarekin hitz egin, eta berehala egin zituzten prestakizunak. Hogei laguneko taldea bidaltzea erabaki zuten, Luxu buru zutelarik. Trena Zumarragaraino hartu, eta handik zaldi kotxea hartu beharra zegoen Arrasateraino; orduko txangoak! Abiatu dira behintzat, eta bidean Urretxun gelditu; han, Iparragirreren irudiaren gerizpean, Gernikako arbola kantatu zuten lehen aldikoz. Herriak eskuak odoltzeraino txalotu omen zituen. Hurrengo etapa, Bergarako plazan; Ume eder bat kantatu omen zuten, eta berriro ere arrakasta izugarria. Arrasaten, zer esanik ez!

Txango hartan jasotako txalo zaparradak ernarazi zuen abestalde berri eta behin-betikotua. Horrela, 1897ko urtarrilaren 20an, San Sebastian egunez noski, sortu zen Donostiako Orfeoia, lehendakari Joaquin Muñoz-Baroja eta zuzendari Norberto Luzuriaga zituelarik. Ez zuen denbora asko iraun eginkizun horretan: 1898an zuzendaritza Miguel Oñateri utzi zion; inon ez da aldaketa horren arrazoi garbirik azaltzen. Dena dela, Luxuk Orfeoian jarraitu zuen Secundino Esnaola maisua zuzendari izan zen garaietan.

Donostian hil zen Luxu 1907ko martxoaren 18an.


Raimundo Sarriegi

Sarriegi

Donostiako herri musikarien artean ezagunena izango da ziur asko Raimundo Sarriegi jauna. Puyuelo kalean jaioa (gaurko Fermin Calbetonen, alegia), musikazale porrokatua izan zen ume-umetatik. Behin eta berriz ari gara Puyuelo kale hori aipatzen. Donostiar zaharrek hiru zatitan banatua zuten: Lonjako etxetik Eskotila kalerainoko (San Jeronimo) zatiari Puyu esaten zioten; Eskotilatik Esneteira (Narrika) bitartekoari, Apaiz kalia; bertan jaio zen Sarriegi; eta Esneteitik Bretxarainoko zatiari, berriz, Diosala kalia. Jenderik gehiena azken zati horretan ibiltzen omen zen, eta elkar agurtzen aritzen omen ziren beti; horregatik izena.

Mutikoskorra zela hasi zen kantari Sarriegi, tiple Santa Marian lehendabizi, tenor San Bizenten geroago. Kantari ez zenean, hor ikusiko zuten donostiarrek bere gitarrarekin atzera-aurrera. Joxemaritarrik izan bada munduan, huraxe Sarriegik osatutako txaranga izan zen benetan joxemaritarra, hasieran Citara eta gero Los Gambaros izenekoa. Hemeretzigarren mendea amaitzen ikusi zuen Irutxulo zahar hartan, festarik ez zuen faltako Sarriegiren txarangak.

Lanbidez merkataritza bitartekari izan zen Sarriegi. Baita ere, Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarrak Donostian urtero-urtero antolatzen zituen euskal jaietako abesbatzen arduradun izan zen.

Obra asko eta asko idatzi zituen Raimundo Sarriegik. Horien guztien artean, ezagunenak noski Donostiako martxa (Serafin Barojaren hitzak, 1862), eta San Sebastian eguneko danborradako gainerako pieza guztiak: Iriyarena (1882), Retreta (1882-84), Polka (1885), Tatiago (1882) eta Diana (1882). Baita ere, Donostiako Inauteria izenburuaz bildutako pieza multzoa. Zartzuela eta antzerki lan batzuei ere musika jarri zien Sarriegik; besteak beste, Victoriano Iraolak idatzitako Petra chardiñ saltzallia, Pasayan eta Carmen gaztain saltzallia.

Sarriegiren heriotzaren kronika zehatz-mehatz gorde da. 1913ko apirilaren 23a zen, asteazkena. Ilunabarrean, Santa Marian errosarioa entzunda, afari bitartean Antonio Telleriak Narrika kalean zuen botikara sartu zen Sarriegi, ohi bezala; botika hori lehenago Jose Irastorzak izandako berbera zen. Telleriarekin berriketan ari zela, gaizkitu eta kordea galdurik gelditu zen bat-batean Sarriegi. Mendiola udal praktikantea parean pasa eta sarrarazi zuten, ea ezer egiterik ote zeukan. Larri ikusi zuen, eta Larburu medikuari deitzea erabaki zuen berehala. Castillo sendagilea ere bertatik pasatzerakoan sartu zen botikara, baina denen artean ezin izan zuten deus egin. Jendetza trumilka bildu zen botika atarira, berri txarra jakin orduko. Botikan bertan hilotz gelditu zen Sarriegi, epaileak gorpua bertatik eramatea agindu zuen arte.

Testamentuan, besteak beste, 2.500 pezeta utzi zituen Sarriegik Erregina Victoria Asiloko haurren bandarako musika tresna berriak erosteko.

Sarriegiren omenez, 1914ko San Sebastian egunean ez zen danbor hotsik izan Donostian. Gaur, Sarriegiren irudia betiko ikus dezakegu bere izena daraman plaza berrituan, Bretxa ondoan.


Kaximiro

Kaximiro, Donostiar arraltzalea

Joan den mendearen amaieran izan behar zuen. Moilako familien artean, bazen bat mundu honetara umerik ekarri ezin zuena. Jakina, haurrik gabeko etxea, garai hartan behintzat, gauza tristea zen… Emazteak ez zuen egunik pasako kale bazterretan jolasean ari ziren umeei begira geratu eta, bere kolkorako, intziririk egin gabe.

Egun batean, gehiago ezin, eta tornura botatako umea hartu nahi zuela erabaki zuen Axpeitik, hala esaten zioten eta andreari: —Tira ba, ekarri zazu, konformatu zitzaion senarra. Baita agudo ekarri ere; ilunabar hartan, etxera bezain laster aurkitu zuen senarrak umetxo bizkor, begi beltz, ile kizkurra ama berriaren magalean: —Nola du izena? galdetu zion gizonak; —Kaximiro. Hala deitu zioten handik aurrera etxeko erregeari.

Ari zen pixkanaka umea koskortzen, eta egun batean ama begira-begira gelditu zitzaion. Zer edo zer bazuen Kaximirok; aurpegian kolore onik ez zeukan behintzat. Hala ere, goserik ez zuen falta eta alai zebilen haurra… Hurrengoan, garbitzen ari zela, kolore iluntxoa nabaritu zion, ez aurpegian bakarrik, baizik gorputz osoan. Senarrak ere izan zuen parterik: —Miñ oriya ote du? kezkaz beterik. Bitartean, Kaximirok bere osasunaren seinale garbiak ematen zituen egunero: jaten eta negarrez ez zion auzoan beste inork irabaziko. Kolore txarra, hala ere, aurrera zihoan.

Haurra handitzen ari zen bezala, ama argiago ikusten hasi zen; aitak ere susmo berbera izanda, beretzako gordetzen zuen. Halako batean, ordea, bat-batean esan zion: —Morua ekarri zendun, ezta? Horra sekretua jakin! —Batayatua dago beintzat, eta…

Halaxe zen. Judutar emakume baten seme zen nonbait. Arrantzale gizaseme sendo eta hatzapar handikoen artean, urtetan Kaximiroren aurpegi beltzarana eta ile kizkurra nabarmenduko ziren. Ez zuen, hala ere, inork arrotz jotzen moilan. Moriko esaten zioten denek. Izan ere, arrantzale bakar bat bera ere ez zuten izen zuzenez ezagutuko: Guajiras, Mau-Mau, Aitona Paki, Ontza, Dientes, Ttario Malakara, Brakaman, Pañiku, Arroka, Karakax, Ogi eta halakoak ziren orduko tostartekuak eta bateltzainak.

Kirikoren traineruan izan zuen Kaximirok bere tostartea. Gero, baporeak sartzen hasi zirenean, Donibane Lohizunera bidali zuten ikastera. Urte luzetan «Juanita Esperanza» Kirikoren baporean makinista izan zen. Denbora puska baterako itsasoa utzi eta gas fabrikan aritu omen zen lanean. Ostera itsasoraturik Asisclo Ortiz izeneko patroiaren agindutara, 1918ko apirilaren 16an hil zen itsasoan bere lagun guztiekin; galdara lehertu ala mina bat jo ote zuten ez da jakiterik izan.


Muñoz Agote, Canuto Ignacio

Canuto Ignacio, Muñoz Agote

Jaiotzez azpeitiarra zen Canuto Muñoz, baina bihotzez donostiarra goitik behera. Harrigarria bada ere, Manuel Maria Muñoz aita Liman (Peru) sortua zuen; Urola aldeko jaioterria utzi, nonbait, eta Hego Amerikara joandako gurasoen seme izan behar zuen. Manuela Agote amaren partetik, berriz, getariarra zuen familia. Berak lotura hori gorde egin zuen, eta zerikusirik izan zuen Elkanok Getarian duen oroitarriarekin.

Oso gizon ikasia eta euskaltzale sutsua izan zen. Urte luzetan, Udal Institutuko zuzendari izan zen, eta Hezkuntza Batzorde probintzialeko kide. Bere bizitzaren azken urteetan, berriz, Santo Tomas Akinoko ikastetxeko irakasle izan zen.

Josefa Barojarekin ezkondu zen, eta hark 1879an inprimategiaren kargu hartu zuenean, Canutoren laguntza eskerga izan zuen lan horretan. Inprenta gotik behera berritu, eta inoiz halako biderik utzi ez bazuen ere, handik aurrera sekula baino joera euskaltzaleagoa hartuko du Barojatarren etxeak.

Jose Manterolaren lagun mina izan zen. Urte pare bat lehenago, 1877ko Santo Tomas egunean Manterola eta Canuto Muñoz hasi ziren lehenengo aldiz euskal festa antolatzen Donostian. Barojatarren inprimategiak, atzealdean, Ikatz kalera ematen zuen. Hantxe antolatu zuten, balkoi batetik bestera, lehen bertsolari saioa; berehala, ohitura sortu eta handik jaioko ziren Donostiako euskal festak eta lore-jokoak.

Manterolak Euskal-Erria aldizkaria 1880an sortu zuenean Muñozen laguntza handia izan zuen.

Etengabeko ekintzetan aritu izan zen beti Canuto Muñoz euskara eta euskal kulturaren alde. Donostian hil zen, 1885eko maiatzaren 11n, gaitz luze baten ondoren, berrogeita bederatzi urte zituelarik.


Baroja Etxeberria, Josefa Marcelina

Josefa Marcelina Baroja Etxeberria

Ignacio Ramon Baroja hil zenean, 1874ko ekainaren 9an, haren seme Antonio Barojak hartu zuen inprimategiaren kargu. Ez luzarorako, ordea: 1879an hil egin zen bat-batean. Euskal-Erria aldizkaria 1880an argitaratzen hasi zenean, hala ere, Antonio Baroja agertzen zen oraindik aldizkariaren jabe.

Oinordekorik utzi ez zuenez, haren arreba Josefa Barojak hartu behar izan zuen inprimategiko zuzendaritza bere esku. Senarra Canuto Ignacio Muñoz zuen; euskaltzale eta abertzale (orduko eran bada ere) porrokatua. Baroja etxeak betidanik euskarari eta euskal kulturari laguntasun handia egin bazion, Canuto Ignacio Muñoz-en lanak areagotu egin zuen inprimategiaren joera euskaltzalea. Garai hartan, baita ere Jose Manterolaren laguntza izan zuten Barojatarrek beren eginbeharretan.

Behin Santo Tomas egunez bertso saioa antolatzea otu zitzaien: Ikatz kalean (gaurko Juan de Bilbao), alderik alde bi balkoitatik kantatu zioten elkarri bertsolariek. Esaten denez, hori izan zen urtero Antzoki Zaharrean egiten zen euskal festaren jatorria.

Canuto Ignacio Muñoz 1885ean hil bitartean inprimategiak «Hijos de Ignacio Ramon Baroja» izena hartu zuen, eta handik aurrera berriz «J. Baroja e Hijos».

Josefa Barojak nortasun berezia erakutsi zuen inprimategia aurrera eramateko. Lantegia zabaldu eta makinak goitik behera aldatuta, orduan zenik eta moldiztegirik modernoena bihurtu zen Barojatarrena. Inprimategia sortu zenetik mendeurrena ospatzeko pozaren pozez prestatzen ari zirela, 1912an, hil zen Josefa Baroja.

Joaquin Maria Florentino Muñoz-Baroja, Josefaren seme zaharrena, egin zen orduan etxearen kargu. Inprimategiak betidanik izandako izena gal ez zedin, «Muñoz-Baroja» bi abizenak lotzea erabaki zuten. Halako historia luzea izan ondoren, inprimategia 1990ean itxi zen betiko. Hala ere, Muñoz-Barojatarrak badira oraindik Donostian; arbasoen inguruko xehetasun gehienak eta argazkiak haiei zor dizkiegu.


Baroja Arrieta, Ignacio Ramon

Ignacio Ramon Baroja Arrieta

Konstituzio plazako arkupeko bazter batean egondako Barojatarren etxea izango da, ziur asko, Euskal Herrian izan den inprimategi eta argitaletxe zaharrenetakoa.

Ignacio Ramon Baroja (edo hobeki esanda Ignacio Ramon Martinez de Baroja) izan zen etxea sortu zuena. Errioxatik etorritako familia baten barruan jaio zen Oiartzunen 1797ko uztailaren 31n. Aita Rafael bertara etorria zen 1770ean; Juan Arrieta botikarioaren alabarekin ezkondu 1796an, eta inprimategiko tresnak erosi eta biltzen hasi zen. Berehala ohartu zen Ignacio Ramonek trebetasun berezia zuena tipografia gauzetan. Horrela, 1812an Donostiara etorri zen Ignacio Ramon inprenta jartzeko asmotan, 15 urteko mutikoskorra besterik ez zelarik. Ez zuen, zoritxarrez, luzaz irauterik izan: 1813ko abuztuaren 31an gudaroste ingeles eta portugaldarrak Donostiara sartu eta, jakina denez, sekulako triskantzak egin zituzten. Jende asko hil, emakume gehienak bortxatu, ahal zuten guztia lapurtu eta etxe gehienak erre, horra nola gelditu zen Donostia egun negargarri hartako ilunabarrerako…

Ahal bezala itzuri joan zen Ignacio Ramon Baroja ostera Oiartzuna. Donostian sortu ezin izandako inprimategia, txikiago baina, bertako «botika zaharrean» jarri eta hantxe hasi zen lanean. Han argitaratu zituen 1814an, beste askoren artean, Ordenanzas del Consulado de San Sebastián izeneko liburua eta La papeleta de Oyarzun. Azken hori izan zen Gipuzkoako aldizkaririk zaharrenetakoa.

Donostiarrak berehala hasiak ziren erretako etxeak berriro jasotzen, eta aukera izan orduko itzuli zen Ignacio Ramon Irutxulora. Hasieran San Telmo kalean (gaurko abuztuaren 31n), bosgarren atarian jarri zuen bere moldiztegia. Plaza Berriko (gaurko Konstituzio plazako) etxeak jasotzen noiz bukatuko zain egon zen bertara aldatzeko, hainbeste urtetan ezagutu izan dugun leku berberera alegia. Ignacio Ramonen anaiak, Pio izenekoak liburudenda zeukan baita ere Plaza Berrian, haren aurrez aurre. Pio horren seme izan ziren Serafin eta Ricardo.

Ignacio Ramon Donostiako Udaleko zinegotzi izan zen 1854-1857 bitartean. Garai hartan, behin Frantziako enperadore Napoleon III. Donostiara etorri omen zen Miarritzetik bat-batean, aurrez batere abisu eman gabe. Non azaldu den udaletxean, eta han Francisco Salcedo atezaina bakarrik! Korrika eta presaka joan omen zen aldamenera, Ignacio Ramonen bila. Lasai-lasai, lanerako erabiltzen zuen mantala batere erantzi gabe joan zitzaion Barojatarra harrera egitera enperadoreari! Agintariak bertaratu zirenerako, ba omen zihoan Napoleon III. moilan barrena Baroja jaunarekin batera berriketan.

Dolores Etxeberria donostiarrarekin ezkondu, hiru seme-alaba izan, eta hirurogeita bi urtez egon zen Ignacio Ramon Baroja bere moldiztegiaren buru. Liburu, aldizkari eta papera franko argitaratu zuen bitarte horretan! Beste askoren artean, bertan ikusi zuen argia lehenengo aldiz gazteleraz Thiers-en Historia de la Revolución francesa. Udaletxerako ere lan handiak egin zituen, eta Evaristo Etxague alkate zelarik 1818ko otsailaren 21ean Hiriko inprimatzaile izendatzea erabaki zuen.

Ignacio Ramon Baroja 1874ko ekainaren 9an hil zen Donostian, hirurogeita hamazazpi urte zituela.


Martzial Zikin

Martzial “Zikin”

Goitizenik ez zen, behar bada, inoiz hobeki asmatuko munduan. Berez utzia zen Martzial, zikina argi esateko. Mende hasierako Donostia zaharrean ez zegoen Martzial ezagutuko ez zuenik. Uraren etsai porrokatua, ezpainak bakarrik izaten omen zituen garbi: maiz edandako sagardoak garbitzen zizkion bera konturatu gabe!

Bertsolari txukun eta sakontasun handikoa izan behar zuen, baina lotsati samarra jendaurrean kantatzeko; ahal zuen guztietan, behintzat, ez zuen kantatzerik nahi izaten.

Bizi, azken solairuko ganbaratxo batean bizi izan zen errentan. Ordaintzea, berriz, maiz samar «ahaztutzen» zitzaionez, behin nagusiak kalera botako zuela egin zion mehatxu: –Igo nazu errenta nai dezun guztiya, esan zion Martzialek, bañan Jainkoaren izenian, enazazu kalean utzi!

Sagardotegietan ematen zuen bere denborarik gehiena. Behin, gazte koadrila batek legatz kazuelakada bat eman omen zion afari-meriendarako Martziali. Pozaren pozez, jaten hasteko pronto zegoela, non azaltzen zaion lagun barrendero bat; hari ere, jakina, eskaini egin behar derrigor! Jarri dira behintzat biak jaten, eta halako batean hasi da bere lagun hori eztulka:

—Zer dezu? zirikatu zion Martzialek.

Kontrako eztarrira juan zaitala legatza.

Bai, arrazoi dezu –erantzun zion parrez– nerera juan biar zuena, zurera juan da.

Garai hartan etxeetako komunak ez ziren gaur bezalakoak. Behin, zilarrezko koilaratxoa putzu beltzera erori zela eta, Martziali deitu zioten. Hura harrapatu nahian, putzu salda hartan leporaino erori zen gizarajoa! Soka batekin atera behar izan zuten bertatik, ito baino lehen. Zer kirats aterako zuen handik ezin daiteke esan ere egin; aldamenetik pasatzen zen jendeak eskua sudurrera eramaten zuen, gure Martzial nazkatu zen arte:

—Zubek kejatzen zerate; gure emen gabiltza bada!

Ikatz kaleko Correopia sagardotegia izan zuen bizileku bere azken urteetan. Hantxe egiten omen zuen lo, aulki batean etzanda, bertako katu-arratoien laguntza ederrean. Bizimodu onik izan ez bazuen ere, urtetan oso aurreratuta hil zen, Okendoren estatuako txokolatera ospetsuari begira zegoela bat-batean harrapatutako plumoniak jota.

 


Artola Elizetxea, Rosario

Rosario Artola Elizetxea

Aurreko bi Artolatar idazleen hirukotea osatzen du Rosariok: Ramonen alaba eta Peperen arreba zen.

Donostian jaio zen 1869ko maiatzaren 7an, arratsaldeko 8etan. Gurasoak zituen: Ramon Artola Larrañaga (Tolosa 1831-08-31; Donostia 1906-08-20) eta Manuela Elizetxea Altzelai (Lezo 1827-10-23; Donostia ?). Donostian ezkonduak ziren 1858ko azaroaren 23an. Anai-arrebak izan ziren: Juan Ramon Antonio (1860-07-12), Frantzisko Gregorio (1862-04-24),  Pepe (1864-01-04), Manuel (1866-05-25; 8 urte zituela hil zen) eta bera.

Koruko Amaren parrokian bataiatu zuten 1869ko maiatzaren 9an. Bataio agirian Rosario Teodora jarri zioten izena. Ez zen inoiz ezkondu.

Koldo Artolak esan zigunez, Rosariok urte luzetan Idiakez kaleko jostun lantegi batean lan egin zuen. Han ezagutu zuen Anttoni Kortajarena Otegi, Koldo Artolaren ama hain zuzen, neska gaztea zelarik lantegi hartan hasi baitzen. Begi onez ikusi omen zuen hasieeratik, behin bertso hauek idatzi baitzizkion, 1920. urtean:

 

Gure lantegian bada gazte bat

Anttoni zaiola deitzen

Ain liraña ta guztiz ederra

Danok degula maitatzen.

 

Lanik onenak arentzat dira

Ala daki lan egiten

Ori artzen dun gizasemeak

Guztiz baida ugaritzen.

 

Artean, Rosariok ez zekien, noski, neska gazte hura bere ilobarekin (Pepe Artolaren seme bakarrarekin, alegia) ezkonduko zela. Peperen semea Ramon Artola Gartxotenea zen.

«Nere gitartxoari» izan zen bere lehen poema, Euskal-Erria aldizkarian argitaratua 1889an. Geroztik, ia etengabe ikusi zuten argia bere poema eta bertsoek 1918. urtea bitartean. Aita Onaindiaren Mila euskal-olerki eder bilduman Rosarioren bi poema ageri dira, «Naigabea eta atsegiña» eta «Nere gitartxoari».

Ez dira, agian, oso poema landuak izango; gai errazak, eta askotan erlijio girokoak aukeratzen zituen (Ama Birjinari poema asko idatzi zizkion, maiatzeko loreen gisara).

Garai haietan, ordea, emakume idazleak ez ziren asko, oso gutxi baizik. Rosario Artolak, bere apalean, familiatik zetorkion senari eutsi zion eta idazle izaten ausartu zen.

Pepe Artolak poematxo hau eskaini zion behin bere arrebari:

Rosario’ri

Gure arrebachua

polit egokiya

nescacha jakintsua

biziro aundiya,

guztiz liraña eta

begiragarriya,

aingerua diruri

goitik etorriya.

 

Asko maite behar zuen Pepek arreba gazteagoa, bere alaba zaharrenari Rosario Isabel izena jarri baitzion.


Artola Elizetxea, Pepe

Pepe Artola Elizetxea

Mende arteko Donostiaren lekuko nagusia da Pepe Artola, aurreko orrian ageri den Ramonen semea. Donostian jaioa, 1864ko urtarrilaren 4an; aita bezala, iturgin eta margolari lanbidez; idazle, antzerkigile edo aktore zaletasunez.

Joakina Antonia Urkola Iraola zizurkildarrarekin ezkondu zen 1887ko urriaren 29an, eta bi alaba izan zituzten: Rosario Isabel eta Modesta. Lau urte geroago, ordea, emaztea hil eta ostera ezkondu zen Pepe 1893an Gertrudis Gartxotenea Larrañaga zarauztarrarekin. Ezkontza honetatik jaio ziren Ramon eta Pepita. Zorionez, Artolatarren leinua eta oroimena ez dira galdu: Rosario Isabelen biloba  —eta beraz Peperen berbiloba—  izan da, Agurtzane Bravo alegia, familiaren xehetasun guztiok esan eta argazkiak eman dizkiguna.

Bere lehen poemak hemezortzi urte zituela argitaratu zituen, eta handik aurrera etengabe eta asko idatzi zuen Euskal-Erria, Euskaltzale, Ibaizabal, Baserritarra, El Thun Thun, La Brecha, La Galerna, El Pueblo Vasco, Novedades eta Buenos Aireseko La Baskonia aldizkarietan. Sari asko irabazi zituen lore-jokoetan. Antzerkia ere erruz idatzi zuen: Praisku, Pello Kirten, Motxa Erriyan, Maria Iñaxi nerea bakarrizketak; Legorreko arrantzaliak sainetea, Bixente komeria, eta abar. 1910ean Usandizagaren Mendi-Mendiyan operari jarri zion hitza. Gainera, Euskal Fedea antzerki taldeko kiderik garrantzitsuena izan zen urtetan. Zenbat eta zenbat arratsalde gozo ez ote zuten pasa donostiarrek Antzoki Zaharrean Pepe Artolarekin farrez lehertzen!

Gizon ona, bromazale eta alaia omen zen goitik behera. Donostiako Orfeoiko kide zelarik, behin Parisa joan zen; linterneria itxi, noski, eta atean abisua jarri omen zuen. Letra txikia zen eta, gainera, goi samarrean zegoen jarrita. «—Zer berri ote dute Artolatarrek?» zioten donostiarrek hura ikusita. Hurbildu, lepoa ondo luzatu eta abisua irakurtzea lortzen zutenek barrez jarraitzen zioten bideari: «Cerrado por función».

Bere azken urtetan begia galdu zuen gaitz baten ondorioz. Inork «kaxo don Pepe» esaten bazion, horra erantzuna: «Ni naiz don Pe, geratu nintzalako begi pe». Zahartzera, umeei pazientziak (opil txiki eta gozoak) banatzen omen zizkien, «pazientzia izan zezaten».

Bere poema eta bertsoak aldizkari askotan sakabanatuak egon arren, berak ondo bilduta utzi zituen: bi karpeta handitan jaso zituen bere lan guzti-guztiak, eta bakoitzean ondo jarrita non eta noiz argitaratu zen. Lehendabizikoaren zati bat Auspoa saileko 4. alean kaleratu zen, baina beste guztia ukitu gabe dago oraindik.

Hirurogeita bost urte zituela hil zen Donostian, 1929ko apirilaren 21ean.


Artola Larrañaga, Ramon Antonio

Ramon Antonio Artola Larrañaga

Tolosarra zen Ramon Artola; bertan jaio zen 1831ko abuztuaren 31n. Ama, Maria Antonia Larrañaga Ganuza, tolosarra zuen; Antonio Artola Etxeberria aita, berriz, Astigarragakoa. Jatorriz, beraz, Artolatarrak ez ziren Donostiatik oso apartekoak.

Bera baino lehenago izen bereko Ramon anaia jaio zen, 1826ko abenduaren 8an, baina jaio orduko hil omen zen. Garai hartako ohiturari jarraituta, hurrengo semeari izen bera jarri zioten. Bost senidetan (anai-arrebak: Francisco, Manuel Maria, Maria Dolores eta Justina Magdalena) gazteena zen bera.

Gaztetan Donostiara etorri zen bizi izatera. 1858ko azaroaren 23an, hogeita zazpi urte zituelarik beraz, Manuela Elizetxea Altzelai lezotarrarekin ezkondu zen. Argazkian ageri diren Rosario eta Peperen aita zen.

Bigarren karlistaldian liberalekin ibili zen boluntario, karlistek Donostia inguraturik eduki zutenean, Bilintx, Serafin Baroja eta beste hainbat bezala.

Ogibidez iturgina zen; baita ere, etxeak margotzen, altzari zaharrak konpontzen eta halako lanetan ari izaten zen. Lantegia Puyuelo kalean zeukan, gaurko Fermin Calbetonen alegia.

Bere lehen poemak Manterolaren Cancionero Vasco obran eta Euskal-Erria aldizkarian argitaratu ziren. Auspoa saileko lehen alea Ramon Artolari eskainia da, Sagardoaren graziya ta beste bertso asko izenaz. Dena dela, liburu horretan bere lanaren zati txiki bat besterik ez zuten jaso. Izan ere, poema asko eta asko idatzi zuen. Geroztik, Sendoa argitaletxeak kaleratu zituen Artolaren lan osoak bi liburu marduletan. Bertsolarien molde zaharretan, estilo bizi eta gozoa du bere bertsoetan.

Sari asko irabazi zuen Ramon Artolak bere poemekin, besteak beste 1884an Itziarren egin ziren lore-jokoetan.

Donostian hil zen 1906ko abuztuaren 20an, hirurogeita hamabost urte bete baino hamaika egun lehenago.

Argazkia oina:

Ramon Artola, eserita, bere seme-alabekin; aldamenean, Rosario; zutik, ezkerretik eskuinera, Juan Ramon, Francisco eta Pepe


Zapirain Irastorza, Jose

Jose Zapirain Irastorza, «Chapillo»

Donostia zaharra, harresiak bota aurrekoa alegia, berta-bertatik ezagutu zuen gizona dugu Jose Zapirain. Izen-abizen berekoa izanda, ez dugu nahastu behar Errenteriako Joxe Zapirain bertsolari famatuarekin. Gure Chapillo Bretxako plazan jaio zen; bere etxeak harresiaren parean zetorren Santa Ana kalera begiratzen zuen. Harresiak 1863an bota ondoren, kale hori eta Zapirain jaiotako etxea bera ere galdu ziren betiko.

Gaztetan pilotari txukuna izan omen zen errebotean, Bretxako plazan errebotean ari izaten baitziren garai haietan. Ez zen, ordea, pilotari gisa nabarmenduko. Zapirain hizlari eta kontalari apartekoa izan omen zen; Donostia zaharreko kontu, ipuin eta kantu guztiak omen zekizkien.

Lanbidez zapatari izan zen bere bizitza guztian; Konstituzioko plazan izan zituen bere tailer-dendak. Udaletxea gaurko liburutegian zegoenean, bilerak bukatuta Zapirainen lantegia izaten omen zen zinegotzien berriketa leku.

Bilintxen lagun handia izan zen Zapirain. Elkarrekin ordu luzeak pasatzen omen zituzten txolartean, kontu zaharrak berritzen eta bertsotan. Bilintxen ibilera guztien berri zeukan Zapirainek, eta haren poema eta kantu gehienak buruz ikasiak zituen. Izan ere, bertso zaharrak buruan gordetzeko dohain paregabea omen zeukan Chapillok.

Lore-jokoak eta euskal festak Donostian antolatzen hasi orduko, Zapirain izan zen bertsolariak ekartzeko arduradun. Bertso saio mordoa antolatu eta zuzendu zuen, ez bakarrik Donostian, baizik Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin ere. Orduko bertsolari guzti-guztien adiskide eta lagun izan zen. Ikusi besterik ez dago aldameneko argazkia. Pello Errota eta Pedro Mari Otañorekin ageri da Zapirain Arrasaten 1896ko lore-jokoetan.

Zapirain hil zenean, 1914ko abuztuaren 27an, Jose Manuel Lujanbio Txirritak bertso hauek eskaini zizkion:

Aita Zapirain-i

Gure aita Zapirain

euskaldun abilla,

arrokeri gabeko

zintzo ta umilla;

zan ibiltzen etzana

erriyeta billa,

gañera gizon ona

prestu ta iŝilla,

Zeruaren erdiyan

gaur aurki dedilla.

 

Beti idukiko det

biyotzez goguan,

ta bere irudiya

albanu kolkuan;

bazekiyen zer nola

ibilli munduan,

argatik ipintzen det

aundiyen graduan,

noski Pello Mari-kin

gaur dago zeruan.

 


Lopez Alen, Francisco

Francisco Lopez Alen, «Mendiz-Mendi»

Donostian jaio zen 1866ko urtarrilaren 9an. Jose Lopez Aizpuru izan zuen aita, urtetan udal liburutegiko zuzendari izandakoa.

Euskaraz asko idatzi zuen Lopez Alenek, batzuetan «Mendiz-Mendi»  izengoitiaren atzean ezkutatuta. Lore-jokoetan eta euskal festetan zenbat sari ez ote zuen irabaziko, azkenerako «lehiaketaz kanpo» utzi zutenerako!

Beste askoren artean, 1894an Okendo almirantearen biografia idatzi zuen, eta bi urte geroago bere poemarik ezagunena, Josecho izenekoa argitaratu zuen La Voz de Guipúzcoa egunkarian.

Antonio Arzac  1904an hil zenean, Euskal-Erria aldizkariko zuzendari izendatu zuten, eta Manterolak  hasitako lanari gogotik jarraitu zion hil bitartean.

Gaztelerazko lanen artean, San Telmoko komentuaz eta Donostiako udal liburutegiaren historiaz egindako lanak nabarmendu behar dira. Baita ere, 1906an Memoria artística de San Sebastián y Descripción de las Fiestas Eúskaras argitaratu zuen.

Bere lanengatik, Real Academia de la Historia y de las Bellas Artes de San Fernandoko kide izendatu zuten.

Marrazkilari eta margolari trebea zen. Euskal-Erria aldizkarian hamaikatxo erretratu eta marrazki argitaratu zuen. Lopez Alenen pinturak ikusi nahi badituzu, zoaz Donostiako udaletxe zaharrera (gaurko liburutegira): hormak dotoretzen dituzten pinturak berak egin zituen. Denetan, XVII. mendeko irudiak ageri dira.

Donostian bertan hil zen 1910eko uztailaren 27an, berrogeita lau urte besterik ez zituela.



Top